Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Negoziazioak

Kataluniako emaitzak aldarrikatu ditu PSOEk, JxC apaldu nahian

Madrilek esan du konstituzioaren esparruak mugatuko duela bere jarrera. Generalitateak eskatu dio Sanchezi «ausarta» izateko. 'Convergent' berriek ez dituzte baldintzak «urardotuko»

Isabel Rodriguez Espainiako jarduneko gobernuko bozeramailea, atzo, agerraldi bat egin aurretik. J. J. GUILLEN / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez berriro Espainiako Gobernuko presidente izatea JxC Junts Per Catalunyaren abstentzioaren, eta, horrenbestez, Carles Puigdemont lider duen alderdiaren eskakizunei emango zaien erantzunaren menpe dagoen arren, igandeko bozetan PSOEk Katalunian lortutako emaitzak aldarrikatu ditu Moncloak, negoziazio batean JxCren eskariak, hau da, amnistia eta autodeterminazioa, arintzeko.

Jarduneko gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek nabarmendu zuen, atzo, agerraldi batean, Espainiako Konstituzioaren esparruak «soilik« duela lekua Espainian —ez du autodeterminazio eskubidea jasotzen— eta Katalunian, eta kataluniarrek azkeneko bozetan erakutsi dutela esparru hori «gogoko« dutela. Izan ere, Kataluniako alderdi independentista guztiek elkarrekin —JxC, ERC Esquerra Republicana eta CUP— baino boto gehiago lortu ditu PSCk.

Esparru hori bera defendatu zuen PSOEko idazkariorde nagusi eta Espainiako jarduneko Ogasun ministro Maria Jesus Monterok, atzo, SER irrati katean egin zioten elkarrizketan. Azaldu zuen, bide batez, Sanchezen balizko inbestidurarako negoziazioak «diskrezioz» eramango dituztela aurrera. PSOEren iturriak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek atzo kaleratu zutenez, Sanchezen asmoa da elkarrizketa horiek abuztuko bigarren hamabostaldian hastea. Bozen ondorengo egutegiaren arabera, Espainiako Gorteak (Kongresua eta Senatua) abuztuaren 17an osatuko dituzte, eta 21eko astean, ordezkaritza lortu duten alderdiekin gobernabideaz aritzeko batzartu ondoren, Espainiako errege Felipe VI.ak, ondo bidean, gobernua osatzeko eskatuko dio hautagai bati. Beraz, inbestidura saioa —edo saioak— abuztu amaierarako eta irail hasierarako aurreikusten dira.

Horiek dira epeak, eta Sanchezek hurrengo egunetan mugimendurik ez egiteko asmoa agertu duen arren, Generalitateak eskatu dio jarduneko presidenteari «ausarta» izan dadila eta «aurrerapauso bat» eman dezala Kataluniako indar subiranistekin eduki beharreko elkarrizketei begira. Hori azpimarratu zuen, atzo, Patricia Plaja Kataluniako Gobernuako bozeramaileak, agerraldi batean. «Katalunia errespetatu gabe ez da gobernurik egongo. Beren burua ezkerrekotzat duten horiek estatuan gobernatu nahi badute, negoziatzera eta kataluniarren aldarrikapenak entzutera behartuta daude». Plajaren esanetan, orain aukera bat dago «urrats sendoak»egiteko amnistiarantz eta autodeterminaziorantz aurrerapausoak emateko «helburu bateratuan».

Boto independentistan gertatutako beherakadari dagokionez, adierazi zuen «hausnartzea» beharrezkoa dela horren arrazoiak bilatze aldera, baina «espainiar egoerari dagokion polarizazioak» kalte egin diola independentismoari.

Generalitateko bozeramaileak mahaigaineratutako independentisten arteko batasun hori ari da planteatzen azkeneko orduetan JxC. Laura Borras alderdiko presidenteak independentismoaren «zuzendaritza estrategikoa» berreskuratzeko deia egin zuen, atzo, TV3 telebistan, modu horretan Madrilen bat eginda jokatzeko.

Convergent berrien eta ERCren agendak, ordea, desberdinak dira. Sanchez babesten jarraitzeko Oriol Junqueras buru duen alderdiak jarri dituen baldintzak dira Rodalies aldiriko tren sarearen eskumena eskualdatzea, erkidegoaren finantzaketa eredua gainbegiratzea, eta Generalitatearen eta Moncloaren artean 2020an sortutako elkarrizketa mahaian pausoak ematen jarraitzea autodeterminazio erreferendum baterako bidean.

Hain zuzen, Yolanda Diaz Sumarren liderrak mahai hori aldarrikatu zuen, atzo, eta nabarmendu foro horretan gehiengoak babestutako akordio bat lortzen dutenean, kataluniarrek bozkatu egingo dutela. Bi aldeek konpromisoa hartu dute mahaian lortutako balizko itun bat bozkatzeko; hori, ordea, gaur-gaurkoz, behintzat, nekez izango da autodeterminazio erreferendum bat. «Negoziazioak hastean, planteamenduak batzuk izaten dira hasieran, eta beste batzuekin bukatzen da. Negoziatzea bi aldeek kontzesioak egitea da», azpimarratu zuen Diazek, La Sexta telebista katean. Borrasek ohartarazi zuen, baina, ez dituztela baldintzak «urardotuko».

ERC eskatzen ari zaio JxCri gobernabidea ez blokeatzeko, ohartaraziz horrek bozen errepikapen bat ekarriko lukeela ia ezinbestean. Kataluniako bi familia independentista hegemonikoen arteko harremanak txarrak dira —JxC Generalitatetik atera zen iazko urrian, ERCri egotziz lehentasuna ematea PSOErekin dituen itunei—, eta horiek are gehiago okertzekotan dira. Izan ere, PSC buru duen Bartzelonako Diputazioko gobernuan sartzekoa da ERC, alderdi horretako iturriek Kataluniako hedabideei baieztatu dietenez. Sozialistak, Comukoak, Tot Per Terrasa eta JxCren diziplina utzi duten bi diputatuk osatzen dute gobernua. Horiek horrela, ERCren «zintzotasuna» zalantzan jarri zuen, atzo, JxCren bozeramaile Josep Riusek. «ERC eta PSC ados jarri dira JxC txikitzen saiatzeko», salatu zuen agerraldi batean.

Feijoo, Sanchezen atzetik

Hauteskunde kanpainan, Sanchismoa deitutakoa ezeztatzean jarri zituen indar guztiak Alberto Nuñez Feijoo PPren liderrak. Orain, baina, ikusirik eskuin muturrarekin eta UPN zein Coalicion Canariaren babesarekin ezingo duela gobernatu, eta EAJk ere ateak itxiko dizkiola, Feijook atzo adierazi zuen, kazetarien aurrean Galizian, Sanchezekin hitz egin nahi duela. «Hutsegite erraldoia litzateke Espainian independentistek gobernatzea, noiz eta estatu-alderdiek babes handiagoa bildu dutenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.