Diskrezioz, hedabideei eta beste alderdiei hitzorduaren berri handirik eman gabe bildu dira Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea eta Artur Mas Kataluniakoa. Bi gai nagusi izan dituzte hizpide Madrilgo Moncloa jauregian: krisi ekonomikoa eta Kataluniako prozesu subiranista. Lehenengoan bat etorri dira: defizita murrizteak eta zerga sistema sendotzeak behar luke lehentasun. Bigarrengoan, ez: Rajoyk ez du inolaz ere onartu nahi Kataluniak bere burujabetzari buruzko galdeketa egitea. Madrilek jada eraman du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera Kataluniako Parlamentuak urtarrilean onartutako subiranotasun aldarrikapena.
CiUk ontzat jo du bilera, baina eszeptiko agertu da Jordi Turull, Masen alderdiko bozeramailea: «Badirudi prestasuna badagoela, baina ikusi beharko da emaitzarik izaten duen». Burujabetzari dagokionez, ez du elkarrizketarako aukera handirik ikusten: «Gu galdetzeaz mintzo gara; Espainiako Gobernua, aldiz, galdetzea debekatzeaz».
Kataluniako beste alderdi nagusien artean ere, errezeloa nagusi. ERCko Oriol Amorosek «konfiantza gutxi edo batere ez» du halako negoziazioekin: «Errealistak gara. Kataluniak argi hitz egin zuen bozetan eta parlamentuan: diputatuen gehiengo zabalak erabakitzeko eskubidearen alde bozkatu du, baina PP ez dago prest auzi demokratiko bati buruz hitz egiteko». ICVko Laia Ortizek bileraren «sekretismoa» salatu du: «Ez du balio izan ezertan aurrera egiteko».
Erreferendumeko galdera
Kataluniaren burujabetzari buruzko erreferenduma 2014an egitea adostu dute CiUk eta ERCk, baina oraindik ez dute zehaztu zein izango den herritarrei egingo dieten galdera. ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak bere alderdiak nahi lukeena jakinarazi dio Vilaweb kazetari: «Kataluniak estatu independente izan beharko lukeela uste duzu?». Turullek presaka aritzea leporatu dio; CiUk ez du oraindik bere proposamena jakinarazi.
Kataluniako prozesuari buruz ados jarri gabe bildu dira Mas eta Rajoy
ERCk erreferendumean nahi lukeen galdera iragarri du Rovirak, eta CiUk presaka ez ibiltzeko eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu