Espero bezala, Jose Mujica Fronte Zabaleko buru ezkertiarrak irabazi ditu Uruguaiko presidentetza hauteskundeak eta hura izango da presidente berria, gaur goizean Hauteskunde Batzordeak baieztatu duenez.
Atzo egin zuten bozen bigarren itzulia eta, botoen %94,51 zenbatuta dela, 1.135.197 boto jaso ditu Mujicak. Luis Alberto Lacalle Alderdi Nazionaleko buru kontserbadore eta Uruguaiko presidente ohiak (1990-1995), berriz, 914.877 boto.
Urriaren 25ean egin zuten lehen itzulia, eta botoen %48 lortu zituen Mujicak. Presidente kargua eskuratzeko, baina, gehiengo osoa behar zuen. Lacallek %29ko babesa eskuratu zuen -nabarmen egin zuen atzera-, eta Colorado alderdiak %18koa -Lacallaren aldeko botoa eskatu du bigarren itzulian-.
Tabare Vazquez (Fronte Zabala) orain arte presidente izandakoaren lekukoa hartuko du Mujica gerrillari izandakoak. Martxoaren 1ean izango da kargu-hartze ekitaldia. Orain arteko ildo politikoarekin jarraituko duela agindu du. Ezkerrak 2005ean lortu zuen presidentetza lehen aldiz.
Urrian ere ezkerrak gehiengoa lortu zuen Parlamentuan eta Senatuan.
munDUA
Jose Mujicak irabazi du Uruguaiko hauteskundeen bigarren itzulia
Fronte Zabalak segituko du presidentetzan. Hautagai ezkertiarrak berrehun mila botoko aldea kendu dio Alberto Lacalle kontserbadoreari. Martxoaren 1ean hartuko du kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu