Japonieraz jakitea exijituko du Japoniak bizileku baimen iraunkorra emateko

Erreformaren ondorioz, ezinbestekoa izango da hizkuntzaren jakite maila eta jokabide zibiko egokia egiaztatzeko modua izatea herrialdean legez bizitzeko. Zenbait legelari independentek ohartarazi dute segurtasun juridikorik gabea dela neurri hori.

Japoniako bandera bat Japoniako Bankuaren eraikinean, Tokion, ekainaren 16an. FRANCK ROBICHON / EFE
Japoniako bandera bat Japoniako Bankuaren eraikinean, Tokion, ekainaren 16an. FRANCK ROBICHON / EFE
Josep Solano
2026ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Japoniako Gobernua migrazio erreforma bat prestatzen ari da, azken urteetako sakonena eta polemikoena. Justizia Ministerioa lantzen ari den sisteman, atzerritarrek ikastaro digitalak egin beharko dituzte, nahitaez, hizkuntzari, jokabide zibikoari eta eguneroko bizimoduari buruz. Horrenbestez, bizileku baimen iraunkorra lortzeko edo baimenari eusteko, aurrerantzean ezinbestekoa izango da japoniera maila aurreratua egiaztatzea. Gobernuak adierazi du eskakizun horien bidez integrazioa bultzatzea eta bizikidetza sendotzea dela asmoa, baina egitasmoak eztabaida juridiko eta sozial bizi-bizia piztu du: ea zenbateraino den egokia hizkuntza eskakizun jakin batzuen mende egotea bizileku egonkorra edukitzea.

Proposamena, gainera, garai korapilatsu samarrean iritsi da: Japonian, biztanleen ia %30ek 65 urtetik gora dituzte, eta, eskulan falta nabarmena denez, azkenaldian asko ugaritu dira etorkinak, eta lau milioiren langa gainditu da lehenbiziko aldiz. Gobernuaren iritziz, immigrazioa handitzearen eraginez, nahitaezkoa da integrazio politikak indartzea; migranteei laguntzeko elkarteek eta giza eskubideen adituek, berriz, ohartarazi dute litekeena dela erreforma horrek neurriz kanpo eragitea bertan urte asko daramatzaten biztanleei, Japoniako herritarren ezkontideei, adinekoei edo zailtasun kognitiboak dituzten herritarrei; izan ere, nahiz eta aspalditik bizi herrialdean, baliteke hemendik aurrera oztopo handiagoak izatea orain arteko egonkortasun juridikoari eusteko. Migratzaileei laguntzeko elkarteek susmoa dute erreformaren eragina ez dela uniformea izango.

Legelarien kezka nagusia ez da erreformaren edukia soilik, beste kontu batek ere arduratzen baititu: gobernuak erreforma hori nola aplikatuko duen. Migrazio politiketako Japoniako aditu nagusietako batek, Meijoko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle Atsushi Kondok, ez du uste gisa horretako aldaketa bat tramite administratiboen bidez eta Justizia Ministerioko irizpideak barnetik aldatuta soilik egin daitekeenik, lege erreforma bat legebiltzarrean eztabaidatu gabe. «Horrelako aldaketak burokraziako moldaketa operatiboen bidez ezartzea oso arriskutsua da atzerritarren segurtasun juridikorako; berrikuspen legalak egin, eta Parlamentuak onartu beharko lituzke», baieztatu du. Kondoren aburuz, bizileku baimen iraunkorra lortzeko edo hari eusteko baldintzak horrela aldatzeak murriztu egiten du sistemak egoerak aurreikusteko duen gaitasuna, eta nahieran aritzeko tarte zabala uzten dio administrazioari.

«Horrelako aldaketak burokraziako moldaketa operatiboen bidez ezartzea oso arriskutsua da atzerritarren segurtasun juridikorako»

ATSUSHI KONDO Meijoko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea

Antzeko kezkak ditu Midori Inagaki integrazio politiketan adituak ere. Haren ustez, Sanae Takaichiren gobernuaren estrategiak erakusten du ikuspegia aldatu dutela immigrazioaren inguruan. «Japonieraz oso ondo jakitea bada aurrerantzean bizileku baimen iraunkorra bermatzeko eskakizun formaletako bat, gerta liteke hizkuntzak elkar ulertzeko zubia izateari uztea eta behar bezain integratutzat jotzen ez direnak baztertzeko irizpide bihurtzea», ohartarazi du. Ikertzailearen ustez, gainera, orain arte Japonian sustraitzeko itxaropen aski egonkorra ematen zuen prozesu horrek, baina baliteke aurrerantzean herritar bakoitzaren integrazio maila neurtzeko etengabeko ebaluazio bihurtzea.

Orain eztabaida ez da soilik ea egokia den hizkuntzaren jakite maila handiagoa exijitzea, baizik eta ea eskakizun administratiboek zenbateraino baldintzatu dezaketen pertsona baten eta haren familiakoen egonkortasun juridikoa, aintzat hartuta orain arte ez zela halakorik eskatzen bizileku baimen iraunkorra lortzeko.

Ekonomiarentzat oztopo

Gainera, Japoniako ekonomia egoera bereziki zailean dago oraintxe bertan. Lau milioi atzerritar baino gehiago bizi dira Japonian, baina eskulan falta kronikoa dute herrialdean, eta, beraz, Jesper Koll-ek eta beste ekonomialari batzuek ohartarazi dute eskakizun administratiboak gogortzeak agian zaildu egingo duela nazioarteko talentua bertan atxikitzea. Horren harira, Nikkei Asia egunkarian adierazi dutenez, integrazio kulturala baldintza burokratiko bihurtuta, litekeena da azkenean kalte egitea, hain zuzen ere, herrialdeko ekonomiaren hazkundea bultzatzen duten langile atzerritarrei.

«Gerta liteke hizkuntzak elkar ulertzeko zubia izateari uztea eta behar bezain integratutzat jotzen ez direnak baztertzeko irizpide bihurtzea»

MIDORI INAGAKI Integrazio politiketan aditua

Egoera ikusirik, asko kezkatuta daude, hala nola John Graham: enpresari atzerritarra da, baina emaztea eta seme-alabak japoniarrak ditu. «Neurri horren eraginez, japonierako azterketa bat gainditzen ez badut, beharbada azkenean herrialdetik kanporatuko naute, eta seme-alabekin batera haien herrialdean bizi nadin galarazi. Erokeria hutsa da», adierazi du. Gobernuak behin eta berriz dio erreformaren helburua integrazioa sustatzea dela; legelariek eta migranteei laguntzeko elkarteek, berriz, argi dute benetako eztabaida ez dagokiola hizkuntzari, zuzenbideari baizik: ea estatu batek zenbateraino mugatu dezakeen bizilekuaren eta familiaren egonkortasuna, eta administrazioko azterketa baten emaitzaren mende utzi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA