Eskozian ez da bigarren independentzia erreferendumik egingo datozen urteetan, ez behintzat Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministro den artean. Johnsonek gutun bat bidali dio gaur Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruari, esateko Westminsterko parlamentuak ez duela baimenik emango galdeketa egiteko eskumenak eskualdatzeko. Sturgeonek abenduan eskatu zizkion eskumenak, uste baitu «egiazko aldaketa esanguratsuak» izan direla 2014ko independentzia erreferendumetik hona. Haren esanetan, «toryei izua ematen die Eskoziak bere etorkizuna aukeratzeko eskubidea izateak».
Johnsonek Sturgeoni esan dio 2014ko erreferenduma egin zutenean Eskoziako agintariek «hitzeman» zutela «belaunaldi batean behin» egingo zutela galdeketa, eta hark «Eskoziako herritarren erabaki demokratikoa errespetatu» behar duela: «Beste independentzia erreferendum batek Eskozian azken hamarkadetan izan den geldialdi politikoa luzatuko luke», idatzi du. Twitterren nabarmendu du «elkarrekin» lan egiteko garaia dela, eta 2020. urteak garrantzi handia izango duela herrialdearentzat. Erresuma Batua urtarrilaren 31n irtengo da EB Europako Batasunetik.
Sturgeonek ere Twitter bidez erantzun dio. Haren ustean, Johnson «demokrazia blokeatzen» ari da, badakielako galdeketa eginez gero eskoziar gehienek independentziaren alde bozkatuko luketela. SNPko buruak esan du Londresek ezin duela trabarik jarri Eskoziak bere etorkizuna erabakitzeko egingo duen bidean. Sturgeonek uste du Johnsonen jarrerak independentismoa hauspotuko duela, eta Alderdi Kontserbadoreari kalte egingo diola: «Erresuma Batuko Gobernuak hartu duen erabakia bere buruaren kontrakoa da». Adierazi du urrats gehiago egingo dituztela, eta Eskoziako Parlamentuari eskatuko diotela galdeketa babesteko.
Today I have written to Nicola Sturgeon. The Scottish people voted decisively to keep our United Kingdom together, a result which both the Scottish and UK Governments committed to respect.
— Boris Johnson (@BorisJohnson) January 14, 2020
Let's make 2020 a year of growth and opportunity for the whole of the UK 🇬🇧 pic.twitter.com/JjQp3X2J2n
Iragan larunbatean, 100.000 lagun atera ziren kalera Glasgown, independentzia eske. All Under One Banner (Denok Bandera Bera) Eskoziako mugimendu independentistak zortzi mobilizazio antolatu ditu 2020rako, Johnsoni presio egiteko, eta hura izan zen lehenengo ekintza.
Eskozian 2014an egin zuten independentziari buruzko lehen erreferenduma, eta hautesleen %55ek Erresuma Batuan jarraitzearen alde egin zuten. Bi urte geroago, herritarren %62k brexit-aren aurka bozkatu zuten, eta SNP bera EBtik irtetearen aurka agertu da. Hori dela eta, Sturgeonek iragarri zuen ezen, kontserbadoreek irabazi eta akordioak aurrera egiten bazuen, beste erreferendum bat egingo zutela 2020an.
2016tik hona, Eskoziako lehen ministroa bere alderdiak hauteskundeetan izan dituen emaitzetan oinarritu da beste galdeketa bat egiteko beharra dagoela argudiatzeko.