Trump eta Jeffrey Epstein hamabost bat urtez izan ziren lagunak; 2004ra arte, hain justu. AEBetako presidenteak berak hori esan zien kazetariei uztailean. Baina lehenak hautsi egin zuen adiskidetasun hori, finantzari dirudunak beharginak «lapurtu» zizkiolako. Bada, Epstein auziko beste 13.000 dokumentu kaleratu zituen AEBetako Justizia Departamentuak atzo iluntzean —webgune bat sortu dute propio horretarako—, baina horietan apenas aipatzen den Trump, eta, hortaz, zaildu egiten da Etxe Zuriko maizterrari leporatzea bazuela Epsteini egotzitakoaren berri. Adingabeekin sexu trafikoa egiteagatik epaitua izateko zain zegoela hil zen Epstein, 2019ko abuztuan, New Yorkeko kartzela batean; FBIren arabera, bere buruaz beste egin zuen, nahiz eta ez dagoen hori baieztatzeko frogarik.Â
Azken urteetan, izan biktimek bultzatuta, izan AEBetako Kongresuko batzorde baten ekimenez, sekretua kendu diete auziari buruzko dokumentuei. Azaroan, esaterako, batzorde horretan parte hartzen duten Alderdi Demokratako kideek milaka argitaratu zituzten —20.000 orrialde inguru—. Trumpi erreferentzia egiten diotenak bi dira gutxienez.Â
2011koa da horietako bat, Epsteinek Ghislaine Maxwelli, hau da, orduko bere bikotekideari bidalitako mezu elektroniko bat —Maxwell hogei urteko zigorra betetzen ari da 2021etik, konplize izateagatik—. Zera dio mezuan: «Nahi dut zu konturatzea zaunka egin ez duen zakur hori Trump dela... [Biktimak] orduak pasatu zituen harekin, nire etxean». Jatorrizko mezuan biktimaren izena ageri da, baina demokratek ezabatu egin zuten. Beste dokumentua, berriz, 2019koa da: mezu elektroniko batean, Epsteinek kazetari bati esan zion Trumpek bazuela «nesken kontuaren berri». Epsteinen mamua Trumpi jazartzen ari zaio, baina AEBetako presidenteari ez diote egotzi pederastarekin loturik deliturik; esan izan du ez zuela finantzariaren jokabidearen berri.
Ikusi gehiago
Horiek horrela, ia segurutzat jotzen zen Kongresuaren aginduz Justizia Departamentuak argitaratutako dokumentuek informazio gehiago emango zutela AEBetako presidentearen eta Epsteinen arteko harremanari buruz. Ez da halakorik gertatu, ordea, plazaratutakoek ez baitute azaleratzen orain arte ezaguna ez zen loturarik Trumpen eta pederastaren artean. Atzo argitaratutako paperetan ia ez zaio erreferentziarik egiten presidenteari: aurrez kaleratutako argazki batzuk azaleratu dira, eta, bestalde, ikusten da Trumpen izena Epsteinen kontaktuen zerrendan ageri zela.Â

Ez dituzte, Kongresuak azaroan onartutako legeak ezarri bezala, dokumentu guztiak argitaratu. Etxe Zuriak atzo ohar batean azpimarratu zuenez, datozen bi asteetan paper gehiago kaleratuko dituzte; gaur bertan beste sorta bat kaleratu dute: 30 dokumentu inguru. Ez dago argi zeri kenduko dioten sekretua Gabonetan, baina AEBetako hedabideetan azken orduetan elkarrizketatutako hainbat adituk ohartarazi dute dokumentu guztiak kaleratuak izateak ez duela bermatzen Epsteinen harreman sareari buruzko informazio esanguratsu gehiago eskuratzea.
Argitaratu dituzten argazkien artean daude, esaterako, Bill Clinton AEBetako presidente ohiaren (1993-2001) batzuk; argazki horietako batean, jacuzzi batean ageri da, beste pertsona batekin —aurpegia ezabatu diote—. Beste batzuetan, Epstein agertzen da Mick Jaggerrekin, baita Michael Jacksonekin ere.Â
Hamabost eguneko epea
Kaleratutako milaka dokumentu horietan, izen asko —guztira 1.200, Etxe Zuriaren esanetan— ezabatuta agertzen dira; AEBetako Gobernuak adierazi duenez, biktimak babesteko ezabatu dituzte; are, dokumentu baten 119 orriak goitik behera ezabatu dituzte. Chuck Schumer demokraten Senatuko buruak ohar batean esan du jarrera horrek «urratu» egiten duela legearen «gardentasun espiritua».
Etxe Zurira itzuli zenean, urtarrilean, Trumpek esan zuen dokumentuak kaleratzearen alde egingo zuela. Gero, Kongresuan hori egiteko prozedura bat hasi zutenean, trabak jartzen ahalegindu zen; ordu batzuen buruan, ordea, iritzia aldatu zuen, eta azaroaren 16an adierazi zuen «berdin» zitzaiola paperak argitaratuak izatea.
Beste hiru egunen buruan, bai Senatuak bai Ordezkarien Ganberak ontzat jo zuten espedienteak argitara ateratzea, demokraten eta errepublikanoen erabateko babesarekin. Legean jasotzen da, besteak beste, zentsuratu egingo dituztela biktimak arriskuan jar ditzaketen dokumentuak; dena den, zehazten da justifikatu beharra dagoela ezabatutakoa zergatik ezabatu duten, eta Justizia Departamentuak bi asteko epea izango duela horretarako, dagokion dokumentua kaleratu den egunetik hasita.