Igandean egingo dituzte hauteskunde primarioak Argentinan, urriaren 25ean egingo diren presidentetzarako bozen atari gisa. Hauteskunde horietan, gainera,130 parlamentari, 24 senatari etahainbat gobernadore hautatuko dituzte. Primarioek garrantzi handia dute Argentinan; hauteskundeen simulazio bat dira, eta, hein handi batean, hurrengo hilabeteetarako lehia eta, ondorioz, bozketen emaitza bera baldintzatzen dute. Hautagaiek ongi dakite hori, eta urduritasuna azaleratzen ari da. Urriaren 25eko hauteskundeek, gainera, berezitasun handi bat dute: Cristina Fernandez ezin da aurkeztu hirugarren aldiz presidentetzara, eta horrek galdera ugari sortu ditu kirchnerismoaren eta ofizialismoaren inguruan. Horrez gain, emakumeek politikan duten presentzia ere nabarmen murriztuko du Fernandezen hutsuneak; hamabost hautagaietatik soilik hiru dira emakumeak, eta hirurak, pisu gutxiko hautagaiak.
Nestor Kirchner 2003an izendatu zuten Argentinako presidente, eta, legealdia amaitzean, haren emazte Fernandezek hartu zuen lekukoa. Bi legealdiren ostean, senar-emazteek hasitako aroa amaitzear da, Fernandez ezin baita hirugarrenez aurkeztu presidentetzara. 2013ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, FpV Garaipenerako Frontea —Fernandezen koalizioa—kongresuaren bi herenak lortzen saiatu zen, konstituzioa aldatu eta hirugarren legealdira aurkezteko. Baina, gehiengo nagusia lortu arren, ez zuen helburua lortu.
Kirchnertarrik gabeko ofizialismoaren etorkizuna dago jokoan datozen hauteskundeetan. Fernandezek Daniel Scioli bera—FpVren hautagai bakarra presidentetzarako— bultzatu zuen bere ordezkotzat, baina horrek kutsu kontserbadorea erakutsi du. Dena den, ofizialismoaren erreferente nagusia hautagai ez izateak ez dirudi kalte handiegirik eragin dionik FpV koalizioari. La Nacion egunkariak argitaratutako inkesta baten arabera, koalizioaren hautagai bakarrak botoen %37,6 lortuko ditu primarioetan. Ofizialismoa nagusi da inkestetan, eta hamar puntu ingururen aldea ateratzen dio hurrengo alderdiari. Hala ere, Fernandezen hutsuneak eragina eduki du, Scioli oso urrun baitago bere aitzindariak lortutako babesetik; oraingo presidenteak alde handiarekin irabazi zituen 2011ko hauteskundeak, botoen %54,11 jasota, eta hurrengoak soilik %16,81 lortu zituen.
Ofizialismoa higatu duen beste eragile bat peronismo disidentea da. Peronismo ez-kirchneristaren hautagai nagusia Sergio Massa da, Alternatiba Berri Bat koalizioaren hautagaietako bat. Massa bera Fernandezen alderdi politikotik dator, Alderdi Justizialistatik, baina 2013an utzi zuen, Fronte Berritzailea eskuineko koalizio peronista sortzeko. Inkesta ez da Massaren alde azaldu, ordea, soilik botoen %13,5 ematen baitizkio.
Baina ofizialismoaren lehiakide nagusia Alda Dezagun koalizioa da, ofizialismoa boteretik kendu nahi duten oposizioko alderdiek osatutakoa. Koalizioren hautagai nagusia Mauricio Macri kontserbadorea da. Ezusterik ezean, Macri eta Scioliren arteko lehian gailentzen dena izango da Argentinako hurrengo presidentea. Alta, Macrik hamar puntu gutxiago ditu Sciolik baino, botoen %26,1 jasoko bailituzke oposiziokoak.
Kanpaina nahasia
Batzuen ustetan, nahi baino gehiago, eta besteren ustetan, nahi baino gutxiago, baina argi dago hauteskunde hauek aldaketa ekarriko dutela Argentinara. Egoeraren garrantziaz jabetuta, urduri daude alderdi politikoak, eta giro nahasia izan da Argentinan azken egunetan. Macrik, esaterako, Bi esku dauzkat zu besarkatzeko leloa erabili du kanpainan; zitalkeriaz betetako hitzak, kontuan hartuta bere lehiakide nagusia, Scioli, besomotza dela. Bestalde, nekazarien erakunde patronal ugarik gobernuaren aurkako protestak egin dituzte aste honetan. Protestetan parte hartu ez duten patronalek hauteskunde primarioekin lotu dute mugimendua. Pedro Peretti Nekazaritza Federazioaren zuzendari ohiaren aburuz, «ekoizleen interesak babesteko patronalak izan ordez, eskuinaren menpeko patronal bilakatu dira».
Dena den, primarioen aurreko astekoika-miken protagonista nagusia Anibal Fernandez izan da, ministroen kabineteko burua eta FpVren hautagaietako bat Buenos Aires gobernatzeko. Iragan igande gauean, Jorge Lanata kazetariak narkotrafikoarekin lotu zuen agintaria telebista programa batean. Salaketak hautsak harrotu ditu, eta Fernandezek estortsioa dela esan du. Alderdi Justizialistak ereadierazi du operazio mediatikoa dela, eta telebista programa oposizioko kideekin lotzen duten frogak erakutsi dituzte, programa oposizioko kide ospetsu baten etxean grabatu zutela erakusten dutenak.Lanatak, berriz, bere aurkako mehatxuak salatu ditu.
Argentina. Hauteskunde primarioak
Kirchnertarrik gabeko arorantz
Hauteskunde primarioak egingo dituzte bihar Argentinan.Cristina Fernandezen faltak ofizialismoan galdera asko sortu arren, inkestek Scioli ofizialista dute garailetzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu