Maria Verges. Arango Kontseilu Nagusiko Hizkuntz Politikako arduraduna

Kataluniak ofizial egiteak hauspoa eman dio arriskuan den okzitanierari

Aran ibarrean hizkuntza babesten eta erabilera publikoa ziurtatzen du diputatuek onartu berri duten legeak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Okzitaniak hartzen dituen lurralde guztietan, beste zenbait hizkuntza mintzatzen dira: frantsesa, gaztelania, katalana eta italiera, eta horrek are zailagoa egiten du jada urritua den hizkuntzaren iraupena. Asteon lortu dute Kataluniaren eremuko hiztunek urrats garrantzitsua: Herrialde Katalanetan okzitaniera ofiziala egiten duen legea onartu du Legebiltzarrak. Aran ibarrean hitz egiten den aranera babesteko eta sendotzeko baliagarria izango da ofizialtasuna -okzitanieraren dialektoa da aranera, eta egun bost mila hiztun inguru ditu-.

Dagoeneko eskualdean ofizialtasuna zuen, baina orain Generalitatearen onespenarekin ofizialtasuna arautu, eta ibarreko instituzioetan erabilera ziurtatzeko konpromisoa hartu du. Okzitaniera erabili beharko dute hango langile publikoek. Katalunian ofiziala den neurrian, hizkuntza ofizial gisa babestuko dute, eta lehentasuna emango diote. Okzitanieraz jakitea meritu gisa hartuko da administrazio publikoan, hala nola justiziarenean. Hezkuntzan, berriz, Aranen irakasteko erabiltzen den hizkuntza izango da, eta komunikabideei dagokienez, hedabideetan presentzia izateko konpromisoa hartu dute.

PPren polemika

Okzitaniera hizkuntzaren dialektoa da aranera, baina PPC eta Ciutatans alderdiek ez dute hori uste. Legeak ez du Okzitanieraren Legea izena behar, haien ustez, Aranerarena baizik. Argudiatu dute ez direla lege horrekin identifikatuko. «Madrilen katalana arautuko duen hizkuntz politika egitea bezala da», Rafael Lopez PPko kidearen ustez. PSC eta Arango Kontseilu Nagusiaren arabera, berriz, «ez da arrazoizkoa» hizkuntzaren aldetik aranera okzitanieratik bereiztea, eta Arango herritarrak babesteko egin da legea.

Hainbat dialekto ditu okzitanierak -biarnesa, gaskoia, proventzera eta aranera-. Desberdintasun handiak daude batzuen eta besteen artean. Dialekto horietatik guztietatik, bakarra da ofiziala: aranera, hain zuzen.



Maria Verges.Arango Kontseilu Nagusiko Hizkuntz Politikako arduraduna

«Okzitania osoarentzat da garrantzitsua ofizialtasuna»

A.M.

Maria Verges (1978, Vielha, Herrialde Katalanak), Arango Kontseilu Nagusiko Kultura eta Hizkuntza Politikarako arduradun izendatu berri duten arren, legearen testua idatzi eta moldatu duen batzordean aritu da lanean. Erronka berrietarako «garai egokia» zabaldu dela uste du.

Zer ekarpen egiten dio okzitanierari Katalunian hizkuntza ofizial egiten duen legea onartzeak?

Aranera ofiziala da ibarrean, 1990ean legea onartu zenetik; baina orain, 2006ko estatutuak agintzen duena bete da, alegia, ofizial egitea Katalunia osoan. Okzitaniera Katalunian existitzen dela aitortzea esan nahi du; onespena eta babes gehiago emateko eta hizkuntzari dagozkion eskumenak argitzeko balio du; eta hezkuntzan, komunikabideetan eta, oro har, arlo publikoan hizkuntza bermatzeko eta hori dena aurrera eramateko baliabideak jasotzea ere esan nahi du, legea bete dadin. Legea 30 urtean gainditu gabeko irakasgaia izan da.

Oro har, okzitanierarentzat da onuragarria. Eraginik izango al du, adibidez, Frantziako hiztunengan?

Aran bailara Okzitaniaren mapan kokatzen du legeak. Erreferentzia puntua izan da neurri batean Okzitaniarentzat, eta orain gehiago. Generalitatearen lana eta apustua Frantzian oraingoz pentsaezina da, orain hasi baitira kontseilariak-eta izaten, okzitanierari buruzko gaietarako, eta urrats hau izan liteke eredu. Harremana sendotzeko ere balioko duela uste dut, eta Okzitanieraren Ikasketen Institutua izango denarentzat laguntza handia izango dela, ez ekonomikoa soilik. Oraindik okzitaniera batua ez dugunez, euskarria izango da hizkuntzaren arauak-eta lantzen hasteko.

Legeak ibilbide luzea du. Zein zailtasun izan dituzue?

Gai askotan bat egitea lortzea izan da zailena. Legearen lehen testuarekin duela bi urte eta erdi hasi ginen Generalitateko Hizkuntz Politikaren idazkaritzaren eta Kontseilu Nagusiaren artean. Testua egin duen batzordeak lortu du, asko kostata, ados jartzea termino labainkorrenetan, baina azkenean lortu dugu testu onuragarri bat egitea eta onartzea.

Oposizioa izan du legeak Generalitatean. Zer dela eta?

Aranen ez dugu oposiziorik izan, baina handik Kataluniara zabaltzerakoan PPk jarri dio azken oztopoa. Estatutuaren Bermeetarako Kontseilura jo zuen, estatutuak katalana bezala, lege honek ere ezartzen baitu aranera administrazioan lehentasuna duen hizkuntza dela. Legearen izenarekin ere istilua izan da, baina azkenean, epe kontuengatik legea zalantzan egon da, PPk onartu nahi izan ez duelako.

Zein da okzitanieraren egoera?

Oso une kritikoan dago. Hizkuntzaren ofizialtasunari esker, ezagutza maila teorikoan, administrazioan-eta lan egiteko ikasketak hobetu dira, baina erabilera asko jaitsi da, eta gaztelaniaren eta katalanaren lehia izugarria daukagu. Horrez gainera, komunikabideetan oso urria da presentzia. Oso konplexua da egoera.

Zein dituzuelehentasunak?

Komunikabideetan presentzia gehiago izateko lanean ari gara. Hemengo hedabideetan leku zehatza izan dezan ziurtatu dugu, baita Kataluniako hainbat komunikabidek tarte bat eskaintzea ere; gure telebista ere prestatzen ari gara. Horrez gain, kalean ziurtatu nahi dugu hizkuntza. Gurea bezain leku turistikoetan askoz zailagoa da erabilera bermatzea. Eskolan erakusten da, baina kaleko erabilera falta zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.