Jihadistak Maliko hiriburura iritsi dira, eta mehatxatuta daukate gobernu militarra

Irailean erregai inportazioei blokeoa ezarri zien JNIM talde armatuak. Bi hilabete pasatu, eta armadak ez du lortu Al-Qaedarekin lotura zuzena daukan talde horrren aurrerapausoak gelditzea.

Bamako hiriburua paralizatuta. HADAMA DIAKITE/EFE
Bamako hiriburua paralizatuta. HADAMA DIAKITE/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko azaroaren 5a
16:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paralizatuta. Halaxe dago Mali JNIM Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldeak irailaren 3an erregai inportazioak blokeatu zituenetik. Herrialdeko gobernu militarrari inoiz egindako mehatxurik handiena da, eta Al-Qaedarekin lotura zuzena daukan talde horrek agintea hartzeko aukerak ugaritu egin dira azken asteetan.

Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldeak herrialdeko errepide eta hiri nagusiak geldiarazi zituen irail hasieran abiatutako blokeoarekin. Aste batzuk badira herrialdeko hiri batzuk elektrizitaterik gabe utzi zituztela, eta aste honetan Bamako hiriburura iritsi dira —lau milioi pertsona inguru bizi dira bertan—. Armadak ez du lortu jihadisten aurrerapausoak gelditzea, eta, besteak beste, herrialdera edo hiriburura sartu nahi zuten petrolio zisterna-kamioien konboiei eraso egin diete. Irailean, adibidez, EFE agentziak jakinarazi zuen hainbat kamioi erre zituztela, eta gidariak bahitu.

Blokeoarekin batera, Maliko zenbait herritan —Bamako hiriburutik kanpo— joan-etorriak mugatu ditu Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldeak, baita jantzien kode zorrotza ezarri ere. Besteak beste, hijaba jartzera behartu ditu emakumezkoak.

Egoeraren larritasuna ikusirik, Amadou Sy Savane Hezkuntza ministroak urriaren 27an jakinarazi zuen eskolak bertan behera utziko zituztela, gutxienez bi astez. Gainera, hiri horietako negozio askok ateak itxi behar izan dituzte argindar eta hornidura faltagatik, eta hegazkin asko herrialdetik irten ezinik gelditu dira. Egoera hori ikusita, Malin enbaxada daukaten hainbat herrialdek bertatik irteteko ohartarazi diete Malin bizi diren herritarrei. Hala nola Ameriketako Estatu Batuek, Espainiak, Erresuma Batuak eta Alemaniak.

Gogoratu beharra dago Malin —Burkina Fason eta Nigerren bezala, besteak beste— junta militarra dagoela gaur egun gobernuan, azken bost urteetan bi estatu kolpe eman ostean. Eta 2023ko irailaz geroztik, Mali, Niger eta Burkina Faso AES Sahelgo Estatuen Aliantzaren parte direla. Alegia, hiru herrialdeek elkar defendatzeko itun bat sinatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.