Jeannete Jara izango da Txileko ezkerraren hautagaia azaroan egingo dituzten hauteskunde presidentzialetan. Alderdi Komunistako militantea da Jara (51 urte), eta botoen %60 baino gehiago lortu zuen atzoko boz primarioetan. Azken inkesten arabera, ia-ia parean egotekoak ziren Jara eta Carolina Toha PPD Demokraziaren Aldeko Alderdia zentro-ezkerreko indarraren hautagaia. Atzo, baina, emaitzak guztiz bestelakoak izan ziren, eta Tohak bozen %30 baino gutxiago lortu zuen. Halere, Txileko ezkerrari kezka eragingo dio atzoko parte hartze murritzak: milioi bat herritar baino zertxobait gehiagok eman zuten botoa —1,7 milioi izan ziren 2021eko primarioetan—. Inkestek eskuineko hautagaiak jotzen dituzte faboritotzat azaroko bozetarako.
Hori izango da Jararen erronka nagusia: eskuinari aurrea hartzea. «Ez ditzagun eskuak askatu, batasun politiko eta sozialen bidez egin diezaiogun aurre eskuin muturrari», adierazi zuen atzo gauean Santiagon emandako hitzaldian. Jara Lan ministroa izana da (2022-2025) Gabriel Boric herrialdeko presidente ezkertiarraren gobernuan. Boric ezingo da azaroko bozetara aurkeztu, legez debekatua baitago presidente batek bi agintaldi segidan egitea.
Presidentearen alderdi Fronte Zabaleko hautagaiak ez zituen emaitza onak lortu atzo; botoen %9rekin, hirugarren hautagai bozkatuena izan zen Gonzalo Winter. Hala, zentro-ezkerrak kolpea jaso zuen atzo, eta Alderdi Komunistako militante bat izango da lehen aldiz ezkerreko talde guztien presidentegaia.
Ezkerreko blokearen batasuna lortu beharko du Jarak eskuineko hautagaiei aurre egin ahal izateko. Azaroaren 16an egin dute boz presidentzialen lehen itzulia. Jarak aurrean izango ditu, besteak beste, Evelyn Matthei eskuin tradizionalaren presidentegaia eta Jose Antonio Kast eta Johannes Kaiser hautagai ultraeskuindarrak. Inkestetan, oro har, ezkerreko hautagaiaren aurretik ageri dira Kast eta Matthei. Halere, atzoko primarioen ostean, ezkerraren hautagaitza bateratuak gora egin dezake, eskuin sendo baina zatituen kaltetan.
Halere, atzoko bozetako parte hartzea ez da seinale ona ezkerrarentzat. Analistek oro har Txileko hedabideetan adierazi izan dutenez, 1,5 milioi pertsonak baino gutxiagok parte hartzen bazuten, ezkerrarentzat kolpea izango zen azaroko bozetara begira. Ozta-ozta milioi bat herritar baino gehiagok eman zuten atzo botoa. Primarioetan hautagaiek ordezkatzen dituzten alderdietako militanteek parte hartu dezakete, baita presidentetzarako hauteskundeetan lehiatzen diren alderdietako militante ez direnek ere. Azaroan herritar guztiek eman beharko dute boza, legez behartuta baitaude.