Itsasoz lortzea posible izan ez dena oinez egiteko asmoz iritsi dira gaur Kairora gutxi gorabehera 50 naziotako ehunka lagun. March to Gaza nazioarteko egitasmoaren helburua da Israel zerrendaren aurka egiten ari den sarraskia salatzea, eta blokeo humanitarioa eteteko presioa egitea; horretarako, parte hartzaileek oinez egingo dute Rafahrainoko bidea, Egiptoren eta Gazaren arteko mugaraino. Ibilaldiari ekiteko gogoz dago Reem Dandan Hego Euskal Herriko ordezkaritzako kidea, baina aitortu du ziurgabetasuna dela nagusi, oraingoz ez baitute jaso Egiptoko Gobernuaren oniritzia.
Ikusi gehiago
Halere, hurrengo egunetarako plangintza xehe-xehe azaldu du: gaur Kairon lur hartu ondoren, Al-Arish hirira autoz joatekoak dira bihar; handik ekingo diote 48 kilometroko bideari, eta aurreikusten dute bi eta hiru egun artean behar izatea Rafahra ailegatzeko. Behin Rafahn, hiru eguneko kanpaldia egin asmo dute mugan, kamioi humanitarioei sartzen utz diezaieten presio egiteko. Hilaren 19an itzuliko dira Kairotik.
Ikusteko dago, ordea, paper gainean egindako plana gauzatu ahal izango ote duten: «Kairora iristean ez dakigu zer egingo dugun; baimena lortu zain gaude, beraz, ez dakigu zer gertatuko den Egipton». Egitasmorako baimena lortzeko hainbat bide erabili dituzte antolatzaileek; adibidez, ordezkaritzak beren herrialdeetako alderdi politiko batzuekin bildu dira, eta horien bidez eskaera bidali diote, formalki, herrialde bakoitzak Egipton duen enbaxadoreari. «Tunisiatik irten den beste talde batekin elkartuko gara Kairon bihar; haiek lortu dute ibilaldia egiteko baimena, hortaz, baikor gaude», nabarmendu du Dandanek.
«Kairora iristean ez dakigu zer egingo dugun; baimena lortu zain gaude, beraz, ez dakigu zer gertatuko den Egipton»
REEM DANDANHego Euskal Herriko ordezkaritzako kidea
Nazioarteko koalizio zibil berak antolatu du Tunisiatik abiatu den ibilaldi hori. Ekimena astelehenean hasi zen, eta autobusez egin dute Kairorainoko bidea, 1.000 pertsona inguruk. Mugimendu berak antolatu du, bestalde, Askatasunaren Flotilla egitasmoaren azken ekintza ere. Israelgo armadak astelehen goizaldean atzeman zuen Ship to Gaza ekimenak zerrendara bidean jarritako Madleen itsasontzia, eta han zeuden hamabi ekintzaileak atxilo hartu zituen.
Israelen erantzuna ikusita beldur ote diren galdetuta, irmo erantzun du Dandanek: «Israelek nahi duena da guk beldurra izatea, baina beldurtuta bagoaz ezer gutxi lortuko dugu». Gaineratu du ibilaldiko parte hartzaileek «argi» dutela «sionismoa eta Israel zer diren», baita «zer egiteko gauza» diren ere. Dena den, ez dute beren plana aldatzeko asmorik: «Lasai ekingo diogu Rafahrainoko bideari, eta ahaleginduko gara Gazara iristen».
Bost helburu
March to Gaza ekimeneko antolatzaileek webgune bat dute ekintzaren berri emateko, baita parte hartu nahi duen orori gonbita luzatzeko ere. Dandanek nabarmendu du, webgune horretan zehaztu bezala, egitasmoa ez dela ezein alderdi politikori lotuta sortu, eta askotariko herritarrek egin dezaketela bat haiekin.
Luzea eta askotarikoa da, halaber, ibilaldiaren bidez bete nahi dituzten helburuen zerrenda. «Ezinezkoa da helburu bakar bat zehaztea, gutxiengo batzuk baino ez ditugu eskatzen», gehitu du. Halere, horietatik premiazkoenak lirateke «ahalik eta azkarren genozidioari amaiera ematea eta Gazako muga irekitzea blokeatuta dagoen laguntza humanitarioa sartu ahal izateko».
«Israelek nahi duena da guk beldurra izatea, baina beldurtuta bagoaz ezer gutxi lortuko dugu»
REEM DANDANHego Euskal Herriko ordezkaritzako kidea
Hego Euskal Herriko ekintzaileak kontatu duenez, antolakundean beste hiru helburu zehaztu dituzte premiazko bi asmo horiez gain: «Muga behin betiko zabalik mantentzea, baldintzarik gabe; nazioarteko gobernuek Israeli armak bidaltzeari uztea; eta NBEk [Nazio Batuen Erakundeak] iradoki gisa Israel egiten ari den gerra krimenengatik epaitua izatea».
Palestinarra du aita Dandanek, Nablusen jaiotakoa: «Alde horretatik, palestinartzat dut neure burua, erabat». Urte bat eta zortzi hilabete igaro dira Israelek Gazaren aurkako ofentsiba areagotu zuenetik, eta orain zaila egiten zaio nola sentitzen den azaltzea: «Suntsituta, nekatuta, nazkatuta… Amorruz beteta». Azkenean, hitz solteak baztertu eta esaldi bat osatuta adierazi nahi izan du zer moduz dagoen: «Ez daukat hitzik gertatzen ari dena definitzeko, ez dut ulertzen».