Azerbaijanen eta Armeniaren bake akordioa pauso bat gertuago dago. Izan ere, bi herrialdeen arteko gatazka amaitzeko bidean, Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak konstituzio berriaren proiektua aurkeztu du gaur, eta Karabakh Garaiaren gaineko lurralde aldarrikapena kendu du hitzaurretik. Hala, Azerbaijanen eskakizun nagusietako bati erantzun dio, bi herrialdeen bake ituna sinatzeko bidea zabaltzeko asmoz.
Nazioarteak aitortutako mugei erreparatuta, Karabakh Garaia Azerbaijango eskualde bat da, baina, historikoki, hango biztanle gehienak armeniarrak izan dira. Sobietar Batasuna desegin zenetik, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazkaren ardatz nagusia izan da, eta bi herrialdeek zenbait gerra izan dituzte lurralde hori kontrolpean edukitzeko. 2023an, Azerbaijanek eraso militar baten bidez hartu zuen, eta eskualdeko 100.000 armeniar inguruk ihes egin behar izan zuten handik.
Ikusi gehiago
Indarrean dagoen Armeniako Konstituzioaren hitzaurrean, Armenia eta Karabakh Garaia elkartzeko asmoa ageri da. Azerbaijanen ustez, aipamen horrek bide ematen dio Armeniari bi herrialdeen gatazka berpizteko, eta horrek eragotzi du 2025eko abuztuan bi herrialdeek sinatutako bake adierazpena behin betiko berrestea. Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak behin baino gehiagotan eskatu dio Erevani konstituzioa aldatzeko eta «lurralde aldarrikapen oro» ezabatzeko.
Gaur aurkeztutako proiektuak eskakizun horri erantzuten dio, eta nazioartean aitortutako mugen barruan definitzen du Armeniako lurraldea; «nazioartean aitortutako lurraldean estatu independente, baketsu, seguru eta oparoa eraikitzeko» konpromisoa berresten du.
Paxinianek «bake prozesuaren urrats historikotzat» jo du proposamena. Herritarrei zuzendutako mezu batean, adierazi du konstituzio berria onartzearekin batera bake ituna berretsiko dutela bi herrialdeek, eta «bake instituzionala, iraunkorra eta atzeraezina» ezarriko dutela.
Azerbaijanek, halaber, begi onez hartu du proposamena, eta Atzerri ministroak adierazi du «aurrerapauso bat» dela bake prozesuan.
Indarrean sartzeko bidea
Proposatutako testua, hala ere, proiektua baino ez da oraindik, eta hainbat urrats egin beharko dituzte indarrean egon dadin. Paxinianek adierazi du herritarren ekarpenak jasoko dituztela lehenik, eta horiek aztertuko dituztela behin betiko proposamena parlamentura bidali aurretik. Legebiltzarrak erreferenduma antolatzea onartu beharko du gero, eta, azkenik, presidenteak kontsulta horretara deitu, herritarrek izan dezaten azken hitza.
Lehen ministroak oposizioari eskatu dio proposamena babesteko, parlamentuko bi herenen babesa beharko du eta. Haren alderdiak 64 diputatu ditu, eta gutxienez beste sei boto beharko dituzte. Oposizioko alderdi nagusiak iragan astean baztertu egin zuen «Azerbaijanen eskakizunen ondorioz» konstituzioa aldatzea.
Horren harira, Paxinianek adierazi du proposamenak ezezkoa jasoz gero, kargua utziko duela.