«Eskerrik asko, presidente jauna, gu hemen hartzeagatik, eta eskerrik asko Venezuela hobea izateko ateak irekitzeagatik». Hala esan dio bart Josu Jon Imaz Repsol konpainiako ordezkariak Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpi, Etxe Zurian. Duela astebete Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitzeko operazio militarra gauzatu ostean, Trumpek munduko hainbat petrolio konpainia bildu ditu Washingtonen, Karibeko herrialde horren baliabideen ustiaketaz hitz egiteko. Han egon da Imaz, EAJko buruzagi izandakoa, eta Trumpi esan dio Repsol prest dagoela Venezuelan «asko inbertitu» eta hala petrolio gehiago ateratzeko. Orain, 45.000 upel ateratzen ditu Repsolek herrialde horretatik, eta Imazek esan du halako hiru ekoitzi nahi dutela, egunean 135.000 upel ateratzeraino.
Chevron, Exxon, Eni, Shell, Vitol, Halliburton, Conoco Phillips, Continental, HKN, Valero, Marathon, Raisa, Trafigura, Tallgrass, HilcorpAspect Holdings, Americas, eta Energy konpainietako ordezkariek parte hartu dute bileran. Trumpek esan die 100.000 milioi inbertitzeko Venezuelan, hango ekoizpena pizteko, Washintonen «babesarekin».