Jupperen aukera galduta, Fillon aho batez babestuko du Frantziako eskuinak

Bordeleko alkateak bere burua ez du gai ikusten alderdia batzeko. Kritikoei aurre egin die LR-ren presidentegaiak: «Ez dago B planik»

François Fillon, atzo, Batzorde Politikoaren bilera hasi baino lehen. YOAN VALAT / EFE.
ander perez zala
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Lanpostu faltsuen kasuaren berri eman zenetik, François Fillon LR Errepublikanoak alderdiaren presidentegaiak hautagaitzari eutsi besterik ez dio egin, beti gainontzeko iritziak entzuteko prest, baina inoiz ez hautagaitza uzteko. 300 bat goi kargudunek utzi dute haren kanpaina, eta, faborito zena bigarren itzulirako sailkatzeko aukerarik gabe geratu den arren, ez du inoiz lehia uzteko asmorik agertu. Jarrera hori aurpegiratu diote, baina guztiz eraginkorra suertatu zaio: Frantziako eskuinak bere presidentegaia aho batez babesteko erabakia hartu du, haren ordezko izateko faborito nagusi Alain Juppek ez dela aurkeztuko jakinarazi ostean.

Erabaki arriskutsua dirudi, baina barne krisia amaitzeko lehen pausoa izan daiteke atzo alderdiaren Batzorde Politikoak emandakoa. Fillonek bere kanpaina indartzea lortu du, hilabete maldan behera igaro ostean. Alderdiak zatituta jarraitzen du, baina Filloni babes «osoa» ematea erabaki dute, presidentetzarako bozetan inoizko porrotik handiena jasateko aukerak dituztela jakitun. Jupperen erabakiak izan du eragin gehien LR-ren jarreran, presidentegaia kanporatzeko pisuzko azken aukera baizen. «Ez dago B planik», gogorarazi zuen atzo Fillonek batzordearen bileran.

Eskuinaren krisiaren barnean, Bordeleko alkateak ez du bere burua alderdia batzeko gai ikusten, harentzat «beranduegi» delako. Aitortu du dei «asko» jaso zituela joan den astean, Fillonen ordezko izateko: «Zalantzak izan ditut». LR-ren hautagai izateko bi baldintza zituen Juppek, eta horietako bat zen Fillonek berak egitea eskaria. Ordea, eskuinaren presidentegaiak elkarretaratze bat egin zuen Trocaderon —Parisen—, herenegun, bere aldekoekin batera; indar erakustaldi horren arrakastaren araberakoa zen haren jarraipena, eta badirudi gustura geratu dela ikusitakoarekin. Hala, Fillonek aurrera jarraitzea erabaki du: «Prestakuntzarik gabeko hautagaitza batek hondamendira eramango du alderdia. Ez dago B planik». Fillonentzat ez ezik, En Marche mugimenduko presidentegai Emmanuel Macronentzat ere albiste ona izan da Jupperen erabakia, hainbat boto emaile haren mesedetan galduko lituzkeelako.

Hiruko bilera, bihar

Testuinguru berri horretan dira elkartzekoak, bihar, Fillon, Juppe eta Nicolas Sarkozy —alderdiko hiru sektore nagusiak—, Le Monde egunkariak jakinarazi duenez.

Eskuinaren presidentegaiaren kanpaina utzi duten goi kargudunen artean daude Patrick Stefanini kanpaina zuzendaria eta Thierry Soler bozeramailea. Sarkozyren sektoreko batzuk ere joan diren arren, kanpaina utzi dutenen gehienak Jupperen sektorekoak dira —alderdiaren diruzain Gilles Boyer eta David Teille Bordeleko alkatearen kabineteburu izandakoa—. UDI alderdi zentristaren babesa ere galdu du Fillonek, eta atzo Dominique Bussereau diputatuak utzi zuen kanpaina.

Martxoaren 15ean inputatuko dute ofizialki, orduan joango baita epaitegira deklaratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.