Azkenerako bederatzi hilabete igaro dira Ukrainako, Errusiako eta Ameriketako Estatu Batuetako delegazioak azkenekoz bildu zirenetik, eta asteon hartu dute berriz ere aurrez aurreko diplomaziaren bidea. Kiev eta Mosku beren arteko gatazkarako konponbideren bat negoziatzen jarraitzeko elkartu ziren herenegun eta atzo, Abu Dhabin, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, Washington bitartekari zela. Dena den, urruti dago akordioa, eta ikusi beharko da noiz ematen dieten segida azken egunetako elkarrizketei. Aldeek gerra presoak trukatzea adostu dute behintzat, eta gaur ematekoak dira alde bakoitzak aske utziko dituen preso kopuruaren berri.
Vladimir Medinski Errusiaren ordezkaritzako buruak herrialdeko Vesti hedabide taldeari atzo esan zion balitekeela gatazkako bi aldeak «gertuago» egotea: «Ukrainak zer egiten duen, AEBek zer jarrera hartzen duten, eta Europak sen ona berreskuratzen duen edo ez; neurri handi batean, horren araberakoa izango da».
Elkarren arteko erasoak eten ez dituzten arren, gatazka amaiarazi osteko egoerari buruz hitz egin zutela jakinarazi zuen Moskuko ordezkaritzako buruak. «Munduak bestelako segurtasun sistema bat behar du», esan zuen, oraingoak «oso gaizki» funtzionatzen duelakoan. Erantsi zuen «zenbait puntutan» elkar ulertu dutela AEBekin, eta hitz egiten jarraituko dutela horri buruz: «Europak segurtasun sistema moderno bat behar du, berritua, justua, herrialde jakin batzuei kalte egiten ez diena».
David Arakhamia Ukrainaren ordezkaritzako kideak atzo esan zuen «eskakizun oso zurrunekin» heldu zela Errusia, eta «biziki zaila» izan zela eztabaida; halere, bigarren bileren sorta ahalik eta azkarren egin behar dela erantsi zuen.
Negoziazioen bitartekaria Washington da oraingoz, Moskuk ez baitu nahi Europako herrialdeekin bildu; dena den, Kieven ordezkaritza Abu Dhabin zeuden Europako ordezkariekin bildu zen, hiru aldeko bileraren ostean.
Volodimir Zelenskik atzo adierazi zuen Europak presente egon behar duela «benetako diplomaziaren fase guztietan», elkarrizketak «zabaldu» egin beharko lituzketela iritzita. Ukrainako presidenteak nabarmendu zuenez, «gatazkaren jatorrian» eragin behar dute AEBek; hau da, Errusia presionatu behar dute, hark gerra amaiarazi dezan.
Bada, Jared Kushnerrek, Washingtonen ordezkaritzako buruetako batek, atzo emandako prentsaurreko batean esan zuen Kieveko eta Moskuko liderren artean ez dagoela «konfiantza edo estimu handirik», eta oraindik ere denbora beharko dutela akordioren bat bideratzeko. Aitortu zuen, hori bai, gatazka osteko segurtasunari buruzko eztabaidan Europak ere parte hartu behar duela, eta Ukrainaren aliatuek ordezkariren bat izendatuko balute hori «lorpen handia» izango litzatekeela. Kushnerrek espero du Vladimir Putin Errusiako presidenteak oniritzia ematea «formatu multilateralari».
Izan ere, Kushnerrek jakinarazi zuen Steve Witkoff, Etxe Zuriaren ordezkaritzako beste burua, Errusiako presidentearekin bilduko dela gaur Moskun; ondoren, Zelenskirekin batzartuko da Dublinen, Europako Komunitate Politikoaren goi bileran parte hartuko baitu Ukrainako presidenteak. Bide batez, bi gobernuburuen arteko bilerari buruz, Kushnerrek adierazi zuen «bikaina» izango litzatekeela Zelenski eta Putin aurrez aurre biltzea: «Errusiarrek esan dute aurrerapauso gehiago egin nahiko lituzketela halakorik egin baino lehenago».
Negoziatu bitartean, erasoak
Elkarrizketak abian izanagatik ere, aldeek ez zituzten eten elkarren kontrako erasoak. Errusiako armadak Ukrainaren 150 drone eraitsi zituen herenegun gauean Leningraden, Alexandr Drozdenko eskualde horretako gobernadoreak Telegram bidez jakinarazi zuenez. Azaldu zuen erasoek Ust-Lugako portua zutela helburu, Itsaso Baltikoan, San Petersburgo hiritik ehun kilometro eskasera, eta eztanda egin zuten droneek suteak piztu zituzten petrolioa biltegiratzeko gune batean.
Finlandiako armadak aireko eta itsasoko trafikoa etenarazi zuen hainbat orduz herrialdearen hego-ekialdean, Ukrainaren eraso horren harira.
Bestalde, Errusiako armadak Ukrainako energia azpiegiturei egin zien eraso, Serhi Koretski Ukrainako lehen ministroak salatu zuenez.