Joe Bidenek irabazi duela baieztatu du hautatzaileen batzarrak

ander perez zala
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Joe Bidenek beste pauso bat eman du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzara bidean. Sistemak finkatu bezala, hautatzaileen batzarreko konpromisarioak euren botoa emateko elkartu ziren atzo, eta buruzagi demokratak jaso zuen babes gehien, Donald Trump egungo estatuburuaren eta errepublikanoen hautagai izandakoaren aurrean. Hortaz, hauteskunde prozesuaren fase hori beteta, Biden ofizialki izendatu dute AEBetako presidente.

Bozketak ezohikotik ezer ez duen arren, hauteskundeen emaitzak aldatzeko Trumpen asmoek arreta handiz jarraitu beharraren garrantzia eman zioten atzokoari; streaming bidez ikusteko aukera ere eman zuten, besteak beste, koronabirusak eragindako pandemia dela eta.

Bozketa horren bezperan, errepublikanoen hautagai izandakoak bozen emaitza aldatzeko asmoan jarraitu zuen, baina horretan ere huts egin zuen: AEBetako Auzitegi Gorenak uko egin zion azaroaren 3ko presidentetzarako hauteskundeen zenbaketa baliogabetzearen alde jarritako salaketa aztertzeari.

Boz horietan, Bidenek 306 konpromisarioren botoak lortu zituen, eta Trumpek, berriz, 232renak; herritarren babesari begira, hautagai demokratak 81,2 milioi boto jaso zituen, eta errepublikanoak, 74,2 milioi.

Urtarrilaren 6ari begira

Orain, begirada guztiak AEBetako Kongresuan egongo dira jarriak, datorren urtarrilaren 6an zenbatuko baitituzte konpromisarioek atzo emandako botoak.

Hori egitean, orduan bai, Bidenen eta Kamala Harrisen garaipenak ofizialak izango dira, eta biek ala biek egingo dute euren kargu berriaren zina datorren urtarrilaren 20an egitekoak diren ekitaldian.

Bien bitartean, Trumpek erakutsi du bere horretan jarraitzeko asmoa duela, eta Etxe Zuriko trantsizioa zaildu egingo diola Bideni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.