Jihadista baten karikatura argitaratu zuen idazle bat hil dute tiroz Jordanian

Nahed Hattar auzitegi batean deklaratu aurretik tirokatu dute. Sare sozialetan muturreko islamismoaren kontrako irudi bat partekatu zuen

Erredakzioa
2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Haned Hattar Jordaniako idazlea hiru tiroz hil zuten atzo Ammanen. Hiriburuko Justizia Jauregiaren atarian tirokatu zuten, deklaratu aurretik, sare sozialetan muturreko islamismoaren kontrako karikatura bat zabaltzeagatik epaitu behar zuten egunean. Gorroto konfesionala sustatzea leporatzen zioten idazleari. Erasotzailea une horretan bertan atxilotu zuten.

Hattarrek jihadista baten karikatura partekatu zuten sare sozialetan abuztuaren 13an. Paradisua irudikatzen zuen marrazkiak; jihadista bat ohe batean etzanda, erretzen, bi emakume alboan zituela. Alari ardoa eskatzen zion gizonak, ondoren eragozpenik ez sortzeko eskatuz.

Idazleak karikatura ezabatu zuen bere sare sozialetatik, eta hilaren 8an askatu zuten, bermepean. Muturreko islamistek, baina, mehatxu egin zioten irudia iraingarria zela argudiatuz. Hattarrek, baina, argi azaldu zuen aurretik bere asmoa ez zela birao egitea, baizik eta muturreko islamistek paradisuaz duten ikuspegiaz barre egitea. Fuheisen, idazlearen jaioterrian, ehunka lagun elkartu ziren atzo heriotza salatzeko, eta, bide batez, agintariei idazlea babesteko behar beste ez egitea aurpegiratzeko. Hani al Mulqui lehen ministroaren eta Salameh Hamad Barne ministroaren dimisioa eskatu zuten manifestariek.

Haned Hatarrek 56 urte zituen eta kristaua zen —musulmanak dira nagusi herrialdean; komunitate kristaua %5 ingurukoa da. Ameriketako Estatu Batuek Sirian eta Iraken muturreko islamisten kontra abian jarritako nazioarteko koalizioko kide da Jordania.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.