Kalera atera dute haserrea

Bartzelonan manifestazioa egin dute, ANCk deituta eta Preso politikoak askatu lelopean. 55.000 lagunek parte hartu dute, udaltzaingoaren arabera, eta manifestazioa Alemaniako kontsulatuaren parean amaitu da. CDR Errepublikaren Aldeko Komiteek deitutakoan, berriz, mila lagun inguru elkartu dira, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. Istiluak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean. Baita hainbat zauritu ere.

Milaka lagunek salatu dituzte espetxeratzeak. ASSEMBLEA
2018ko martxoaren 26a
08:47
Entzun

Giroa bero zegoen aurretik. Auzitegi Gorenak hamahiru buruzagi independentista auzipetu zituen ostiralean, eta horietako bost espetxeratzeko agindua eman zuen. Atzo, Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratua atxilotu zuen Alemaniako Poliziak. Horrez gain, Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohiari deklaratzera joateko eskatu dio Eskoziako Poliziak. Espainiaren eskariz hartu dituzte neurri horiek Alemaniako eta Eskoziako poliziek, Auzitegi Gorenak Puigdemonten eta Ponsatiren kontrako euroagindua berriz ere indarrean jarri ostean. Horrek guztiak, aurreko hilabeteetako gorabeherekin lotuta, kalera irtenarazi ditu herritarrak, beste behin. Milaka izan dira Katalunia osoan zehar antolatutako protesta ekintza, manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartu dutenak.

Besteak beste, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza okupatu dute hainbat lagunek Gironan, eta Frantziarekiko mugako hainbat errepide ere eten dituzte. Dena den, protesta jendetsuena Bartzelonan izan da. ANCk antolatuta, 55.000 lagun irten da kalera Preso politikoak askatu lelopean, hiriko udaltzaingoaren datuen arabera. Manifestazioa Alemaniako kontsulatuaren parean amaitu da, eta "Puigdemont presidente" ohiukatu dute. Izan dira Europako Batasunaren jarrera salatzeko mezuak ere.

Protestan parte hartu dutenen artean izan dira Junts per Catalunyako Elsa Artadi, Laura Borras eta Quim Torra; PDeCATeko presidente Neus Munte; ERCko Ernest Maragall; CUPeko Carles Riera eta Mireia Boya; eta ANCko presidente Elisenda Paluzie. Azken horrek eskatu dio Alemaniari ez dezala Puigdemont estraditatu. "Hemen gertatzen ari dena Europako beste herrialde batzuetan ere gerta daiteke, eta hori oso larria da".

CUPeko diputatu Carles Rierak, berriz, mobilizazioekin jarraitzeko deia egin die herritarrei: "Protestek gero eta jendetsuagoak behar dute izan. Kataluniako giza eskubideak eta eskubide politikoak defendatu behar ditugu".

Tentsio are handiagoa izan da CDR Errepublikaren Aldeko Komiteen mobilizazioan. Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mila lagun inguru elkartu dira, eta istiluak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean. Larrialdi zerbitzuen arabera, 98 zauritu arin artatu dituzte. Bederatzi lagun atxilotu dituzte mossoek.

Kataluniako gainontzeko hiriburuetan ere manifestazio jendetsuak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.