JxC Junts Per Catalunyaren botoei esker izendatu zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente 2023ko azaroan, eta, neurri handi batean, JxCk berak erorarazi zuen gobernu hori urri hasieran, etxebizitza dekretuen kontra bozkatu zuenean. Jakinda Kongresuan zituen zazpi diputatuak ezinbestekoak zirela Sanchez babestu zuen blokeak legeak onar zitzan, Kataluniako alderdi independentistak hesi lasterketa baten gisan planteatu zuen azkeneko legegintzaldia. Hau da, ekinbide bat aurrera eraman nahi bazuen, Sanchezek jauzi egin beharra zeukan Carles Puigdemont buru duen indar kontserbadoreak jarritako hesiaren gainetik. Eta Sanchezek gainditu ditu batzuk azken hiru urteetan, baina ezin izan zuen azkenekoaren gainetik salto egin, eta aurreratu egin zituen beranduenez hurrengo urteko udan egitekoak ziren Espainiako Gorteetarako bozak.
Inkesta gehienek diote ezetz, azaroaren 29an egitekoak diren hauteskundeetako emaitzek ez diotela modurik emango Sanchezi inbestidurara begira berriro gehiengo heterogeneo bat osatzen ahalegintzeko; alegia, PPk eta Voxek gehiengo osoa lortuko dutela. Halere, inkestek diotena bete ez eta, zenbakiak eskuan, PSOEk JxCren botoak ere beharko balitu, gaur-gaurkoz gaindiezina dirudien hesi baten gainetik salto egin beharko luke. Izan ere, Kataluniako alderdiak esan du azken asteetan kasu bakarrean babestuko lukeela PSOE buru duen gobernu berri bat: Sanchez ez izatea horren presidente.
JxC haserre dago Sanchezekin; iruditzen zaio Katalunia «alboratu» duela. «PSOEk erabaki beharko du ea Sanchez alderdia baino inportanteagoa den, ea ados jartzea eta aurrerapausoak ematea baino garrantzitsuagoa den», nabarmendu zuen Miriam Nogueras JxCren Kongresuko bozeramaileak, orain aste batzuk. PSOEren bueltako ustelkeria kasuak pilatu egin dira auzitegietan azken legegintzaldian, eta dimititzeko eskatu izan dio JxCk Sanchezi; are, Starmer bidea deitu zuena planteatu zuen Kataluniako alderdiak udan, ikusirik Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak dimisioa eman zuela, alderdi barruko presioaren ondorioz.
4Â
Zenbatgarren aldiz aurkeztuko den Espainiako Gorteetarako bozetara. JxC Junts Per Catalunya 2017ko azaroan sortu zuten, independentzia erreferendumaren ondoren Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri eta Generalitatea kontrolpean hartu zuenean; neurri batean, Convergenciaren lekua hartu du. Laugarren aldiz aurkeztuko da Espainiako Gorteetarako bozetara. 2019ko apirilean zazpi aulki lortu zituen Kongresuan, eta bi senatuan; 2019ko azaroan, zortzi Kongresuan eta hiru Senatuan; eta 2023ko uztailean, zazpi Kongresuan eta bat Senatuan. Boto gehien 2019ko azaroan lortu zituen: 530.000.
Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak maiz hitz egin izan du azken legegintzaldian Sanchezen kontrako zentsura mozio bat aurkezteaz. Eta Espainiako Gobernuko presidentea oposizioburuak bezain gogor kritikatu izan badu ere, JxCk zentsura mozio horren bidez Sanchez eroraraztea baztertu du, bai baitzekien orduan egotziko ziotela Voxekin batera bozkatzea Sanchez kargugabetzeko.Â
Azaroaren 1ean, Noguerasek esan zuen beren botoak inoiz ez dituztela erabiliko PP-Vox blokea laguntzeko. «Bi alderdi horiek behin eta berriz ari dira mehatxu egiten gobernatuz gero Kataluniari kenduko diotenarekin». Noguerasen hitzetan, hauteskundeei begira helburua da indar handia edukitzea, «hartara Madrilen ezin dadin inongo erabakirik hartu Katalunia gabe». 2019az geroztik, PPk, Voxek eta JxCk zortzi aldiz bozkatu dute elkarrekin Kongresuan, gobernuak etxebizitza esparruari buruz onartutako dekretuen kontra.
