Epsteinekin lotutako ehunka mila dokumentu argitara ateratzekoa da AEBetako Justizia Departamentua

Adingabeei sexu abusuak egiteagatik auzipetutakoaren inguruko agiriak kaleratzeko epea gaur amaituko da. Ez dituzte, baina, dokumentu guztiak argitara aterako, eta demokratek «egia ezkutatu nahian» aritzea leporatu diote Trumpen administrazioari.

Donald Trump emakume batekin hizketan, Jeffrey Epstein alboan duela. EFE
Donald Trump emakume batekin hizketan, Jeffrey Epstein alboan duela. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abenduaren 19a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Justizia Departamentua Epstein auziaren inguruko «ehunka mila» dokumentu argitara ateratzekoa da gaur. Hain justu, gaur amaitzen da horretarako epea. Epsteinen Agirien Gardentasun Legearen arabera, departamentuak 30 egun zituen adingabeak prostituzioan aritzera behartzeagatik auzipetutako finantzariarekin lotutako agiri guztiak plazaratzeko. Fiskal nagusiaren laguntzaile Todd Blanchek, baina, jakinarazi du ez dituztela guztiak gaur kaleratuko: «Datozen asteetan argitaratuko ditugu beste ehundaka mila», azaldu du Fox telebista katean egindako elkarrizketa batean. Alderdi Demokratak legea ez betetzea leporatu dio departamentuari.

«Legeak argi dio: Trumpen administrazioak 30 eguneko epea zuen Epsteinen inguruko agiri guztiak argitaratzeko, ez soilik agiri batzuk», kritikatu du ohar batean Chuck Schumer demokraten Senatuko buruak. Eta gehitu du Justizia Departamentua, Donald Trump AEBetako presidentea eta Pam Bondi fiskal nagusia «egia ezkutatu nahian» ari direla. Azaroaren 18an onartu zuen lege proposamena AEBetako Kongresuak, eta Trumpek berrespena eman zion.

Jeffrey Epstein 2019ko uztailean atxilotu zuten, dozenaka neska adingabe prostituitzera behartzea leporatuta. Espetxeratu eta hilabete batera, bere buruaz beste egin zuen.

Epsteinen inguruan egindako ikerketetan jasotako dokumentu guztiak argitara ateratzea lan konplexua dela azaldu du fiskal nagusiaren laguntzaileak: «Agiri bakoitza aztertzen ari gara, biktimak babestea bermatzeko». Eta, CNN AEBetako hedabideak kaleratu duenez, lan horretan ari diren abokatuak «frustratuta» daude. Abokatu horietako bakoitzak mila dokumentu baino gehiago aztertu behar izan dituela gehitu du hedabideak, Justizia Departamentuko iturriak aipatuz.

Trumpek jarrera aldakorra izan du Epsteinen inguruko agiriak kaleratzeko eskaeren inguruan. Dokumentuak kaleratzeko presioa «demokraten trikimailua» dela esan izan du; gerora, adierazi zuen «bost axola» zitzaiola dokumentuak kaleratu edo ez. Eta, azkenean, presioari men egin, eta legea sinatu zuen. Epstein laguna izan zuen Trumpek, baina ukatu egin izan du adingabeen sexu trafikoari buruz ezer zekiela.

Argazkiak

Azken hilabeteetan, Justizia Departamentuak milaka dokumentu igorri dizkio Ordezkarien Ganberako ikerketa batzorde bati; kongresistek argitara atera izan dituzte horietako hainbat. Atzo bertan, ikerketa batzorde horretako demokratek Epstein auziarekin lotutako 68 argazki argitaratu zituzten. Horietan, besteak beste, hauek ageri dira: Trump, Bill Clinton presidente ohia (1993-2001), Woody Allen zinemagilea, Noam Chomsky filosofoa eta Bill Gates Microsoften fundatzaile eta filantropoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.