Inkestek aurreikusitakoa bete da Txileko presidentetzarako bozetan: hautagai batek berak ere ez ditu lortu botoen erdiak, eta txiletarrek abenduaren 14an erabakiko dute, bigarren itzulian, nork hartuko dion lekukoa Gabriel Boric egungo presidenteari. Boto guztiak zenbatuta, Jeannette Jara ezkerraren hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak, %26,9ko babesa jasota; gertu du, ordea, Jose Antonio Kast ultraeskuindarra, botoen %23,9 jaso baititu, espero baino zenbait puntu gehiago. Bietako bat helduko da Moneda jauregira.
Atzo egin zituzten hauteskundeak, eta emaitzek agerian utzi dute Jararen garaipena: «Demokrazia zaindu behar da, eta balioa eman behar zaio. Asko kostatu zitzaigun berreskuratzea; arriskuan jartzea ere», adierazi zuen ezkerreko hautagaiak, Santiagon egindako agerraldi batean. Jakitun dago «desafioa» izango dela bigarren itzulia, eskuina hauspotuta heldu baita bozetara. Alderdi Komunistako militantea da Jara, eta aurkari politikoak horretaz baliatu dira kanpainaurre «lazgarrian»; egia esan, ekainean ezkerrak egindako primarioak egin zituenetik, Alderdi Komunistatik aldentzen ahalegindu da.
Ikusi gehiago
Eskuin muturra Kastek ordezkatuko du bigarren itzulian. Atzo esan zuen, agerraldi batean, eskuineko alderdiek «batuta» egon behar dutela ezkerrak agintzen jarrai ez dezan, horien arteko desadostasunak desadostasun. Hirugarren aldia du Txileko Alderdi Errepublikanoaren presidentegai gisa, eta fio da oposizioak «mendean» hartu duela «porrot» egin duen gobernua: «Hirugarrengoan, bale». 2021eko bozetan ere lortu zuen bigarren itzulira heltzea, baina Boricen kontra galdu zuen. Eskuinaren gorakada ikusita, «benetako aldaketa» behar dela azpimarratu zuen.
Izan ere, duela lau urteko bozetako lehen itzulian, txiletarren %40k egin zuten eskuin muturraren edo tradizionalaren alde; atzo, berriz, erdiek baino gehiagok:Â Kast hautagaiaz gain, Johannes Kaiser ultraeskuindarrak %13,9ko babesa jaso du, eta Evelyn Matthei eskuin tradizionalaren presidentegaiak, %12,4koa. Bi hautagai horiek jakinarazi dute, bigarren itzulira begira, Kasten alde egiteko eskatuko dietela beren alde bozkatu dutenei. Aintzat hartzekoa da 2006tik hona ezein gobernuk ez duela lortu bi legegintzaldi egitea jarraian. Eta Boric ezkerraren koalizioko burua dela.
Eskuineko frontearen aurrean, erabakigarria izan daiteke Franco Parisi populistaren jarrera. Hirugarren geratu da atzoko hauteskundeetan, botoen %19,7 lortuta. Ez du adierazi Jararen edo Kasten alde alde egingo duen bigarren itzulian, baina biekin hitz egiteko asmoa erakutsi zuen atzo, agerraldi batean: «Irabazi itzazue botoak; guk ez dugu behar inolako faborerik. Herritarrak konbentzitu behar dituzue».
15 milioi txiletar zeuden deituta botoa ematera, eta parte hartzea %85ekoa izan da. Azken bozekin konparatuz gero, parte hartzeak dezente egin du gora —%47koa izan zen bai 2017ko eta bai 2021eko lehen itzulietan—. Izan ere, duela hiru urte derrigorrezko bihurtu zuten botoa ematea, Augusto Pinochet jeneralaren garaiko (1980) konstituzioa baliogabetzeko eta beste bat ezartzeko plebiszitua egin zutelako —diktadura militarra (1973-1989) amaitu ondorengo hogei urteetan ere derrigorrezkoa izan zen—. Botoa ez emanez gero, isuna 104.000 peso txiletarrekoa da (96 euro inguru).
Boric presidenteak bigarren itzulira igaro diren bi presidentegaiak zoriondu zituen atzo; eskatu zien «ganorazko debatea» izan dezatela abenduaren 14ari begira, eta txiletarrei, berriz, «informatu eta gero» eman dezatela botoa: «Elkarrizketa demokratikoaren bidez bakarrik kitatu daitezke historiaren zorrak, eta elkarrekin etorkizunerantz proiektatu», esan zuen atzo Moneda jauregian egin zuen agerraldi batean.
Kongresua, eskuinerantz
Presidentetzarako hauteskundeez gain, Diputatuen Ganbera osoa eta Senatuaren parte bat berritu dituzte. Boto guztiak zenbatuta, zatituta geratu da 155 eserlekuko behe ganbera: Txileko Batasuna ezkerreko koalizioak 61 diputatu lortu ditu, eta ezkerrak, berriz, 76. Kontuan izan behar da ultrek nabarmen egin dutela gora, eskuin tradizionalaren kaltetan; izan ere, hamabost diputatu zituzten, eta atzoko hauteskundeetara aurkeztu den Aldaketa Txilerentzat koalizioak 42 lortu ditu —Kasten Alderdi Errepublikanoak, Kaiserren Alderdi Nazional Libertarioak eta Alderdi Sozial Kristauak osatzen dute—. Hainbat diputatu galdu ditu eskuin tradizionalak, eta 32rekin geratu da. Dena den, eskuina gehiengo osotik oso hurbil dago, 76 diputaturekin —78 eserlekukoa da gehiengo osoa—. Legegintzaldiaren giltza Parisi populistaren Jendearen Alderdiak edukiko du, hamalau diputatu lortu baititu, lehen zituenak baino zortzi gehiago. Populista horiek lege proiektuaren arabera bozkatzen dute alde batera edo bestera.
Bestalde, Senatuko 50 eserlekuetatik 23 ere berritu dituzte. Ezkerrak horietako 11 lortu ditu, eskuin muturrak sei, eta eskuin tradizionalak bost. Horiek horrela, goi ganbera ere erdibituta geratu da: eskuin tradizionala (17 eserleku) eta ultrak (7 eserleku) hurbil dute gehiengo osoa; ezkerrak, berriz, 23 eserleku ditu. Gainontzeko eserlekuak Berdeen koalizioaren senatari bati eta bi independenteri dagozkie. Populistek ez dute senataririk.