Kataluniako Parlamentuak gaur goizean onartu du «autodeterminazio eskubidea erabili eta Kataluniako herriaren nahia errespetatzeko asmoa» adierazten zuen mozioa; minutu gutxi batzuk geroago, ordea, indargabetu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako gobernuaren eskaera onartuta. CUPek aurkeztutako mozioak eskaera gehiago ere biltzen zituen: Miquel Buch Generalitateko Barne ministroa kaleratzea —Mossoek azken asteetan izandako jokabideagatik—; amnistia osoa ematea «erregimenak errepresaliatutakoei»; Espainiako Polizia eta armada Kataluniatik kanporatzea; eta istiluen aurkako mosso taldeak desegitea.
Gaur arratsaldean, ordea, parlamentuko zuzenbide zerbitzuek indargabetu egin dute onartutako ebazpenaren zati bat, baita pasa den astean buruzagi subiranisten kontrako epaiari buruzkoa ere, eta, beraz, ez dira aterako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Independentistek zuzenketak egin eta puntu horiek berriz sartzeko asmoa dute.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak 09:30era aurreratu du gaurko saioa, Konstituzionalak mozioaren tramitazioa oztopatu ez ezan. Gauza bera egin du, ordea, auzitegiak, eta ordu berean bildu dira Madrilen. Dena den, ez du lortu mozioaren bozketa saihestea, eta JxCk, ERCk eta CUPek bozkatu dute autodeterminazio eskubidearen alde; Catalunya en Comu, berriz, abstenitu egin da.
JxCk eta ERCk ebazpenaren beste puntuen aurka bozkatu dute —abstenitu egin dira ERCko hiru kide—, eta koalizio antikapitalistak gogor kritikatu ditu. Maria Sirvent diputatuak «errepresioa amaitu eta polizien biolentziaren biktimei egindako kalteak konpontzeari» uko egitea egotzi die: «Horrenbeste gorbata eta horren lotsa gutxi». Espainiaren errepresioaren elkarlanean jardun direla ere esan du. ERCko Ernest Maragallek azaldu duenez, haiek autodeterminazioaren puntua soilik babestu dute, «ezin baitugu sinetsarazi Poliziarik gabeko paradisu bat sortuko dugula».
Parlamentuko saioaren ordu aldaketak eztabaida sortu du. Hasieran, 15:00etan egitekoak ziren, baina Torrentek 9:30etara aurreratu zuen, Suitzara bidaia bat zuela argudiatuta. Gainera, gai hori eztabaidatu dute aurrena, berez gai ordenako zazpigarrena zen arren. JxCk kritikatu egin du erabakia, jendaurrean ezagutarazi duten gutun batean. Gaur goizeko ordu berean zen Kataluniako gobernuaren asteroko bilera, eta horregatik ezin izan dute parlamentura joan Quim Torra Kataluniako presidenteak eta Miquel Buchek.
Ez da azken hilean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi duen lehen mozioa. Duela egun batzuk, hiru alderdi independentistek antzeko mozio bat adostu zuten, baina orduko hartan ez ziren eztabaidatzera ere iritsi. Desobedientzia delituagatik zigortua izateko arriskuan dago Torrent.