Katalunia

Junquerasen zigorgabetasunari buruzko erabakia abenduaren 19an emango du EBko Justizia Auzitegiak

Auzitegiko abokatu nagusiak defendatu du Junqueras eurodiputatu gisa onartu beharko litzatekeela, eta, beraz, immunitatea izan beharko lukeela joan den uztailaz geroztik.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde espetxeratua, maiatzaren 21ean, Espainiako Kongresuan, diputatu akta jasotzeko saioan. GUILLEN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 28a
12:55
Entzun

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren gaineko erabakia publiko egingo du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, abenduaren 19an. Auzitegiak jakinaraziko du Junquerasi eurodiputatu izaera aitortzen dion ala ez, eta, ondorioz, Europako hauteskundeetan diputatu aukeratu zutenean zigorgabetasuna izan behar zuan ala ez.

Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak bere iritzia helarazi zion epaimahaiari, joan den azaroaren 12an. Junquerasi eurodiputatu izaera aitortzearen alde agertu zen. Abokatuaren esanetan, kargua eta hari lotutako ezaugarri guztiak dagozkio Kataluniako presidenteorde espetxeratuari; horien artean, zigorgabetasuna.

Maciej Szpunar abokatu nagusiak azaldu zuenez, ofizialki hautatua izan den pertsona bat ganberako kide da aukeratua izan den unetik, eta hori ezin da Espainiako Konstituzioari zin egitearen edo beste edonolako tramiteren menpe egon. Gaineratu zuen Europako Parlamentuak erabaki behar duela Junquerasi immunitatea mantentzen dion ala ez.

Abokatu nagusiaren ondorioak ez dira lotesleak, baina, normalean, EBko Justizia Auzitegiak haren ildoa jarraitzen du. Szpunarrek gehitu du Junquerasek joan den uztailaren 2tik —parlamentua osatu zen egunetik— izan beharko lukeela eurodiputatuek duten immunitatea. Hori eskatzen du buruzagi subiranistaren defentsak, baina Madrilek eta Europako Batasunak ezezkoa defendatu dute orain arte, argudiatuz Junquerasek ez zuela jaso parlamentari akta.

Junqueras behin-behinean espetxeratuta zegoen eurodiputatu hautatu zutenean. ERCko buruak espetxetik irteteko baimena eskatu zion Espainiako Auzitegi Gorenari, akta jaso ahal izateko, baina Pablo Llarena epaileak baztertu egin zuen eskaria.

Junquerasek bezala, ezin izan zuten diputatu akta jaso Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Toni Comin Kataluniako Osasun kontseilari kargugabetuak ere, nahiz eta diputatu hautatu zituzten. Puigdemont eta Comin Belgikan daude, erbestean.

Espainiako Auzitegi Nagusiak hamahiru urteko espetxe zigorra eta beste horrenbesteko inhabilitazioa ezarri zion Junquerasi, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzian. Hain justu, EBko Justizia Auzitegia Junquerasen zigorgabetasunari buruzko auzia aztertzen hasi baino bi egun lehenago eman zuen epaia Gorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.