Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Kaledonia Berrian eduki dute independentzia lortzeko aukerarik, harik eta duela urte gutxi Frantziarekin hitzartutako deskolonizazio prozesua agortu zen arte; itsasoz haraindiko kolektibitate berezia izateari uzteko hiru erreferendum egin dituzte Ozeano Bareko uharte multzo horretan, eta galdeketa horietan guztietan irabazi zuen ezezkoak. Oraindik ere erabakitzeko dute Kaledonia Berriak zer estatus izan beharko lukeen, baina, Frantziako presidentetzarako bozak datorren urteko udaberrian egitekoak direnez gero, uhartediko alderdiek nahiago dute ordura arte itxoin negoziazioei berriz ekiteko.
Independentziaren aldekoek bazuten arrazoirik azkenerako gailenduko zirela pentsatzeko —2018ko erreferendumean botoen %43,3 jaso baitzituen baiezkoak, eta %46,7 2020koan—, baina koronabirusa zela eta, Frantziak aurreratu egin zuen 1998ko Noumeako Akordioak aurreikusitako azken saiakera. Kanak independentistek boikotera deitu zuten ezin izan zutelako kanpainaurrea taxuz egin, baita pandemia horren ondorioz hildako gehienak kanakak, indigenak izan zirelako ere; ondorioz, ezezkoak %96,5 lortu zuen 2021eko erreferendumean.
Parisek eta loialistek, uharte multzoa Frantziaren parte izatearen aldekoek, lotesletzat jo zituzten emaitzok, nahiz eta ez izan «inolako sinesgarritasun politikorik», Nic Maclellan Pazifikoko irletako Islands Business aldizkariko kazetariak adierazi duenez, zeina urte luzez aritu izan den Kaledonia Berrian berriemaile berezi, besteak beste joan zen ekainaren 28an uhartediko hiru lurraldeetako kongresuetarako egin zituzten bozetan. Azaldu du Noumeako Akordioa azken galdeketara arte izan zela bai politikarako eta bai gizarterako markoa; besteak beste, hainbat eskumen transferitzea, hautesle errolda mugatzea eta autodeterminazioari buruzko hiru galdeketa egitea jaso zuten itun horretan.
Horietan independentzia lortzeko aukerak galduz gero, hiru aldeak —kanak independentistak, loialistak eta Eliseoa— Kaledonia Berriak izan beharreko estatusaz eztabaidatzen hastekoak ziren berez; akordioak hori aurreikusten zuen behintzat. 2021eko abenduko erreferendumaren ostean, eta Frantziaren jarrera ikusita, kanakek elkarrizketak eten zituzten aldi baterako, argudiatuta 2022ko apirileko presidentetzarako bozen ondorenean negoziatu behar zela, behin hurrengo gobernua izendatu eta gero. Bada, lau urteren ostean ez da kontsentsurik egon aldeen artean, eta, ibilian-ibilian, bidegurutze horretara itzuli dira beste behin.
Azken urteotako elkarrizketak, hori bai, «tirabiraz beteak» izan dira, Maclellanen ahotan: «Alderdi guztiak 2025ean baino ez ziren elkartu mahaiaren bueltan, Bougivalgo Akordioa delako akordio zirriborroa adosteko». Iazko uztailean sinatutako akordio proiektu horretan adostu zuten Kaledonia Berria Frantziaren peko estatu izatea —alegia, estatu bat beste estatu baten barruan—; are, irailean Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten testua.
Ez zuten jaso, ordea, autodeterminazioaz galdetzeko erreferendumik, eta FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka aliantza independentistak, herrialdeko handienak, negoziazioak uxatu zituen. «FLNKSk inoiz ez du onartuko independentziarako trantsizioa ez dakarren prozesurik. Galdera da ea Bougival ba ote den elkarrizketak abiatzeko oinarria, edo hutsetik hasi behar duten», esan du Islands Business aldizkariko kazetariak, bideodei bidez.
Urtarrilean, Bougivalgo Akordioan jasotakoak berretsi zituzten, FLNKSk salbu, Kaledonia Berriko Kongresuan dauden alderdiek —loialistek, UNI Independentziarako Batasun Nazionala koalizio independentistak eta bere burua «ez independentistatzat, ez loialistatzat» daukan Esnatze Ozeanikoa alderdiak—. Bidean, baina, hutsean geratu da ituna, Frantziako Gobernua hura konstituzioan txertatzen saiatu zenean, apirilean, Asanblea Nazionalean onartu egin baitzuten Emmanuel Tjibaou FLNKSko diputatu kanakak konstituzio erreforma horren kontra aurkeztutako mozioa.
«Horren ondoren elkarrizketatu nuen Emmanuel Tjibaou», adierazi du Maclellanek. «Argi eta garbi esan zidan: ‘Bougival hil da’. Ondoren, Nicolas Metzdorfek ere iradoki izan du hala dela». Kaledonia Berriak bi diputatu ditu Asanblea Nazionalean: Tjibaou independentista eta Metzdorf loialista.
