Kanarietan porturatuko dute hantabirus agerraldia izan den transatlantikoa

Gutxienez zortzi lagun kutsatu ditu birusak ontzian, horietatik hiru hil egin dira, eta gainontzekoak airez ebakuatzeko lanetan ari dira. OMEk eta Espainiako Gobernuak hitzartu dute ontzia Kanarietan porturatuko dela, protokoloa bete ahal izateko.

'MV Hondius' luxuzko gurutzaontzia Cabo Verdeko kostaldean, atzo. ELTON MONTEIRO / EFE
'MV Hondius' luxuzko gurutzaontzia Cabo Verdeko kostaldean, atzo. ELTON MONTEIRO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko maiatzaren 6a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Espainiako Gobernuak MV Hondius luxuzko gurutzaontzia Kanarietan porturatuko dela hitzartu dute. 147 bidaiari daude transatlantikoan, eta hantabirus gaitzaren agerraldi bat atzeman dute bertan. Oraingoz, gutxienez zortzi lagun kutsatu ditu birus horrek, eta horietatik hiru hil egin dira. Kutsatutako hiru lagun ebakuatuko dituzte Herbehereetara gaur, eta aurretik ere ebakuatu dituzte beste bi gutxienez: Suitzara eta Hegoafrikara.

Espainiako Osasun Ministerioak atzo gauean jakinarazi zuen ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroa ontziko bidaiarien egoera ikertzen ari zela, urgentziaz ebakuatu beharreko kutsatuak nortzuk ziren jakiteko. Adierazi zuen gainontzekoak hiruzpalau egunetan helduko direla Kanarietara —Tenerifeko Granadilla portura—; bertan artatuko dituzte, eta bakoitza bere herrialdera bidali.

Ministerioak erantsi du prozedura OMEren eta ECDCren artean egingo dutela, eta «beharrezko segurtasun neurriak» bermatuko direla: «Tokiko biztanleekin hartu-emana saihestuko da, eta osasun langileen segurtasuna ere zainduko da».

Cabo Verde inguruko uretan dago ontzia, baina OMEren arabera, herrialde horrek ez ditu nahikoa baliabide beharrezko protokoloei jarraitzeko, eta Kanariak dira baliabide horiek dituen lekuetatik gertuen dagoena. «Espainiak pertsona horiei laguntzeko betebehar morala eta legala du; gainera, horien artean Espainiako hainbat herritar daude», zabaldu zuen atzo gauean Osasun Ministerioak, ohar bidez.

Martxoaren 20an Patagoniatik irten zen gurutzaontzia, Argentina hegoaldetik. Antartikara egin zituen hainbat joan-etorri, eta ondoren, apirilaren 1ean, berriro atera zen Ushuaiatik (Argentina), Ozeano Atlantikorantz. Handik abiatu eta astebetera, Herbehereetako gizon bat gaizki sentitzen hasi zen. Arnasa hartzea ere zaila egiten hasi zitzaion —arnas aparatuari eragin diezaioke hantabirusak—, eta apirilaren 11n hil zen. Hilotzak bi aste egin zituen barkuan.

(ID_16048771) CAPE VERDE DISEASES
Anbulantziak Praiako portura iristen, gaur, Cabo Verden. ELTON MONTEIRO / EFE

Apirilaren 24an, ontzia Santa Helena uhartean porturatu zen, Ozeano Atlantikoaren erdian. Hilotza eta hildakoaren emaztea utzi zituzten bertan, hegazkinez Herbehereetara aberriratzeko. Hegoafrikan egin zuten geldialdia, eta hegazkinean zirela, emakumea ere gaizki sentitzen hasi zen, eta Johannesburgoko aireportuan hil zen. Era berean, ontziko beste bidaiari bat ere ondoezik sentitu, eta Hegoafrikan ospitaleratu zuten, zainketa intentsiboetako unitatean —gero detektatu zioten hantabirusa—. Asteburuan, emakume bat hil zen ontzian, arnasa hartu ezinik.

Astelehenean zen ontzia Cabo Verden porturatzekoa, baina Cabo Verdeko osasun langileak, ontzian hainbat proba egin ostean, ohartu ziren litekeena zela ontzian kutsatu gehiago izatea, eta ez zuten baimenik eman herrialdean porturatzeko.

Kanariarrek ezetz

Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak gaitzetsi egin du gurutzaontzia Kanarietara eramateko erabakia. Adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ez dela «zintzoa eta gardena» izan, eta «urgentziazko bilera bat» eskatu dio. Haren ustez, «ez dago informazio nahikorik lasaitasun mezurik emateko, eta ezin da ziurtatu Kanarietako herriaren segurtasuna», adierazi die hedabideei.

PP Alderdi Popularrekoa da Clavijo, eta haren alderdikideek ere txartzat jo dute Sanchezen kudeaketa. «Osasun krisi batean gardentasuna funtsezkoa da. Hantabirusaren inguruko anabasa onartezina da», idatzi du X sare sozialean Carmen Funezek, PPko Osasunerako eta Gizarte Politikarako idazkariordeak. Bestalde, Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak adierazi du Espainiako Gobernua harremanetan egon dela Kanarietako presidentearekin hasiera-hasieratik.

Clavijoren arabera, transatlantikoa Kanarietan porturatzeak ez du zentzurik, eta ez du ulertzen zergatik erabaki duten hori egitea. «Ez dakigu bidaiariek zergatik egin behar dituzten hiru egun itsasoan Kanarietako portu batera iritsi arte. Bada aukera bidaiariak aire bidez ebakuatzeko, Cabo Verdetik, Praiako aireportutik», esan du La1 Espainiako telebista publikoan egindako elkarrizketa batean.

Galdera-ErantzunaK

Zer da hantabirusa?
Karraskarietatik eta saguzarretatik gizakietara transmititzen den birus multzo bat da, animalia horien gernuaren, gorotzen eta listuaren bidez hedatzen dena.

Pertsonen artean transmiti daiteke?
Ez da oso ohikoa. Birusaz kutsatutako batekin kontaktu estuan egon behar da gaixotasuna transmititzeko. 

Zein dira sintomak?
Birikei eragiten dien aldaerak gripearen antzeko sintomak eragiten ditu: sukarra, buruko mina, hotzikarak, giharretako mina... Batzuetan sabelaldeko mina, goragalea eta beherakoa ere eragin ditzake. Kasurik larrienetan bihotz-biriketako sindromea eragin dezake; kutsatuak arnasa hartzeko zailtasunak sumatuko ditu, eta biriketan odola pilatuz joango zaio. Heriotza eragin dezake.

 Zenbat mota daude?

 

Bi motako hantabirusak daude. Batak biriketan eragiten du, eta gaixotasun larria da; heriotza tasa handia da. Amerikako hantabirusa ere deitzen zaio horri, eta aldaera hori da gurutzaontzian atzeman dutena. Besteak giltzurrunetan eragiten du kaltea, eta ohikoagoa da Asian eta Europan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA