Fiskaltzak Kataluniako Gobernuko kideen kontra aurkeztu duen kereilaz gain, beste bat aurkeztu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide soberanisten kontra eta hori ere tramitera onartu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Ordezkari politikoen jokabidean legez kontrako jotzen dituen erabakien artean daude Erreferendumaren Legea eztabaidatu ahal izateko parlamentuko mahaiak onartu duen tramitazioa, legearen onarpena bera, erreferenduma deitzen duen dekretua eta erreferendumaren antolaketarako hartu dituen bestelako neurriak.
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak erantzun du urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma egiteko "amaierara arte" jarraituko duela Generalitatak. "Gobernuak ez du hutsik egingo", adierazi du.
Horrez gain, fiskaltzaren kereilak kautelazko neurriak hartzeko eskatzen dio auzitegiari. Kereilak jasotzen duenez, erreferendumaren sustatze, antolatze eta gauzatzerako hartzen den neurri oro eragozteko eskatzen die Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Mossos d'Esquadrari. Horrez gain, Kataluniako Gobernuak ireki duen erreferendumari buruzko webgunea ixteko galdegin du eta hedabideei galdegiten die ez dezatela zabaldu erreferendumari buruzko iragarkirik. Udalei ere zuzentzen zaie fiskaltza, erreferendumerako hauteslekurik ez dezatela erraztu eskatzeko.
Kataluniako 600 udalerrik baino gehiagok hauteslekuak urriaren 1erako erabilgarri izango dituztela adierazi dute, baina Bartzelonak zer egingo duen airean da oraindik. Ada Colau Bartzelonako alkateak Kataluniako Gobernuari galdegin dio zein berme neurri hartzea aurreikusten duen argitu dezala, Auzitegi Konstituzionalak Erreferendumaren Legea indargabetu ostean, erreferendumaren antolaketa baimentzen duten erakundeak eta langile publikoak arriskuan egon ez daitezen. Puigdemonten gobernuak hori argitu arte ez du hauteslekuen gaineko erabakirik hartuko, adierazi duenez.
Bestalde, Espainiako Guardia Zibilak Constanti herriko (Tarragona, Herrialde Katalanak) inprenta bat miatu du gaur arratsaldean, Kataluniako erreferendumean erabili asmo diren botopaper bila. Guardia Zibila inprenta horren atarian egon da azken bi egunetan, inprentako langileak erregistratzen, lanera bidean egiten zituzten joan-etorrietan, botopaperak atzeman nahian. 14:45 aldera sartu da inprenta barrura, eta bi ordu eman ditu han. Inprentak ziurtatu du Guardia Zibilak ez duela interesekoa izan daitekeen ezer aurkitu.
Espainiako Gobernuak ere, Kataluniako erreferenduma eragozteko bide judiziala urratzen jarraitu du gaur, atzo hartu zituen erabakiei segida emanez. Kataluniako Parlamentuak bart Trantsiziorako Legea onartu eta ordu gutxira, legearen kontrako helegitea aurkeztu du Espainiako Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, gobernuko bozeramaile Iñigo Mendez de Vigok jakinarazi duenez. Trantsizio Legearekin batera, Kataluniako Ogasun Legearen artikulu batzuei ere aurkeztu die helegitea. Atzo Erreferendumaren Legearekin gertatu bezala, Auzitegi Konstituzionalak helegitea tramiterako onartuko balu, Trantsiziorako Legea eta Ogasun Legea behin-behinekoz indargabetuko lituzke.
Auzitegi Konstituzionalak Erreferendumaren Legea indargabetu eta berehala, Kataluniako mila ordezkari politikori baino gehiagori eskutitza bidaliko ziela adierazi zuen, autodeterminazio erreferenduma antolatzen lagunduko lukeen edozein neurri eragozteko betebeharra dutela ohartarazteko. Kataluniako 947 alkateei eta Kataluniako Gobernuko goi kargudunei helaraziko die eskutitza Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren bitartez.
Prozesuaren bultzatzaileak, aurreikusitako bidetik
Kataluniako Gobernuak eta independentzia prozesua babesten duten ordezkari politikoek, ordea, esana dute Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma eragozteko neurriak hartuta ere, hura antolatu eta bururaino eramateko lanekin jarraituko dutela.
Trantsiziorako Legea bart onartu zuen Kataluniako Parlamentuak, Junts Pel Si eta CUPen aldeko botoekin. Catalunya Si Que Es Pot abstenitu egin zen, eta PSC eta PPCko diputatuak aretotik atera ziren, bozketan ez parte hartzeko.
Erreferendumaren biharamunean jarriko litzateke indarrean Trantsiziorako Lege hori, baldin eta indepententziaren aldeko botoak gailenduko balira. Legearen helburua da Espainiako legeditik Katalunia independenteak oinarri izango lukeen legedira igarotzeko zubi izatea.
Herenegun Erreferendumaren Legea onartzerakoan gertatutakoa errepikatu zen atzo, Trantsiziorako Legea onartzeko eztabaidan. Legearen talde bultzatzaileak eta legea eztabaidatzearen aurkakoek egun osoa eman zuten tramitazioari buruzko hika-mikan, eta 21:00etan lortu zuten Trantsiziorako Legea parlamentuko osoko bilkuraren gai zerrendan txertatzea. Ciudadanos, Catalunya Si Que Es Pot, PSC eta PPko ordezkariak asaldatuta agertu ziren, legea eztabaidara eramateko mahaiak hartu zituen erabakiek haien eskubideak urratu zituztela iritzita. Protestak protesta, Mahaiak aurrera egin zuen, eta legebiltzarreko gehiengoak onartu egin zuen legea.
Kataluniako Kanpo Gaietarako Sailak ere erreferendumaren antolaketan aurrera egiteko erabakia hartu du. Urriaren 1an hauteskunde ikuskaritzan arituko den lehen nazioarteko taldeari harrera egin dio. AEBko, Erresuma Batuko, Frantziako, Poloniako eta Holandako adituek osatuko dute hauteskunde sindikaturak onetsitako taldea. Haiekin bildu da Raul Romeva Kanpo Gaietarako sailburua.
[youtube]https://youtu.be/HjUqLamddVc[/youtube]