Oztopoak oztopo, March to Gaza egitasmoak aurrera jarraitu nahi du. Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko presioa egitea eta Israel zerrendaren aurka egiten ari den sarraskia salatzea ditu asmo martxa horrek, baina hartan parte hartzekoak ziren 200 ekintzaile inguru atxilotu zituen atzo Egiptoko Poliziak. Horietako zenbait deportatu egin dituzte, baina beste batzuei Kairora sartzen utzi diete. Azken horietako bat da Reem Dandan Euskal Herriko ordezkaritzako kidea. Aurrera egiteko, ordea, oztopo asko izaten ari dira: «Polizia Egiptoko kaleetan dabil, kontrolak egiten». Polizia kontroletan ekintzaileak jipoitu dituztela salatu dute. Baina argi dute: «Gu saiatuko gara». Gaur, gutxi batzuk adostua zuten elkargunera iristea lortu dute, martxa irtetekoa zen lekura. Gehienak, ordea, bidean gelditu ditu Poliziak. Bitartean, Israelek gutxienez 21 pertsona hil ditu gaur Gazan, janaria banatzeko guneetan, zerrendako Osasun Ministerioaren arabera.
Kontrol horietako batean geratu dute Nere Etxebarria. Egitasmoko parte hartzaileak Kairotik Al-Arix hiri ingurura joatekoak ziren gaur, handik Rafahra oinez joateko asmoarekin. Bada, bide erdian geldiarazi dute Etxeberria zeraman taxia, autobideko ordainleku batean: «Hemen gaude, ez atzera ez aurrera. Polizia ere hemen dago, eta ez du nahi guk aurrera jarraitzerik», adierazi du telefonoz. Lehen kontrol puntu batean 500 lagun inguru geldiarazi dituztela esan du, eta bigarren puntu batean, beste mila. Poliziak pasaporteak kendu dizkietela gehitu du, eta atzera egitera behartu nahi dituela: «Pasaporteak berreskuratzeko aireportura itzuli behar dugu, haien autobusetan».
Gainera, Etxeberriak kontatu du Polizia oldartu egin zaiela eta martxan parte hartzen ari zirenak jipoitu dituela. «Denak kaleko jantzita zeuden. Oso bortitza izan da». Kairora bueltan bidaltzeko autobusetan «animaliak bezala» sartu dituztela salatu du baita ere. Ekintzaileen esanetan, kontrol puntuetan egun guztian izan dituzte «eguzki izugarri gogorraren pean». Bi lagun ospitalera eraman behar izan dituzte beroagatik zorabiatuta. Bertan kanpatzeko erabakia hartu dute, baina Polizia oldartu zaie orduan.
Elkargunera iristea lortu dutenak, berriz, ezin elkartuta ibili dira. Horien artean da Dandan. Ingurua poliziaz beteta aurkitu dute, ekintzaile batzuk atxilotu egin dituzte eta sakabanatzera behartuta ikusi dute beren burua. «Bakoitza ahal duen bezala ezkutatu da».
Erlazionatuta
Atzo aireportuetan zer gertatu zen ikusita eta Poliziaren kontrolak direla eta, Etxebarriak adierazi du martxaren «plan guztia apurtu» egin dela. Horregatik, ekintzaileak talde txikietan abiatu dira Al-Arix hirirantz: «Kairon ere elkar ezagutuko ez bagenu bezala ibili gara. Gainean izan ditugu poliziak». Martxaren antolakuntzak ez diela informazio zehatzik eman gehitu du Dandanek gaur goizean. Haren ustez, antolakuntza «tentu handiz» ibili da: «Azken ordura arte ez dugu ezer jakingo». Martxakoek elkartzeko leku bat dutela esan du, baina poliziek «errepide guztiak kontrolatuta» dituztenez, «lagun gehienak» gelditu dituzte. Pasaportea kendu eta gero Kairora edo aireportura itzultzera «behartu» diete: «Egoera oso zaila da, ez dakigu zein momentutan harrapatuko gaituzten».
Izan ere, March to Gazan parte hartzekoak ziren 200 ekintzaile inguru atxiki zituzten atzo —nazioarteko 52 ordezkaritzatako milaka ekintzaile ziren martxan parte hartzekoak—; batzuk Kairoko aireportuan atzeman zituzten, eta beste batzuk hoteletatik eraman zituen Poliziak. Etxebarriaren hotelean sartu ziren poliziak, eta ohartarazi zieten legea bete beharra zeukatela, eta bost edo sei pertsona baino gehiagoko taldeak legez kanpokoak direla, manifestazioak debekatuta daudelako.
Dandan aireportuan eduki zuten herenegun gauetik atzo eguerdira arte: «Anabasa hutsa izan zen». Horregatik, ohartarazi du datu zehatzik ez duela, baina uste duela atxilotuta eduki zituzten 200 ekintzaile ingurutik «herenak edo agian erdiak» deportatu dituztela. Nabarmendu duenez, atxilo hartu zituzten gehienak arabiarrak ziren: «Izen edo abizen arabiarrak genituen atxilotuen %80k edo agian gehiagok».
«Pasaporteak berreskuratzeko aireportura itzuli behar dugu, haien [Poliziaren] autobusetan»
NERE ETXEBARRIAEuskal Herriko ordezkaritzako kidea
«Izen edo abizen arabiarrak genituen atxilotuen %80k edo agian gehiagok»
REEM DANDAN Euskal Herriko ordezkaritzako kidea
Aireportuan atxilo eduki zituzten tokietan ia ez zirela kabitzen azaldu du Dandanek, eta ekintzaileak hainbat gunetan eduki dituztela: «Komisarian eduki gintuzten, baina polizien bulegoen barruan. Eta meskita baten barruan egin genuen lo, gela txiki batean». Halere, adierazi du Poliziak tratu «ona» eman ziela: «Esan ziguten egiptoarrek ere Palestinaren askatasuna nahi dutela». Atxikita zeuden bitartean, senideei mezuak bidaltzeko telefonoa utzi zietela gehitu du ekintzaileak, baita janaria eskatzen zutenean eman egiten zietela ere, nahiz eta ordaindu egin behar izan zuten.
Dandanek jakinarazi du Euskal Herriko ordezkaritzako zenbait kide Madrilera itzuli direla: «Gure hotelean hiru gaude, eta beste hoteletan daude beste batzuk, baina ez dakigu zenbat».

Kairora iritsitako ekintzaileak Tunisiatik abiatutako beste martxa batekin elkartzekoak ziren. Sumud —erresistentzia esan nahi du arabiarrez— izeneko konboia Libia erdialdean geldiarazi zuten atzo gauean, Sirte hiritik hurbil. Al-Jazeera hedabidearen arabera, mila pertsonak baino gehiagok osatzen dute Afrika iparraldea zeharkatzen ari den martxa hori, eta gero eta gehiago elkartu zaizkie herriak zeharkatu heinean. Bart, ordea, Libia ekialdea kontrolatzen duten miliziek konboia geldiarazi dute, antolatzaileek zabaldu duten ohar batean arabera. Aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute, eta gehitu prest daudela zain egoteko horretarako baimena lortu bitartean.