Kimek esan du Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan

Bi agintariak bildu egin dira. Ipar Koreako lider gorenak adierazi du Kremlinekiko harremanak duela «lehentasuna», eta «ziur» dagoela Errusiak irabaziko duela Ukrainako gerra

Putin Errusiako presidentea eta Kim Ipar Koreako lider gorena, atzo, bien arteko bilkuraren aurretik. ARTEM GEODAKYAN/SPUTNIK/KREMLIN / EFE.
ander perez zala
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ipar Koreako lider Kim Jong-un limusina batean iritsi zen atzo Vostotxni kosmodromora (Errusia). «Pozten naiz zu ikusteaz. Hau gure kosmodromo berria da», esan zion Errusiako presidente Vladimir Putinek, irribarre handi batekin, eskua ematen ari zitzaiola. Ongietorriak eta adierazpenek berehala utzi zuten agerian bi agintarien arteko harremana zer-nolakoa den, eta, batez ere, erlazio horrek duen garrantzia geopolitikaren testuinguruan. Kimek esan baitzuen, besteak beste, Moskurekiko harremanak duela «lehentasuna». Eta, hori nabarmentzearekin batera, bi agintariek argi utzi baitzuten «indar hegemonikoen» kontra arituko direla; are, Kimek esan zuen Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan. Sintonia eta adostasuna sumatu zen bien artean, uneoro.

Atzoko hitzordua garrantzitsua zen bi buruzagientzat. Batetik, Errusiak arma gehiago behar dituelako Ukrainako gerrarako, eta, Mendebaldearen zigor ekonomikoen ondorioz, zail duelako horiek lortzea; bestetik, Ipar Korearen kasuan, lehengaiak eta teknologia berria nahi dituelako, eta hark ere zigorrei egin behar dielako aurre. Piongiangen beharren erakusle, bi agintarien arteko bilkura kosmodromo batean egin izana, Putinek azaldu modura, Kimek «interes handia» duelako «suzirietan»; hain justu, Errusiako presidenteak laguntza eskaini dio satelite programa garatzeko, ustez espioitzarako erabiliko luketena.

Estrategien ikuspuntutik, bilkurak balio izan du, besteak beste, Mendebaldearen kontrako aliantzetako bat sendotzen saiatzeko, Ipar Koreako lider gorenak atzo aitortu modura; haren arabera, bi herrialdeen arteko harremanak «garrantzi estrategikoa» baitu. Eta, bide batez, norbere beharrez mintzatzeko. Bilkuraren aurretik, Putinek adierazi zuen «gai guztiez» arituko zirela, baina hitzordua amaitzean bi aldeek ez zuten ezer esan horiez, ezta akordiorik egin duten ere; armei buruzko ituna espero zen, eta ikusteko dago datozen egunetan zer edo zer esango duten afera horretaz. Atzoko bileran Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa ere izan zen —iragan uztailean Ipar Korean egon zen, gainera—.

Edonola ere, badirudi bi herrialde horien arteko harremana geroz eta estuagoa bilakatzen ari dela. Bi agintariak 2019an batzartu ziren estreinakoz, eta atzokoa harrezkeroztik egindako lehen bilkura izan da —tartean Ukrainaren inbasioa hasi zuen Errusiak, eta Piongiangen babesa jaso du—; gainera, esanguratsua da Ipar Koreako lider gorenak Putinekin izan duen bilkura dela koronabirusaren pandemiaren ostean atzerriko buruzagi batekin egin duen lehena.

«Errusia borroka sakratu bat egiten ari da bere subiranotasuna, segurtasun interesak eta justizia defendatzeko hegemonikoen aurrean. Beti helarazi diegu gure baldintzarik gabeko babes osoa Errusiako Gobernuaren erabaki guztiei», azaldu zuen Kimek prentsaren aurrean, aurrez aurrekoa abiatu aitzin. Eta sostengu horren adibide gisara, Ipar Koreako lider gorenak esan zuen «ziur» dagoela Errusiako armadak irabaziko duela Ukrainako gerra. Putinek zera esanda erantzun zion: «Lagun zahar bat hobeagoa da bi berri baino. Gure laguntasuna sendotzen jarraituko dugu eskualdeko bakea, egonkortasuna eta ongizatea lortzeko».

Bilkura gehiago

Ukrainako gerrarekin lotuta, Errusiak beste bilkura bat izango du afera horretaz datorren astelehenean, Sergei Lavrov Atzerri ministroa Wang Yi Txinako bere homologoarekin batzartuko baita. «Iritzi truke bat egongo da», Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak atzoko agerraldi batean azaldu zuenez. Eta gerra hori amaitzeari buruzko bitartekaritza lanei dagokienez, Frantzisko I.a aita santuak ordezkari bat bidaliko du Txinara. Matteo Zuppi kardinala da, eta aste amaieran joango da herrialde horretara.

Gerra frontean, Errusiako Defentsa Ministerioak esan zuen, atzo, Ukrainak eraso egin ziola Itsaso Beltzeko bere ontzidiaren egoitzari, Sebastopolen, Krimean, ordu txikietan. Defentsa sistemek misil gehienak suntsitu zituzten, eta, erasoaren ondorioz, 24 lagun zauritu zituzten; Ukrainaren arabera, berriz, urpeko bat eta itsasontzi bat hondatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.