Hurrengo lau urteetarako zuzendari nagusi berria izango du Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Khaled el-Enani egiptoarrak hartuko dio erreleboa Audrey Azoulay frantziarrari, zeina 2017tik egon den karguan. Izendapen horrekin, herrialde arabiarretako pertsona bat jarriko dute lehendabizikoz erakundearen buruan.
Atzo aukeratu zuen Unescoren batzorde exekutiboak El-Enani. Batzorde hori Unescoko 194 herrialdeetatik 58k osatzen dute. 55 boto izan ziren egiptoarrarentzat, eta bi Firmin Edouard Matoko kongoarrarentzat. Orain, Unescoko gainontzeko herrialdeek hautagaitza onartu beharko dute azaroaren 6an Uzbekistanen egingo duten batzar orokorrean.
Herrialde batek ez zuen botoa eman: Ameriketako Estatu Batuek. Izan ere, 2026an aterako da Unescotik, hirugarrenez. Donald Trump presidenteak uztailean hartu zuen erabaki hori, eta «kausa kultural eta sozial aurrerakoien eta zatigarrien bultzatzaile» izatea leporatu zion Unescori. AEBak erakundetik atera ziren Trumpen lehen agintaldian (2017-2021), eta 2023an kide bihurtu ziren berriro, Joe Biden Etxe Zurian zela. Ordutik, erakundearen aurrekontu osoaren %8 Washingtondik dator, baina 2026 amaieran diru iturri hori eten egingo da.
Trumpek hartutako erabakia protesta neurri bat da. Unescoko kideek Palestina estatu kide gisa onartu zuten 2011n, eta oraindik ere halaxe da, NBEren kide behatzaile izan arren. Hori dela eta, Israel eta AEBak erakundetik atera ziren 2018an lehendabizikoz.
Ibilbidea
El-Enanik 54 urte ditu, egiptologoa da, eta 30 urtetik gorako ibilbidea du irakaskuntzan. Gida turistiko gisa ere lan egin du antzinako Egiptoko zenbat lekutan. Ondoren, Egiptoko Antzinatasun ministro izan zen, baita Turismo ministro ere (2016-2022).
Izendapenaren ostean egindako hainbat adierazpenetan ziurtatu du Unesco «irtenbideak bilatzeko gune gisa» ikusten duela, eta herrialde guztiei luzatuko diela horretarako eskua. Mandatua «erabat errespetatzeko» konpromisoa erakutsi du: «Eskualde mailako, nazio mailako eta mundu mailako erronkei aurre egitea da helburua, bakean, giza eskubideetan eta garapen iraunkorrean oinarrituta», adierazi du El-Enanik.