AEB

Joe Biden izango da Alderdi Demokrataren hautagaia presidentetzarako

Alderdiaren atzoko konbentzio birtualean egin zuten bozketa. Bidenek bihar emango du onarpen diskurtsoa, eta horrekin amaituko da demokraten bilkura.

Joe Biden, atzoko konbentzio birtualean, alderdiaren hautagai izateko aukeatu zutenean. BRIAN SNYDER / POOL / EFE
2020ko abuztuaren 19a
11:47
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Alderdi Demokratak atzo iluntzean jakinarazi zuen ofizialki Joe Biden izango dela presidentetzarako hautagaia. Hirugarren saiakeran lortu du Bidenek bere alderdiaren hautagaia izatea, eta Donald Trump AEBetako presidenteak beste legealdi bat lor ez dezan saiatuko da. «Eskerrik asko, bihotz bihotzez, nire partetik eta nire familiaren partetik. Ostegunean ikusiko dugu elkar», esan zuen Bidenek, demokraten konbentzioaren bigarren egunean hautagai aukeratu zutenean. Konbentzioa bihar amaituko da, hortaz: onarpen diskurtsoarekin. 

Bidenek 77 urte ditu, eta Pennsylvanian jaio zen; Delaware estatuan bizi da egun. Sei aldiz izan da senatari azken estatu horretan; lehen aldiz aukeratua izan zen 1972an. Horrez gain, Barack Obamaren presidenteordea izan zen. 1988an eta 2008an Alderdi Demokrataren presidentetzarako hautagai izaten saiatu zen, baina ez zuen lortu. 

Bidenek ordezkatzen duen «ideologia zabala» azpimarratu zuten konbentzio birtualean. Horrez gain, belaunaldi desberdinen garrantzia azaleratu zuten, alderdiaren iragana eta etorkizuna ordezkatuz. 

Atzoko saioaren hasieran, hamazazpi kide gazte agertu ziren bideo batean, haien artean Alexandria Ocasio-Cortez biltzarkidea. Minutu bateko denbora izan zuen hark hitz egiteko, eta Bernie Sanders biltzarkidearen hautagaitza aurkeztu zuen. Ocasio-Cortezek esan zuen herrialdeak «erroko konponbide sistematiko bat» behar zuela egungo krisiari aurre egiteko, eta Bideni eta gainerako demokratei eskatu zien ikuspuntu «aurrerakoia» edukitzeko. 

Alderdiaren iraganaren ordezkari izan zen, bestalde, Bill Clinton AEBetako presidente ohia. Trumpi zuzendutako adierazpenak egin zituen: «Egungo egoeran, Etxe Zuriak gidaritza zentro bat beharko luke izan; horren ordez, ekaitzak sortzen ditu». Presidente ohiak gaineratu du Bidenek «esperientzia, izaera eta zintzotasuna» dituela, herritarrak «batu eta AEBen handitasuna berrezartzeko». Clintonen arabera, Biden da, egungo egoeran, hautagai izateko pertsona egokia. AEBetako presidentetzarako hauteskundeak azaroaren 3rako deituta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.