Bernat Joan. Kataluniako Hizkuntza Politikarako idazkari ohia

«Kaltetuta dagoen hizkuntza bati ez laguntzea hari erasotzeko modua da»

Herrialde Katalanetan hizkuntza baliogabetzen duten erabakiak hartzen ari direla salatu du idazleak, eta horren aurka katalanaren normalizazioa lortzeko lan egin beharra dagoela dio.

BERRIA.
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako Hizkuntza Politikarako idazkari ohia da Bernat Joan (Eivissa, 1960). Herrien Europa koalizioarekin Europako Parlamentuan egon zen, 2004 eta 2007 bitartean. Hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu, eta Universitat de les Illes Balearsen irakaslea da. Oraingoz politika alde batera utzi eta idaztea eta eskolak ematea erabaki duen arren, gertutik aztertu du nola Valentzian hiru eleko eredua jarri eta Balearretan Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza kendu duten.

Zein uste duzu dela Valentziako eta Balearretako gobernuak hartzen ari diren erabakien arrazoia?

Arrazoi nagusia PP Alderdi Popularrak katalanaren inguruan duen interes falta da. Horren erakusle da Herrialde Katalanetan agintea lortu duten gobernuek hizkuntza politikei eman dieten garrantzi eskasa. Gaur egungo krisi egoerak lehentasunak izatera behartzen gaitu, eta hizkuntza ez dago Balearretako Gobernuko lehentasunen artean.

Balearretan Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza kentzeak zein ondorio izango du katalanean?

Garrantzi handia duen zuzendaritza bat desagerrarazi dute. Balearretan katalanaren egoera guztiz normalizatuta egongo balitz,ulertuko nuke egitura ahulagoak sortzea. Baina egoera horretatik urrun gaude, irletako eremu ugaritan hizkuntzaren egoera nabarmenki ahula baita.

Kultura eta Gazteria Saila arduratuko da katalanaz orain. Nahikoa bitarteko eta lan eskainiko dizkiotela uste al duzu?

Ez da hainbeste baliabide arazoa, zeharkakotasun arazoa baizik. Hizkuntza politikak gobernuko arlo guztietan sartua egon beharko luke, eta Balearretan oso eremu txiki eta konkretuan sartuta geratu da. Presidentetza, funtzio publikoa edo horrelako zuzendaritza garrantzitsuren baten barruan jarriko balute, arlo askotan eragina izatea lortuko litzateke. Kultura eta Gazteria Sailaren barruan sartuta zaila izango da hizkuntzaren beharrei erantzutea.

Oraindik ezer argitu ez duen arren, Jose Maria Bauza Balearretako presidenteak jakinarazi du hezkuntza eredua aldatuko duela. Valentziako hiru eleko eredua ezarriko duela uste al duzu?

Aukeretako bat hori da, baina frogatuta dago ez dela baliagarria. Europako Batasunak Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituen eskutitzei buruz eginiko txostenak dio Kataluniako hezkuntza sistemarekin ikasleek, gutxiengo mailara iristean, katalanean eta gaztelanian maila ona dutela. Gainera, hirugarren hizkuntza bat ere jakiten dute. Gaztelaniaz ikasten dutenek, ordea, ez dute bi hizkuntzetan gaitasun bera. Beraz, txosten horren arabera, Kataluniako ereduarekin betetzen dira autonomia estatutuko helburuak, eta Valentziakoarekin ez.

Katalanarentzat kaltegarria izango da hezkuntza ereduaren aldaketa?

PPren gobernuak 1997an sortutako gutxiengoen dekretuari eutsiko balio, eta ikasgaien %50 katalanez eman eta beste erdiak ingelesaren eta gaztelaniaren artean banatuko balira, aldaketa ez litzateke txarrerako izango. Hala ere, Bauzak ez du argitu hizkuntza aukeratzeko askatasuna zenbaterainokoa izango den, ezta zenbat urtera arte aukeratu ahal izango den. Ez dakigu egingo dituen aldaketak haur hezkuntzarako edo derrigorrezko hezkuntza guztirako izango diren. Datu guztiak jakin arte ezin da balorazio egoki bat egin.

Herrialde Katalanetako gobernu berriek hizkuntzaren aurka egiteko asmoa al dute?

Gobernuek duten laissez fair, laissez passer [utzi egiten, utzi joaten] jarrera pasiboa katalanaren aurkakoa da. Kaltetuta dagoen hizkuntza bati ez laguntzea hari erasotzeko modua da. Katalanaren erabilera zabaltzeko lan egin beharrean, denbora pasatzen uzten dute.

Bauzaren iritziz, krisi ekonomikoaz, langabeziaz eta horrelako gaiez kezkatu eta hizkuntza alde batera utzi behar da.

Jendea hizkuntzaz ez kezkatzeko esandako kontraesana da hori. Hizkuntza aniztasunak eta hizkuntza gutxituen garapenak ekonomia hobetzen laguntzen dutela dioten ikerketa ugari daude. Erresuma Batuan Stephen Hagen irakasleak zuzendutako ELAN ikerketaren arabera, lurralde bateko herritarrekin bertako hizkuntza guztietan hitz egin ahal izateak negozioak bultzatzeko balio du. Ekonomiaren eta hizkuntzaren artean erlaziorik ez dagoela esatea guztiz faltsua da.

Aurten 25 urte bete dira hizkuntza normalizatzen hasi zenetik. Zeintzuk dira lortu diren aurrerapen nagusiak?

Katalana Balearretako ezaugarri folklorikoa izatea eragingo zuen prozesua geratzea lortu zuen arren, ez zen nahikoa izan hizkuntza normalizazioa lortzeko. Gaur egun ere egoera bera da: legea beharrezkoa da oraindik, baina hobekuntzak behar ditu.

Bauzak legea kenduko duela agindu zuen kanpainan.

Alderdi Popularrak estrategia arriskutsua erabili du botoak irabazteko. Orain arteko gobernu guztiek mantendu dute legea. Seguruenik Jaume Matasek gobernuan egon zenean legea kentzeko gogoa izango zuen, eta PSM Balearretako Alderdi Sozialistak ere erreforma gehiago egiteko gogoa izango zuen. Alderdi Popularrak normalizazioaren legearen aurka egitea zentzugabea litzateke.

Zein izango litzateke normalizazioa lortzeko hurrengo pausoa?

Lege horretako hainbat gauza betetzeko daude oraindik. Beste gauza batzuen artean, herritar guztiek erakunde guztietan katalana erabiltzeko eskubidea dute. Administrazioko hainbat arlotan ez dute hori betetzen. Beraz, lehenengo pausoa duela 25 urte erabakitakoa betearaztea izango litzateke. Espainia autonomikoan ez dago hizkuntza normalizaziorik, hori beste gauza bat da. Legeak errespetatu eta trantsizioa posible egin zuten adostasunak mantentzearen aldekoa dela dioen edozein gobernuk bultzatu beharko luke normalizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.