Albertako herritar gehienek ez dute Kanadatik bereizteko prozesu bat hasteko asmorik. Atzo egin zuten prozesu independentista horri ekin edo ez erabakitzeko erreferenduma eta, lehen emaitzen arabera, albertarren %76k bozkatu dute kontra. Elections Alberta erakunde publikoak eman ditu datu horiek botoen %61 zenbatu ostean. Emaitza ofizialen berri urriaren 29an emango dute, baina argi geratu da Albertak, oraingoz, ez duela prozesu independentistarik hasiko.
Atzo gauean aurreratu zuen CBC Kanadako hedabide publikoak albertar gehienek independentzia prozesua hastearen kontra bozkatu zutela; horren berri izan ostean, Mark Carney Kanadako lehen ministroak ohar bat kaleratu du, eta nabarmendu albertarrek «erabaki argi bat» hartu dutela: «Batasunaren alde egin dute, guztiok batera eraikitzen jarraitzearen alde, batak bestea zaintzearen alde. Kanada hautatu dute».
Gobernu federala auka bazuen ere, Danielle Smith Alberta probintziako lehen ministro kontserbadorek independentzia prozesuari ekin edo ez erabakitzeko erreferenduma deitzea erabaki zuen. Pozez hartu ditu gaur galdeketaren emaitzak: «Oso harro nago lehen emaitzek erakusten dutenarekin. Albertako herritarrek Kanadaren barruan Alberta indartsuago bat eraikitzearen alde bozkatu dute».
Albertako lider independentisten arabera, berriz, atzoko galdeketa lehen urratsa baino ez da izan. Keith Wilson Let Alberta Decide egitasmoko buruak, esaterako, nabarmendu du Albertako herritarren laurdenak bozkatu duela prozesu independentistaren alde, eta hori kontuan hartzekoa dela: «Albertak tratu hobea jaso beharko lukeela uste dute».