«Harrigarriki», gehitu du kazetariak, UNI osatzen duen alderdi nagusiak, Palika Kanak Askapenerako Alderdiak, ez du uste Bougivalgo Akordioari eutsi behar diotenik estatusari buruzko negoziazioetan; ituna bertan behera geratu eta gero, batzar orokorra egin zuen alderdi horrek, eta «autokritika» ere bai hura babesteagatik. Horren erakusle da, adibidez, ekainaren 28ko bozetarako zerrendetatik kanpo utzi zituztela akordioa negoziatzen aritu ziren alderdikideak.

«Oraingo bozen ondorioa da oinarri etnikoa duten alderdiak baino ez daudela kongresuan, eta horrek indartu egiten duela zeharo banandutako gizartearen polarizazioa», adierazi du Mathias Chauchat Kaledonia Berriko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko irakasle emerituak. Kongresua zatituta baitago alderdi independentisten eta loialisten artean, nahiz eta ezein blokek ez duen gehiengo osorik —26 eserleku dituzte independentziaren aldekoek, 24 kontrakoek, eta lau Esnatze Ozeanikoak—. «Seinale txarra da hori herrialdearen gobernantza onarentzat, akordio politiko esanguratsu bat falta da eta», erantsi du, alderdi politikoek «herri desberdinak» ordezkatzen dituztenez gero nekeza baita «nazio bateratu» bat osatzea.
Noumeako Akordioak etorkizun kaledoniar amankomunaren kontzeptua ezarri zuen, baina Chauchatek azaldu du ahuldu egin dela hori, eta herrialdearen egoerari «interpretazio zeharo kolonialetik» erreparatzen zaiola: «Identitate nazional kontrajarrien ideia gailendu da».
Autodeterminazioari buruzko jarreren arteko zatiketa eta gehiengo osoaren falta agerikoa zen lehenago ere Kaledonia Berriko Kongresuan, aurreko legegintzaldian antzeko osaera baitzuen.
Berez bost urtean behin egiten dituzte Iparraldeko Probintziako, Hegoaldeko Probintziako eta Leialtasun uharteetako kongresuetarako bozak —horiexek dira uhartediko hiru probintziak—, eta hiru kongresu horietako diputatuen artean aukeratzen dituzte Kaledonia Berriko Kongresukoak.
Azkenekoz 2019an deitu zuten bozetara, eta 2024an egitekoak ziren arren, atzeratu egin behar izan zituzten, urte hartako maiatzean Frantziak hautesle errolda zabaltzeko aurkeztu zuen konstituzio erreformak istiluak eragin baitzituen itsasoz haraindiko kolektibitate berezian —hamalau lagun hil ziren—.

Izan ere, soilik hauek dute botoa emateko aukera Kaledonia Berriko Kongresurako bozetan: Noumeako Akordioari buruzko erreferendumeko —1998ko azaroaren 6an egin zuten— erroldan izena emana zuten herritarrek eta haien ondorengoek. Independentistek salatu zuten errolda zabaltzea loialisten onerako izango zela. Hautesle errolda mugatua, hain zuzen, kanak indigenen erabakimena eta deskolonizazio prozesua bermatzeko ezarri zuten. Horren harira, Frantziak errolda zabaltzeko lege organiko bat onartu zuen iragan maiatzean: Kaledonia Berrian bertan jaiotako 10.000 «natibo» gehiagok bozkatu ahal izan dute bozetan.
Frantziako Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Institutuak iaz egindako erroldaren arabera, 264.596 biztanle ditu uhartediak, eta ia hiru heren Hegoaldeko Probintzian bizi dira. Hain zuzen, probintzia hori da loialisten gotorlekua, eta hari dagozkio Kaledonia Berriko Kongresuko eserleku gehienak, 54tik 32.
Maclellanek azaldu du herritarrek «apur bat urrun» ikusten dutela independentziari buruzko auzi politikoa, eta kezka handiagoa eragiten diela egunerokoak: 2024ko istiluek eta nazioartean izan diren gatazkek eragindako atzeraldi ekonomikoek, horiek nikel industriari emandako kolpeak —munduko erreserben laurdena dago han—, hezkuntzak, zerbitzu publikoen gainbeherak, lan arloak... Irizten dio ekaineko hauteskundeen ondorena «garai erabakigarria» dela alderdiek horiei erantzun diezaieten, eta Kaledonia Berriaren hurrengo estatusari dagokionez «aurrera nola egin» eztabaida dezaten ere bai, Frantziak beste estatuburu bat izango du-eta laster: «Amerikarrek dioten bezala, Macron presidentea ahate herren bat da».
Frantziak 1853an hartu zuen mendean Kaledonia Berria, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak 1986an sartu zuen deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan. Presidentetzarako bozen emaitza gorabehera, Chauchatek mugimendu kanakaren kezketako bat nabarmendu du: «Frantziak har dezala ardura, eta has dezala hark kudeatuko ez duen deskolonizazio prozesu bat. Arbitro neutrala delako ideia atzerapausotzat ikusten dute».