Belemen (Brasil) egingo den COP30 goi bilera hasteko hiru aste baino gutxiagoren faltan, Europako Batasunak oraindik ez ditu zehaztu 2035era bitarteko klima konpromisoak. Bruselan bildu dira gaur 27 estatu kideetako ingurumen ministroak, eta Belemgo konferentzian blokeak zer jarrera izango duen adostu dute; ez, ordea, blokeak zer ekarpen egingo dituen. Gauzak hala, erabaki dute EBk aurtengo bilkuran karbono zergak eta merkatuak bultzatzeko asmoa izango duela.
Badira hogei urte Europako Batasunean isurien merkataritzarako sistema (ETS) ezarri zela, eta mundu guztian sektore hori haztea nahi du orain. Hala azaldu du gaur Wopke Hoekstrak, Europako Batzordeko Klima Ekintza komisario herbeheretarrak: «Ziurtatu dezagun karbonoaren prezioak ezartzean gehiago egitera bultzatzen dugula mundua». Biltzar berezia izango dela uste du komisarioak, egungo egoera geopolitikoa «konplikatuagoa» delako alde batetik, eta klima aldaketaren eraginak gero eta nabarmenagoak direlako, bestetik.
Europako 11.000 enpresa daude isurien merkataritzarako sistemaren barruan, eta urtero karbonoa isurtzeko eskubideak salerosten dituzte. Finean, enpresa bakoitzak karbono kantitate jakin bat emititzeko eskubidea du, eta gehiago isurtzen badu, gutxiago isuri duen enpresa bati eros diezaioke tarte hori; gaur egun, karbono dioxido tona bakoitzeko 78 euro ordaintzen da Europan, munduan garestien.
Horrez gain, klima larrialdiari aurre egiteko erresilientziari, prestakuntzari eta egokitzeari dagokienez, Europako Batasunak uste du arrakala dagoela herrialde garatuen eta garapen bidean daudenen artean, eta tarte hori murrizteko neurriak adosten saiatuko da Belemen.
Etorkizuna, zehaztu gabe
Irailaren 18an bildu ziren azkenengoz EBko 27 herrialdeetako ingurumen ministroak, eta bilkura horretako helburu nagusietako bat zera zen, COP30 biltzarraren aurretik, zehaztea 2035era bitartean blokeak zer ekarpen egingo dion munduari Parisko Akordioan adostutakoa bete ahal izateko —Nazioaren arabera Zehaztutako Ekarpenak (NDC)—. Bost urtean behin berritu behar izaten dira konpromiso horiek, baina irailean ez ziren ados jarri, eta gaurkoan ere ez dute horri buruz hitzik ere egin. Egun hartan ere Europako Klimaren Legeari tarteko beste helburu bat gehitzea adostu behar zuten, hau da, 2040rako isuriak %90 murriztea, baina horretan ere ez ziren ados jarri.
Horren ordez, EBk «intentzio gutun» bat eman zion Nazio Batuen Erakundeari, eta bertan zehaztu zuen 2035erako %66,25 eta %72,5 artean murriztu nahi dituela blokeak bere isuriak, 1990. urteko mailarekin alderatuta.
Bada, urriaren 23ko eta 24ko Europar Kontseiluan eztabaidatuko dute horri buruz, eta azaroaren 4ko ezohiko EBko Ingurumen Kontseiluan negoziatuko dituzte helburu horiek, COP30 goi bilera hasi baino astebete lehenago.
Blokean zailtasunak izaten ari dira azken urtean klima politikak aurrera ateratzeko, Europako Parlamentuan, Batzordean eta Kontseiluan ordezkari eskuindar eta ultraeskuindar gehiago baitaude orain 2019. urtearekin alderatuta. Bada, nahiz eta 27 estatu kideek ez duten lortu ados jartzea etorkizuneko helburuak zehaztean, Hoekstrak tartea izan du beste herrialde isurle handiei leporatzeko ez dituztela proposamen anbiziotsuak, eta gehiago egin behar dutela esan die: «Europak eskubide osoa du beste isurle handiei esateko gehiago egin behar dutela». Mezu hori bereziki Txinarentzat eta Amerikako Estatu Batuentzat da: «Badakigu zein den AEBetako egoera. Eta badakigu Txinak, alde handiz isurle handiena denak, beharrezkoa denaren azpitik dauden ekarpenak aurkeztu dituela».
Kontseiluan, bestalde, Europako Batasunari dei egin diote erresilientzia hidrikoan aurrerapausoak emateko, uholdeak, lehorteak eta antzeko fenomenoak gutxitzeko edo saihesteko.