140.000 siriar inguru iritsi dira Jordaniara 2011tik, Siriako gatazka hasi zenetik. Andrew Harperrek buruz dakizki datuak, eta hala botatzen dizkie kazetariei. Urte luzez Irakeko iheslariekin lanean aritutako australiar hori UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria da Jordanian. Han ezarri diren kanpalekuetako arduradun nagusia izanik, Harperrek ez du ezkutatzen bere kezka. Siriako gerrak luze jo dezakeela jakinda, argi dio negurako «oraindik» ez daudela prest. Nolanahi ere, oraingo «larrialdiari» ahalik eta hobekien erantzuten ari zaizkiola nabarmendu du, behin eta berriz.
Jordaniak Zaatariko kanpalekua ezarri berri du iparraldean; 100.000 iheslari siriar har ditzake han.Gainezka egin al dute beste gu-neek?
Batetik, azken hilabeteetan Jordaniara iritsi diren siriarren kopuruak biziki egin du gora, eta aldi baterako kanpalekuak gainezka egin dute. Bestetik, Jordania iparraldeko herritarrak pobreak dira, eta beren etxea siriarrentzat zabaldu duten familiak baliabide gabe geratzen ari ziren. Egoera horrek krisi politiko bat sor zezakeelakoan, iheslarientzat kanpaleku bat eraikitzeko eskatu zion Jordaniako Gobernuak UNHCRri. Izan ere, 6,5 milioi biztanle besterik ez du Jordaniak, eta siriarren etengabeko etorrerak kalte egin diezaioke barne orekari.
Iheslariek jaso beharreko arretari dagokionez, zertaz arduratzen da UNHCR eta zertaz Jordaniako Gobernua?
Kanpalekuko azpiegitura guztia UNHCRk ordaindu du, baita Jordaniako karitate erakundeek ere. 140.000 iheslariek jaso beharreko osasun eta hezkuntza harrera, berriz, Jordaniako Gobernuak eskaintzen du.
Nolakoa da kanpalekuko egoera?
Basamortuko ingurune tipikoa da: oso beroa udan eta arras hotza neguan. Haizea ere gogorra da; harea altxatzen du une oro, eta kanpadendak bota ditzake. Ziur asko, iheslariekin orain arte lan egindako ingurunerik gogorrena da, eta hogei urtez aritu naiz lan horretan. Orain, hartxintxarrak jartzen ari gara, euria egiten duenean lokatzik ez sortzeko. Elektrizitatea eta ura ere sartu ditugu, baita komunak ezarri ere. Poliki-poliki kanpalekuko egoera hobetzen ari gara, baina egunero 200-600 iheslari inguru iristen zaizkigu. Beraz, zaila da egonkortasun batera iristea.
Beraz, iheslarien etorrera ez da iritsi gorenera…
Inolaz ere ez. Krisiaren erdian gaude, larrialdi bati erantzun nahian. Uztailean, ekainean baino lau aldiz siriar gehiago iritsi ziren Jordaniara, hau da, 20.000 inguru. 100.000 pertsona har ditzake Zaatarik, eta egoerak horrela jarraitzen badu, bost hilabeteren buruan hura ere beteta egongo da.
Halere, Siriatik datozen adierazleak aztertuz gero, bat ere ez da hobetzen ari. Bi aldeen arteko borroka gero eta krudelagoa da, herrialdearen egoera sozioekonomikoa biziki kaltetu da, eta nazioarteko komunitateak geldirik jarraitzen du.
Bihar zer gertatuko den, hori da gure ardurarik handiena, eta zenbat iritsiko diren eta horiei era egokian erantzuteko baliabiderik izango ote dugun. Oraindik ez gaude prest negurako, inolaz ere ez, baina ez dugu ikaratu behar. Ziur naiz iheslarien oinarrizko premiei erantzuteko gai izango garela.
Zein egoeratan iristen dira alde egindako siriarrak?
Haien %70 baino gehiago emakumeak eta haurrak dira. Bakarrik datoz, gizonezkoak gerran hil direlako edo borrokan geratzea erabaki dutelako. Batzuetan, gizonezko bakarrak hiru fami- liaren ardura dauka. Asko eta asko Siria barruan gatazkatik ihesi ibili dira hona iritsi aurretik, eta oso ahulduta heltzen dira Jordaniara. Orain, beroari ondo erantzungo dioten jakitea da gure ardura; nola edo hala de- shidratazioa saihestu behar dugu.
Egoerak hala jarraituz gero, gerta liteke iheslari horiek guztiak beste herrialde batera eramatea?
Arazoa da siriarrek ahalik eta azkarren itzuli nahi dutela etxera. Gehienek ez dute ez Jordanian, ez Libanon eta ez Turkian geratu nahi. Mendebaldeak beldur hori piztu du, Europara, Australiara edo beste toki batera bidaltzeko beharra egon daitekeela esanez. Nire ustez, oinarrizkoa ematen badiegu, ez dute beste herrialde batera joateko beharrik izango.
Iheslari guztiek jarrera logiko bati jarraitzen diote ihes egiten dutenean. Toki seguru batera joan nahi dute, baina baita kultura eta hizkuntza bera partekatzen duten leku batera ere. Siria hegoaldeko biztanle asko Jordaniako gizartetik hurbil sentitzen dira, familia eta merkataritza harremanak direla medio. Horregatik erabaki dute hona etor-tzea.
Siriako Armada Askeko milaka kide ere Jordanian daude. Batzuk, zaurietatik sendatzen, eta beste batzuk, berriz, Siriara borrokatzera itzultzeko berrantolatzen. Kanpalekuetan izan dezaketen eraginaren beldur al zarete?
Guretzat, kanpalekuen izaera zibila atxikitzea da garrantzitsuena. Horregatik, guneetatik kanpo daude, hau da, hirietan sakabanatuta. NBE Nazio Batuen Erakundeak neutraltasuna erakutsi nahi du iheslarien kanpalekuetan. Dena den, Jordaniako Gobernua oso arduratuta dago Siriako Armada Askeko kideek barne politikan tirabirak eragingo ote dituzten.
Andrew Harper. UNHCRren Jordaniako ordezkaria
«Jordaniako barne orekari kalte egin diezaioke siriarrak etengabe iristeak»
Uztailean, ekainean baino lau aldiz siriar gehiago iritsi dira Jordaniara. Harperrek aitortu du siriarren etorrerari dagokionez ez daudela prest datozen hilabeteetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu