Kanada Europako Batasunaren lehen kide elkartua izateko asmoa iragarri du asteazken honetan Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. Atzo, Mark Carney Kanadako lehen ministroak adierazi zuen Kanadak «segurtasun eta ekonomia aliantza parekorik gabea» egin nahi duela Europarekin, bere herrialdea «munduko ordena ekonomiko berria» eraikitzeko oinarri gisa jartzen baitu.
Europako Batasunaren egoerari buruzko hitzaldia —urtero egin ohi du, irailean— eman du gaur Von der Leyenek, Estrasburgon (Frantzia), Europako Parlamentuan, eta bertan egon da Carney ere. Zuzenean mintzatu zaio Europako Batzordeko presidentea: «Europaren oparotasuna eta segurtasuna ez dira etxean soilik eraikiko. Zurekin lankidetzan aritu nahiko nuke, Kanada Europako Batasunaren aurreneko kide elkartu bihurtzeko bidea errazteko».
Horrekin lotuta, Von der Leyenek azpimarratu du ez dela «inoren aurkako» lankidetza bat izango, baizik eta euren «indarrak batzeko» egindako akordio bat. «Europak eta Kanadak demokrazian sinesten dute. Botere hori ez da indartsuena, aberatsena edota zaratatsuena, gu guztiona da. Eta demokraziek askatasuna dute norekin lan egin aukeratzeko».
ZER ESAN NAHI DU KIDE ELKARTUA IZATEAK?
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek gaur jakinarazi du asmo duela Kanada Europako Batasunaren lehen kide elkartu izendatzeko. Gaur egun, ordea, kategoria hori ez dago Europako tratatuetan estatus juridiko moduan. Alegia, gaur egun existitzen ez den kategoria bat dela, Europako Batasunak zehaztu beharrekoa. Hala ere, jakina dena zera da:
Kanada ez litzatekeela eskubide osoko estatu kide bilakatuko. Erdibideko formula bat izango litzateke, baina oraindik zehazteke dago zein eskubide eta zein betebehar izango lituzkeen kide elkartu batek.
Europak gaur egun dauzkan best «mehatxu» batzuei ere egin die erreferentzia Von der Leyenek. Esaterako, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkari. Alde batetik, Europako Batzordeko presidenteak erreferentzia egin die azken astean Lituanian, Danimarkan eta Polonian izandako gertakariei —droneak atzeman dituzte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko eta herrialde horietako defentsa sistemek—, eta onartu du geroz eta gehiago direla mehatxuak: «Errusiak Ukrainan hasitako gerrak aurrera jarraitzen du, eta mehatxuak areagotzen ari dira gure lurrean».
Horregatik, Von der Leyenek esan du Europako Batasunak prestakuntza hobetu behar duela, «beste mundu baterako» eginda dauden sistemak erabilita, eta eskatu du NATOren 4. artikuluaren pareko bat sortzea Europako Batasuneko herrialdeentzat —artikulu horrek dioenez, aldeek elkar kontsultatuko dute baldin eta aldeetako baten «lurralde batasuna, independentzia politikoa edo segurtasuna» mehatxupean badago—. «Estatu kide baten aurkako eraso bat abiarazten dutenean, estatu kide guztiak bildu behar dira Europako Batasunaren erantzun bateratu bat koordinatzeko, auziak dimentsio handiagoa hartu dezala eragozteko eta inpaktua arintzeko», zehaztu du.
Ukrainari dagokionez, Von der Leyenek aurreikusi du «gerra hasi zenetik negu hotzena» izango dela aurtengoa Ukrainan, baina nabarmendu du «ezerk» ezingo duela ukrainarren «erresistentziarako espirituarekin». Horregatik, jakinarazi du Europako Batasunak «inoiz eman dion babes handiena» emango diola Ukrainari neguan: «Gure lana da Ukraina ahal dugun ondoen babestea».
Zehaztu duenez, Europako Batasunaren finantzaketak aireko defentsa sistemak erosteko balio dio Ukrainari, baina nabarmendu du ez dela «nahikoa». Horregatik, Von der Leyenek adierazi du Europako Batasunak Ukrainako enpresekin «lankidetzan» aritzeko programa berri bat sortzeko lanetan diharduela, eta hitza eman du Errusiaren aurkako zigorrak indartzeko lan egingo duela. «Ez dira nahitaez zigor berriak sortu behar; daudenak aplikatzea da garrantzitsuena. Gure zigorrek presio handia egiten diote Errusiaren ekonomiari, eta ahal duen guztia egiten ari da horiek saihesteko. Beraz, egon daitezkeen zirrikituak itxi behar ditugu», esan du.
Sare sozialak eta AA
Europaren segurtasunari ez ezik, Europako gazteen segurtasunari ere erreparatu dio Von der Leyenek. Europako Batzordeko presidenteak sare sozialek gazteengan dauzkaten ondorioak zerrendatu ditu: «loaren galera, antsietatea, nork bere burua zauritzea edota ziberjazarpena». Hainbat herrialdek jada zenbait neurri iragarri dituzte halako kasuei aurre egiteko, baina Europako Batasunak orain arte ez dio auzi horri heldu. Bada, Von der Leyenek gaur jakinarazi du Europako Batasunak sare sozialetarako sarbidea ukatuko diela 13 urtetik beherako gazteei. Adierazi du, gainera, 15 urtetik beherako gaztetxoek haurrentzako web orrietan soilik izango dutela aukera profil pribatu bat egiteko —betiere gurasoek gainbegiratuta—. Gainera, azaldu du plataformak behartu egingo dituztela mendekotasuna sortzen ez duen diseinu bat sortzera 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. «Europak esku hartzeko gaitasuna dauka. Guk erabakiko ditugu gure arauak, ez teknologia enpresa handiek».
Horrekin lotuta, AA Adimen Artifizialaren aferari ere heldu dio Europako Batzordeko presidenteak. Azpimarratu du AA aurrerapauso nabarmena dela, eta Europak ahal bezain beste aprobetxatu nahi duela teknologia, «gizartea, bizi kalitatea eta produktibitatea hobetzeko». Baina adierazi du jakitun dela horrek dakartzan arriskuez. Horregatik, azaldu du Europako Batasunak «aurrerapauso bat» emango duela ideia bertsuak dituzten herrialdeekin —Kanada eta Erresuma Batua izendatu ditu—, «AA ereduen ebaluazioa, egiaztapena, alerta goiztiarra eta segurtasuna» landuz.
Von der Leyenen hitzetan, bere gaitasun propioen beharra dauka Europak, eta, batez ere, bere «informatikarako gaitasuna» indartu eta sustatu behar duela azpimarratu du AAri dagokionez. Haren ustetan, Europako Batasuna lider izan daiteke AA «bizitza errealeko agertokietan» aplikatzerako orduan, «dela fabrika batean, dela ospitaleko gela batean, dela nekazaritzan edota gidaritza autonomoan». Osasungintzari erreparatu dio bereziki, adibide batekin: «Ahalik eta tratamendu onena edukitzeko, nahi al dut nire medikuak AAren bidez diagnostikoa hautatzeko behar diren datu guztietara berehalako sarbidea izatea? Bai, noski. Baina nire medikua robot bat izatea nahi dut? Ez, noski ezetz. Kontua da AAk gure medikuak ahaldundu behar dituela robot batek ordezka ez ditzan».