Aljeria

Karim Tabu ekintzailea atxilotu dute Aljerren

Kaleko jantzita zihoazen pertsona batzuek eraman dute.

Hiriak mugimenduak Aljerren deitutako protesta bat, 2021ean. STR / EFE
2023ko maiatzaren 24a
13:04
Entzun

Aljeriako Atxilotuen Askapenerako Batzordeak jakinarazi duenez, Karim Tabu ekintzailea atxilotu dute Aljerren. Zehaztu du atxilo eraman dutenek ez zutela polizia jantzirik eta ez dutela beren burua identifikatu. Tabuk berak eman du bere atxiloketaren berri, dei batean, baina ezin izan die senideei zehaztu nork atxilotu duen. «Atxilotuta dago, eta ez dakigu noiz eramango duten epaitegira», salatu du ohar batean erakunde horrek.

Batasun Demokratiko eta Soziala alderdiko burua da Tabu, eta Hirak mugimendu erreformistako kide. Ez da atxilotu duten lehen aldia. 2019an atxilotu zuten lehen aldiz, «armadaren moralaren aurkako erasoa» egitea eta «matxinada bultzatzea» egotzita, sare sozialetan manifestazio baterako deia egiteagatik, baina 2020an baldintzapean aske utzi zuten. 2021ean, ordea, berriro atxilotu zuten, legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, eta iaz berriro, sare sozialetan Aljeriako Gobernua kritikatzeagatik. Hainbat protestatan hartu du parte Tabuk, guztietan Aljerian neurri demokratikoak eskatuz.

Protestak 2019an hasi ziren, Abdelaziz Buteflika presidentearen aurka, hark bosgarren agintaldi baterako aurkezteko asmoa iragarri ondoren. Hark dimisioa eman ondoren, ordea, Abdelmajid Tebbuneren agintaldian ere jarraitu egin dute. Baita oposizioko kideen, ekintzaileen eta kazetarien kontrako jazarpenak ere. Jazarpen horiengatik, nazioarteko hainbat erakundek Aljeriako Gobernuaren jarduna kritikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.