Karpetaz karpeta
Koalizio gobernuaren ahultasun parlamentarioa baliatu du JxCek azken urteetan, hura ahalik eta estuen hartzeko. Abiatu ere, JxCk baldintzatuta abiatu zen azken legegintzaldia, 2023ko azaroaren erdialdean. Beren babesa nahi bazuen —eta hura ezinbestean behar zuen Sanchezek inbestitua izateko—, Kataluniako prozesu subiranistaren auzia konponbidean jartze aldera amnistia legea hauspotu beharko zuen gobernuak; hura zen JxCk jarritako baldintzetako bat. Hala jaso zuten bi aldeek, 2023ko azaroaren 9an sinatutako akordio batean.
Horrela hasi zen legegintzaldia, eta, handik gutxira, 2024ko urtarrilaren amaieran, lehen abisua eman zion JxCk PSOEri: amnistia legearen proiektuaren kontra bozkatu zuen. Lege hori hilabete batzuk geroago onartuko zuen Kongresuak, maiatzean, baina lehen lege proposamena ez onartuta, Puigdemont buru duen alderdiak erakutsi nahi izan zion Sanchezi haiekin negoziatzea besteekin negoziatzea baino zailagoa izango zela; haiek esan moduan, «karpetaz karpeta» aritu beharko zutela.
Amnistia legearekin gertatutakoari erreparatuz, PPk iragarri zuen legegintzaldia amaitzear zegoela; dena den, JxCk koalizio gobernuaren jarduna baldintzatu duen bakoitzean esan du antzeko zerbait Nuñez Feijoo presidente duen alderdiak.
Adibidez, 2025eko urtarrilaren bukaeran. Gobernuak ezin izan zuen onartu hainbat neurri jasotzen zituen omnibus dekretu bat, PPk, Voxek, JxCk eta EAJk kontra bozkatu zutelako. PPren esanetan, gobernua «arnasarik gabe» geratzen ari zen. Gobernuak, beraz, beste testu bat negoziatu zuen JxCrekin, eta otsail erdialdean onartu; are, PPren babesarekin.
Eta JxCk Madrilen negoziatu du, garondoan Aliantza Katalanaren hatsa sentitzen zuen bitartean. Izan ere, Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroaren barometroek diotenez, bozkatzaileak kentzen ari zaio alderdi islamofobo hori —ez da Gorteetarako bozetara aurkeztuko—, eta, beranduenez 2028ko udaberrian egitekoak diren Kataluniako Parlamenturako bozetan, aurrea hartuko dio. Horiek horrela, migrazioari buruzko diskurtsoa gogortu egin du JxCek, eta 2025ean migrazio arloko eskumenak eskualdatzeko lege proiektu bat ondu zuen PSOErekin, eta Kongresuan erregistratu. PPk, Voxek eta Podemosek atzera bota zuten iazko irailean.
Hilabete geroago, PSOErekin bi urte lehenago sinatutako ituna hautsi zuen Kataluniako alderdi independentistak, eta bertan behera utzi Puigdemont eta PSOEren ordezkariak aldian-aldian Suitzan egiten ari ziren bilerak. Puigdemonten arabera, hiru arrazoirengatik: batetik, amnistia ez dietelako denei aplikatu; bestetik, migrazioari buruzko eskumenak ez dituztelako eskualdatu; eta, hirugarrenik, Espainiak ez duelako lortu, JxCren eta PSOEren arteko akordioan aurreikusita zegoen bezala, euskara, katalana eta galegoa Europako Batasunean ofizial izatea.
Akordioa eskuan, Sanchezek nabarmendu zuen Moncloan bere esku dagoena egin duela. «Ez du gobernatzeko gaitasunik edukiko», esan zuen Puigdemontek. Urtebete geroago, Sanchezen asmoa izango da JxCk berriro jarri nahiko dituen hesien gainetik jauzi egitea.