Ukrainarentzako babes ekonomikoa zimendatzen ari dira Polonian

Ukrainaren Berreraikuntzarako Konferentzia hasi dute Gdansken. Von der Leyenek adierazi du entregatu diotela Kievi EBren 90.000 milioi euroko maileguaren lehen zatia: 3.200 milioi euro.

Ezkerretik eskuinera, Vonder Leyen, Sviridenko, Tusk, eta Costa, gaur Gdansken. ADAM WARZAWA / EFE
Ezkerretik eskuinera, Von der Leyen, Sviridenko, Tusk, eta Costa, gaur Gdansken. ADAM WARZAWA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 25a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukraina berreraikitzeko 517.000 milioi euro inguru beharko dira. Datu hori plazaratu zuten Munduko Bankuak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak otsailean, txosten bateratu batean. Eta diru hori biltzeko moduez mintzatzen hasi dira gaur Ukrainaren Berreraikuntzarako Konferentzian, Gdansken (Polonia). Bihar arte iraungo du foroak, eta han daude, esaterako, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Antonio Costa Europar Kontseilukoa, Julia Sviridenko Ukrainako lehen ministroa, Donald Tusk Poloniako lehen ministroa anfitrioi gisa, baita Bulgaria, Estonia, Errumania, Finlandia, eta, besteak beste, Suediako liderrak ere. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ez du parte hartuko, azken egunetan gatazka diplomatiko bat eduki baitu Poloniako presidente Karol Nawrockirekin. 

Apirilean, EBk onartu zuen 90.000 milioi euroko mailegu bat ematea Ukrainari, eta Von der Leyenek gaur Gdansken jakinarazi du lehen 3.200 milioiak entregatu dizkiotela. «Eta datozen egunetan hasiko gara ordaintzen droneak ekoizteko erabilitako 6.000 milioi euroen lehen zatia. Hau, zalantzarik gabe, elkartasuna da». Costaren esanetan, Europaren babesa «ezin hautsizkoa eta sendoa» da. Azken egunetan, Ukrainako iturri ofizialek adierazi dute beren asmoa zera dela, 1.500 milioi euro inguruko balioa duten 30 akordio inguru sinatzea Gdansken. 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, urtero egin dute konferentzia hori.

Eta, aurreko urteetan bezala, gatazka konponbidean jartzeko aurrerapausorik eman gabe ari dira konferentzia egiten. Ukraina militarki babesten segitzen du Mendebaldeak, eta, G7koek lehengo astean Zelenskiri esan ziotenez, lagundu egingo diote, eta Errusiari presio gehiago egingo diote zigor gehiagoren bidez. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra atzo Italiako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Poloniako liderrekin bildu zen Berlinen, eta prentsaurrekoan esan zuen «mezu bat» bidali nahi ziotela Errusiari: «Ukraina indartsu dago».

Zelenski laguntza eskatzen ari da, baina ez dago Gdansken. Azken egunetan, bi herrialde mugakideek duten memoria historikoa dela eta, gatazka bat izan du Nawrockirekin. Hilaren hasieran, Bigarren Mundu Gerran Poloniako zibilak hiltzea egotzi zioten Ukrainako milizia baten izena jarri zion Zelenskik armadako unitate bati. Poloniak, erantzun gisa, Arrano Zuriaren Ordena kendu zion Zelenskiri, Poloniako estatuak entregatu ohi duen sari gorena.

Bestalde, Ukrainak droneekin egindako eraso batek bi pertsona hil ditu Errusian, Briansk eskualde mugakidean. Hori jakinarazi dute hango iturri ofizialek. Eta Kievek Errusiaren energia azpiegitura jotzeko ahaleginean segitzen du. Gaur hiru petrolio biltegi jo ditu Krasnodarren, Errusia hegoaldean, Moskuko iturriek adierazi dutenez. Zelenskik ere baieztatu du eraso hori, eta nabarmendu du «etsaiaren» energia azpiegituraren kontra egiten segituko dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA