Palestina

Jerusalem ekialdeko indarkeria handitu egin da, eta Gazaraino hedatu da

Israelgo Poliziak Al-Aqsa meskitan eta inguruan pilatutako ehunka lagun zauritu ditu. Ondoren, Tel Avivek Gaza bonbardatu du, eta gutxienez hogei lagun hil ditu, Hamasi erantzuteko.

Iraelgo Polizia gazte palestinar bat atxilotzen, atzo iluntzean. ATEF SAFADI, EFE
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 10a
10:49
Entzun

Bereziki odoltsua izan da gaurko eguna Palestinan. Azken egunetako tentsio pilatuak gainezka egin du berriz ere, baina indarkeriak koska bat gora egin du, Jerusalem ekialdean hasita, Israelgo Polizia Al-Aqsa meskitaren barrura sartu eta han errezorako elkartutakoen kontra egin baitu. Gomazko pilotak, negar gasa eta soinu bonbak jaurti ditu, eta ehunka zauritu eragin. Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, gutxienez 215 lagun zauritu ditu, eta 153 ospitaleratu. Gainera, horietatik lau egoera larrian daudela jakinarazi du osasun zerbitzu horretako bozeramaile batek. 

Kaleko liskarrek aireko erasoei eman diete bide. Goizaldeko gertakariei Gazako Zerrendatik suziriak jaurtita erantzun die Hamas erakunde islamikoak, ordu gutxi geroago. Zazpi suziri identifikatu dituztela jakinarazi du Israelgo armadak. Erantzun hori argudiotzat erabili du ondoren Tel Avivek Gaza bonbardatzeko. Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi du gutxienez hogei lagun hil dituztela Israelek jaurtitako lehergaiek, tartean hiru haur.

Ramadanarekin batera hasi ziren lehen istiluak Jerusalemgo Hiri Zaharraren inguruan, apirilaren 14an. Al-Aqsa meskitaren inguruan elkartu dira musulmanak egunotan. Leku sakratua da haientzat Al-Aqsa, eta, otoitz egin ondoren, meskitaren atarian elkartu ohi dira. Israelgo Poliziak galarazi egin izan die, ordea, pandemiaren aurkako neurriak argudiotzat hartuta, eta horrek sumindu egin ditu palestinarrak.

Zenbait egunetan tentsioa zertxobait apaldua izan ostean, iragan asteburuan gainezka egin zuen berriz ere. Ostiraletik larunbaterako gauean 200 lagun zauritu zituen Poliziak Meskiten Zabalgunean, Al-Aqsa meskitaren inguruan, eta gaur goizean ere han izan dira istiluak. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Polizia meskitaren barruan zeudenak kanporatzen ahalegindu da, baina ez du lortu, han zeudenek aurre egin baitiote. Liskarrak izan dira eraikinaren barrualdean eta kanpoaldean, eta Jerusalemgo Hiri Zaharreko beste zenbait lekutara ere hedatu dira; batez ere, Xeikh Jarrah auzora.

Data seinalatua da gaurkoa israeldarrentzat. Jerusalem Eguna ospatzen dute maiatzaren 10ean, eta 1967an hiriaren ekialdeko partea okupatu izana goratzen dute. Tentsio handiko eguna izaten da urtero, eta, gaur, ohi baino beroago hasi eta amaitu ere hala egingo zela espero zen. Izan ere, talde ultraortodoxoek martxa batera deitu zuten arratsalderako. Jerusalemgo Hiri Zaharrerako pasabide nagusia den Damaskoko Atera joateko asmoa zuen martxak, baina Poliziak ibilbidea aldarazi die deitzaileei, liskarrak eragozteko.

Giroa gori Xeikh Jarrahn

Protestarako arrazoiak ugaritzen ari zaizkie palestinarrei. Izan ere, Xeikh Jarrah auzo arabiarrean etxegabetuak izateko arriskuan daude azken 70 urteetan han bizi izan diren 40 lagun. Israelgo auzitegi batek emana du etxe horiek desjabetzeko agindua, argudiatuta eremu hori juduena zela 1948 aurretik; hots, israeldarrek eremua okupatu eta milaka palestinar bertatik egotzi aurretik.

Erabakia ez gauzatzeko eskatu zion joan den astean NBE Nazio Batuen Erakundeak Israeli, «gerra krimentzat» har daitezkeela argudiatuta. Nazioarteko instituzioaren presioa ez ezik, herritarrena ere gainera etorri zaio Israeli, eta erabakiaren aurkako protesta handiak izan dira. Horrek behin-behinean etxegabetzeak atzeratzera behartu du Israel. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.