Kaxmirko mugan elkarri eraso egiten segitzen dute Indiak eta Pakistanek

Pakistango Defentsa ministroak ohartarazi du konfrontazioa hedatzeko arriskua dagoela. Portuetako «segurtasuna» areagotzeko eskatu du Indiak.

Bi emakume txikitutako etxebizitza baten aurrean, gaur, Indiaren menpeko Kaxmirren. FAROOQ KHAN / EFE
Bi emakume txikitutako etxebizitza baten aurrean, gaur, Indiaren menpeko Kaxmirren. FAROOQ KHAN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko maiatzaren 9a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioa ez da baretu, nahiz eta nazioarteak eskatu dien bi bizilagunei neurriz jokatzeko. Azken orduetan elkarri eraso egiten jarraitu dute Kaxmirko mugan. Bi aldeek baieztatu dituzte eraso horiek —pertsona bat hil dute Indiaren menpeko Kaxmirren, eta bost Pakistanen menpeko Kaxmirren, bi herrialdeetako iturri ofizialek azaldu dutenez —, eta bi herrialdeek Kaxmirko mugan partekatzen duten kontrol lerroaren inguruan bizi direnek bunkerretara jo dute babes bila, han dauden nazioarteko hedabideetako kazetariek kontatu dutenez. Erasoek, gainera, hainbat etxebizitza txikitu dituzte.

Tentsio hori aspalditik existitu da, 1947an Britainia Handiko Inperiotik independentzia lortu zutenetik. Eta azken asteetan gora egin du. Apirilaren 22an, Indiaren menpeko Kaxmirren 26 pertsona hil zituzten; gehienak, turista indiarrak. New Delhik Pakistan egiten du horren erantzule. Asteazken goizaldean, berriz, Indiak Pakistan bonbardatu zuen, eta Islamabaden arabera, 31 zibil hil. Indiak esan zuen «gune terroristak» zituela helburu, eta Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek «mendekua» iragarri zuen. Potentzia nuklearrak dira biak ala biak.

Eta, horren harira, bi aldeek segitzen dute elkarri mehatxu egiten. Khawaja Asif Pakistango defentsa ministroak Al Jazeera Qatarko telebistari gaur esan dionez, konfrontazioa hedatzeko arriskua dago, eta hori berehala gerta daiteke. India egin du egoeraren erantzule, eta nabarmendu du, bide batez, egunero ari direla Saudi Arabiako, Qatarko eta Txinako iturri diplomatikoekin hitz egiten, gatazka areago ez estutzeko. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi ere bi herrialdeetako ordezkariekin batzartu da azkeneko egunetan. Indiako armadak, bestalde, bideo bat jarri du sare sozialetan, zeinean ikusten den eraso batek nola jotzen duen azpiegitura bat.

Pakistango PTV News telebista publikoak iturri ofizialak aipatuz gaur esan duenez, goizaldean Indiak jaurtitako 77 drone erorarazi ditu armadak. Indiako armadak sare sozialetan adierazi duenez, bestalde, «modu egokian» ari dira erantzuten «probokazio batek» bultzatu ez dituen Pakistanen erasoei. Eta New Delhik jakinarazi du, gainera, portuetako «segurtasuna» areagotzeko eskatu duela. Aintzat hartu behar da hegaldi komertzialak bertan behera utzi dituztela Indiako 27 aireportutan.

AEBek ez dute parte hartuko

Asteazkeneko erasoen ondoren, Donald Trump AEBetako presidenteak bi aldeei eskatu zien bonbardaketak eteteko, eta atzo adierazi zuen bitartekari izateko prest legokeela. J. D Vance AEBetako presidentearen ustez, ordea, Pakistanen eta Indiaren arteko auzia ez da Washingtonen «kontua», eta orduan ez dute esku hartuko.

Hori esan zuen atzo gauean Fox News AEBetako telebista katean egin zioten elkarrizketa batean, eta azpimarratu zuen kezkatuta daudela, «bi potentzia nuklearrek tupust egiten duten bakoitzean bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.