Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko bilera

Katalunia, itun berri bila

Masek amaitutzat jo du itun fiskalaren bidea Raxoik ezezkoa eman ondoren, eta erabaki garrantzitsuak iragarri dituKatalanen artean «eztabaida sakona eta lasaia» egin ostean etorriko dira erabakiak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Argi geratu zaio Artur Mas Generalitateko presidenteari: «Bidea itxita dago». Espainiako Gobernuarekin itun fiskalaren gainean negoziatzeko aukerarik ez dagoenez, Kataluniak beste bide bat hartu behar du, berezkoa, Kataluniatik bertatik. Zein bide hartu eta nora joateko da orain erabaki behar dena, baina erabakitakoek katalanen ordezkarien arteko eztabaida «sakon eta lasai» baten ondorioa izan behar dute. Alegia, datorren astean Kataluniako Parlamentuaren politika orokorrari buruzko eztabaida izango da, eta haren ondoren «erabaki garrantzitsuak» iragarri ditu: bide guztiak irekita daude.

Mariano Raxoik atzoko bileran itun fiskalari atea itxi ondoren zabaldu zaizkion guztiak dira aukerak. Hauteskundeak aurreratzea da bat, eta gerora begira, erreferendumera deitzekoa ere bai, «ezein esparru legalek ezin duelako betiko iraun herri baten gehiengoaren borondate baketsua deuseztatzeko». Dena den, «haustura» hitza ez baitago Masen hiztegian, hau edo bestea izanda erabakiak, «proiektuak europarra izan behar du, Europako Batasunarena eta euroarena». Espainiari dagokionez, harekin izaten jarraituko duen harremana zehaztu gabe ere, atzoko bileran «dike bat topatu» du Masek, eta «Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremana hobetzeko aukera historikoa galdu» dute.

Hauteskundeak aurreratzea da epe laburrera aukeretako bat,«erabakia hartu gabe» badago ere, Artur Masek berak esana. CiUko iturriak aipatuz, hainbat komunikabidek bi egun eman dituzte: azaroaren 25a edo abenduaren 2a. CiUren proposamen nagusia itun fiskala izanda, eta hark berea egin ondoren, Generalitateko presidentearentzat ez dauka zentzurik legegintzaldiarekin jarraitzea.

Hauteskundeak, izatekotan, erreferendum baten antzekoak izango direlako itxura guztia dauka, baina Masek mugimendu independentista botoetan bereganatzeko arriskua ere ikusten dute abertzaleek, gehiengo osoa bilatzekoa.

Alderdien erantzuna

Alderdi guztiek egin dituzte adierazpenak Masen eta Raxoiren bileraren ostean. Abertzaleen artean, lehentasuna ez da hauteskundeak egitea eta 135 eserlekuak nola edo hala banatzea, independentzia bai edo ez erabakiko duen benetako erreferendum bat baizik. ERCk, esaterako, Mas babestuko du prozesu politikoari abiadura ematen badio, baina orain «herriaren ahotsa entzun behar da», Alfred Bosch ERCren Espainiako Kongresuko bozeramailearen ustez, eta «herritar gehienek independentzia eskatzen dute». SI Solidaritat Catalana per la Independenciarentzat, berriz, Masekjoan den irailaren 11ko aldarrikapenekin bat egin zuten legebiltzarkideekin batasun nazionaleko gobernu bat osatu beharko luke, berezko estatua sortzeko.

ICVko idazkari nagusi Joan Herrera «etsita» dago bilerarekin, aspalditik datorren PPren «etsaitasuna» agerian geratu delako berriz ere, eta horrek eragin du, haren ustez, independentziaren aldarriak indarra hartzea. Itun fiskalaren alde egin zuten indarrak batzea proposatzen du berak, eta akordio nazional handi bat egitea katalanek, erabakitzeko eskubidearen alde.

Atzokoaz geroztik, PSC sozialista katalanak dira itun fiskalari eusten dioten bakarrak. Pere Navarro PSCko idazkari nagusiaren arabera, «arduragabeak» izan dira bai Mas eta baita Raxoi ere, negoziatzen hasi aurretik negoziazioei ateak ixteagatik. Itun fiskal berria oraindik «beharrezkoa» da, baina PSC bitan banatua dago, katalanistak batetik, eta PSOEra begira daudenak bestetik. Ahul dago, primarioak egin behar ditu, eta PSOEk argi eta garbi esan du Raxoirekin bat egiten duela ezer berriri ateak ixteko.

Espainiako presidenteak, berriz, inoiz egiten ez duen bezala, bilera izan bezain pronto AlfredoPerez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiari deitu dio bileraren berri emateko. Espainiako bi alderdi nagusiek bat egin dute behingoz gai batean. Krisiak eta balizko erreskateekin lortu ez dena Kataluniak ahalbidetu du: batasuna.

Espainiako Gobernua

Espainiako Gobernuak, espero zen bezala, Konstituzioari erreparatu dio itun fiskalari atea ixteko. Raxoik datorren urtean hobekuntza fiskalez hitz egiteko aukera eskaini dio, besterik ez.

Gobernuaren izenean bidalitako komunikatuan azaldu du erkidegoen finantzaketa arazoak Konstituzioak ezarritako neurrien bidez konpondu behar direla, eta «Konstituzioa ezbaian jartzen duten beste neurri batzuek espainiar guztien onespena» behar dutela. Gainera, «gobernatzaile guztiak legea betetzera eta betearaztera derrigorturik daude». Komunikatuak aipamen egiten dio Kataluniak «onura» atera dien 11.000 milioi eurori, eta Masi eskatu dio indarra krisitik ateratzeko eginbeharretan jarri beharko lukeela.

Baina, Masen ustez, espainiarrek Konstituzioaz hitz egiteko orduan «oker bat» egiten dute. «Konstituzioa begi zentralistekin berrirakurtzen da soilik, eta oso une nahasian egin zen, baina nazioen eta kulturen aniztasunaren ikuspuntutik begiratu beharrean, zentralismotik tiratuz egiten da». Baina, onartu nahi ez duten arren, adierazpenak edo konstituzio bat egiten dela, «ez dute borondatea deuseztatuko».

Mas atzoko bilerara Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalaren berri ematera joan zen. Ez zen negoziatzera joan, legebiltzarrak ez baitio itun fiskala murrizteko baimenik eman. Alegia, proposamenak 135 legebiltzarkideen botoetatik 85 izan ditu alde. Beraz, Parlamentuan ordezkaturik dauden katalanen gehienek erabakitakoaren berri eman zion.

Katalanen borondatea joan den irailaren 11ko manifestazioan ikusi dela gogorarazi dio ANC Biltzar Nazional Katalanak, manifestazioaren antolatzaile eta gizarteko arlo zabal bat ordezkatzen duen plataformak. Harenustez, irailaren 11ko aldarrikapenak ez du atzera bueltarik izan behar, eta egutegi bat jarri behar da, gehiegi ez atzeratzeko.

Herritarren harrera

Atzo bertan, ANCk deialdi bat zabaldu zuen jendartean, eta arratsalderako 2.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren Generalitatearen aurrean Artur Masi ongietorria egitera eta «aldarri independentista baieztatzera».Sant Jaume plazan herritarren artean hainbat jende ezagun ere nahastu zen, kultur mundukoak, politikariak eta intelektualak.

Masen eta independentziaren aldeko oihuak entzun ziren, herritarrek presidentea babestuko dutela erakutsiz, baina baita ere hor egongo direla gogorarazteko, independentziaren aldeko borondatea hauteskundeetara deitzera baino urrunago doalako eta ez daudelako prest aldarri hori alferrik galtzen uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.