Kiev berriro bilduko da Moskurekin eta Washingtonekin, presio are handiagoa duela

Ukraina, Errusia eta AEBak bihar Genevan batzartu aurretik, Kieveko estatu indarrek Energia ministro ohia atxilotu dute, herrialdetik alde egiteko ahaleginean ari zela.

Ukrainako bandera bat Kieven, Amaren Estauaren ondoan, artxiboko irudi batean. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Ukrainako bandera bat Kieven, Amaren Estatuaren ondoan, artxiboko irudi batean. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 16a
13:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainak bere interesak defendatu behar ditu. Hori esan du gaur Kirilo Budanov Kieveko presidentetzaren bulegoko buruak, bihar Genevan (Suitza) Errusiarekin eta AEBekin berriro bildu aurretik. Baina Ukrainako ordezkaritza ez da negoziatzeko posiziorik egokienean eseriko. Barne ustelkeriak berriro zipriztindu berri duen honetan mintzatuko da hiruko bileran. Izan ere, 2021eko apiriletik iazko uztailera Energia ministro izandakoa, Herman Galuxtxenko, atxilotu zuten atzo Ukrainako estatu indarrek, herrialdetik alde egiteko ahaleginean ari zela. Horren berri eman du Ustelkeriaren Aurkako Ukrainako Agentziak.

Ustelkeria auzi bat dela medio, ikerketapean dago Galuxtxenko. Hori dela eta, azaro erdialdean dimisioa eman zuen. Zera egozten dio ustelkeriaren aurkako agentziak: Energoatom enpresa publikoarekin lotutako kontratuen bidez gutxienez 100 milioi dolar —86 milioi euro inguru—  eskuratu zituen sare bateko kide izatea ministro izan zen garaian. Hark ukatu egiten du hori.

Eta Ukrainaren estatu egituretan pilatutako ustelkeria kasuak mahai gainean jarri ohi ditu Moskuk, Kieven posizioa higatzeko. Izan ere, duela lau urte Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, dezente izan dira; horiek horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak dozenaka pertsona kargugabetu ditu ustelkeria susmoengatik. Horrekin lotuta, estatuburuaren kabineteburuak berak, Andri Jermakek, dimisioa eman zuen azaro amaieran, Galuxtxenkori eragiten dion ustelkeria kasu beragatik. 

Horrek guztiak, gainera, ez dio mesede egiten Ukrainari EB Europako Batasuneko kide bihurtzeko bidean. Negoziatzen ari dira bi aldeak, eta Zelenskik, asteburuan, kide bihurtzeko data bat jar dezala eskatu zion talde komunitarioari. Ukrainako presidentearen arabera, herrialdeak 2027rako egon beharko luke prest. EBk, ordea, ez du datarik jarri nahi, eta Kaja Kallas diplomaziburuak nabarmendu zuen, atzo, estatu kideak ez direla data bat ezartzeko gai. «Lan asko dago egiteko», adierazi zuen Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania). 

%25

Zenbat handitu den Errusiak Ukrainan hildako zibilen portzentajea. Errusiak 2024an baino zibil dezentez gehiago hil zituen iaz Ukrainan; %25 gehiago, hain zuzen ere. Horren berri eman du gaur txosten batean Indarkeria Armatuaren Aurkako Ekintza gobernuz kanpoko erakundeak. Errusiak iaz airez egindako erasoetan 2.248 zibil hil zituzten Ukrainan, eta 12.493 zauritu.

Duela bi urte pasa, Ukraina EBko kide bihurtzeko negoziazioak hasi zituztenean, Europako Batzordeak eskatu zion erreformak egiteko hainbat esparrutan; horietako bat zen ustelkeriaren aurkako borroka. Eta, ordutik, Europako Batzordeak kargu hartu izan dio Ukrainari, iruditzen zaiolako ustelkeriaren kontrako erreformak egitean urrats gehiago egin behar dituela.

Orbanen proposamena

Genevako biharkoa izango da Errusiak, Ukrainak eta AEBek azken hilabetean egingo duten hirugarren hiruko bilera. Aurreko biak Abu Dhabin egin zituzten, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, urtarrilaren 23an eta 24an, eta otsailaren 4an eta 5ean. Ez dute pauso esanguratsurik eman gatazka konponbidean jartzeko; azkeneko bilera sailean, esaterako, adostu zuten 314 gerra preso trukatzea: Errusiak 157, eta Ukrainak beste horrenbeste.

Wagner taldea, sabotaje ekintzetarako

Wagner taldeak jarraitzen du Kremlinentzako lanean. Horri buruz mintzo den artikulu bat kaleratu du gaur Financial Times Erresuma Batuko egunkariak, Mendebaldeko hainbat herrialdetako zerbitzu sekretuetako kideekin hitz egin ondoren. Erreportaje horren arabera, Wagnerreko buruek Europan ekonomikoki egoera zaurgarrian dauden pertsonak errekrutatzen dituzte, haiek sabotaje ekintzak egin ditzaten. 2023ko ekainean Kremlinen kontra altxatzen ahalegindu zenetik, ez dago argi zein estatus duen talde horrek; burua izandakoa eta matxinada bultzatu zuena, Jevgeni Prigozhin, hegazkin istripu batean hil zen 2023ko abuztuan. 

 

Aurreko bi bileretan, militarrez osatutako ordezkaritza bat bidali zuen Moskuk. Oraingoan, ordea, Vladimir Medinski Kremlinen aholkularia izango da ordezkaritzaren burua. Kremlineko aholkulari Dmitri Peskovek gaur argudiatu duenez, Medinski ez zen Abu Dhabira joan, han armadarekin lotutako auziez mintzatu zirelako. «Oraingoan gai gehiagoz arituko dira; lurraldeei dagozkienak barne», esan du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Donetsk eskualdean %20 besterik ez du kontrolpean Ukrainak, eta, negoziazioen bidez, zati hori ere konkistatu nahi du Errusiak. 

Bien bitartean, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria bildu da gaur Errusiak talde komunitarioan duen aliatu nagusiarekin, Hungariarekin. Bilera egin du Budapesten Hungariako lehen ministro Viktor Orbanekin, eta hark proposatu du, berriro, Hungarian bilera bat egitea Errusia eta Ukrainaren arteko gerra konponbidean jartzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.