Peruko Kongresuak kargutik kendu du orain arteko presidente Dina Boluarte, herrialdeak dituen arazoak konpontzeko «moralki ezgaitzat» jota, eta Kongresuko presidente Jose Jeri izendatu du gobernuburu, behin-behinean. Oso azkar gertatu da guztia; oposizioak Boluarteren kontrako lau zentsura mozio aurkeztuak zituen, eta Kongresuak, gehiengo handi batez, erabaki du denak onartu eta beste presidente bat izendatzea.
Boluartek hiru urte baino gutxiago egin du Peruko gobernuburu, eta haren agintaldia polemikaz beterik egon da, baina herrialdean indarkeriak gora egin izanak bultzatu du, batez ere, haren kargugabetzea. Igandean, talde antolatu bateko kideek armaz eraso zioten musika talde bati, kontzertu bat egitekoa zenean, eta lau taldekide zauritu zituzten. Hurrengo egunetan izugarri ugaldu ziren protesta mezuak sare sozialetan, eta horrek azkartu du Boluarte kargutik kentzeko prozesua.
Bere agintaldian, Boluartek ez du talde parlamentario propiorik izan Peruko Kongresuan, eta, horren ondorioz, babesa ematen zioten taldeen menpe egon da. Orain arte, eskuineko talde parlamentarioek sostengatu dute, baina azken gertaeren ostean babesa kendu diote, eta, hala, onartu egin dituzte Boluarteren kontra aurkezturiko lau zentsura mozioak, gehiengo handiz onartu ere: Kongresuan dauden 130 parlamentarietatik 122k bozkatu dute Boluarte kargutik kentzearen alde. 87 boto behar zituzten kargugabetzeak aurrera egin zezan. Boluarte ez da agertu bilkuran.
«Akaberarik gabeko krisia»
Jose Jerik hartu du behin-behinean Peruko lehendakaritza, orain arte Kongresuko presidente izandakoak. Izendatu eta berehala, Jerik agindu du «trantsiziorako, enpatiarako eta adiskidetzerako gobernu bat» osatuko duela, eta erantsi «gutxieneko akordioak» lortzeko lan egingo duela, «akaberarik gabeko krisia» amaitu ahal izateko.
Baina ez du ematen Peruko arazoak bukatu egingo direnik Jeri presidente izendatuta. Ezkerreko talde parlamentarioa ez dago ados izendapenarekin, eta haren bozeramaile Jose Quitok esan du Jerik «astebetez ere» ez duela iraungo karguan, «kaleak botako baitu».