«Nire izena Mariano Rajoy da, denek dakiten bezala, eta gero bakoitzak nahi duen moduan deitzen dit». Espainiako Gobernuko presidente ohiak bere agintaldietan hain berezkoak izan zituen ateraldiak gogorarazi ditu gaur, Kitchen auziaren epaiketan. Lekuko gisa eseri da Teresa Palacios epailearen aurrean, besteak beste Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak egindako instrukzioan; izan ere, epaile horrek ez zuen zantzurik ikusi PPko idazkari nagusi ohi Dolores de Cospedal eta Rajoy bera ikertu bihurtzeko. Edonola ere, Espainiako gobernuburu ohiak ukatu egin du Barne Ministerioan «operazio politiko bat» antolatu zela.
Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren libretatxoan azaltzen zen M. Rajoy nor zen ez zuen argitu Espainiako Justiziak Gurtel auzian. PPren B kutxa kudeatzen zuen Barcenasek, eta libreta horretan idatziak zituen diru banaketen artean azaltzen zen izen hura.
Gero, Gurtel auzia estaltzeko Espainiako Barne Ministerioan martxan jarritako makineria ikertzeko abiatu zen Kitchen auzia. Garcia Castellonek hartu zuen instrukzioa, baina ez zituen froga argitzat jo Cospedalen eta Jose Manuel Villarejo poliziaren arteko grabazioak, ezta Barcenasen azalpenak ere; hark berretsi zuen M. Rajoy Mariano Rajoy zela. Kitchen auziko ikertzaileetako batek baieztatu du El Barbas (bizarduna) eta El Asturiano (asturiarra) ere esaten ziotela gobernuburu ohiari. «El Asturiano deitzen dioten pertsona Mariano Rajoy da, orduan gobernuko presidente zena. Datu hori oso argi dago».
Gaur, berriz, hala mintzatu zaio Rajoy epaileari: «Bakoitzak nahi duen moduan deitzen dit». Akusazioaren abokatuen galdera guztiei antzera erantzun die gobernuburu ohiak, betiere Palacios epailearen babesean: «Ez dut ideiarik ere»; «ez dut gogoratzen»; «hori 2012an edo 2013an izango zen, ez naiz oroitzen». Epaileak oso estu hartu du akusazioa, baina, galderak moztu ez dituenean, Rajoyk Barcenasi igorri zizkion mezuei buruz erantzun behar izan du: «Luis, sé fuerte» (Luis, indarrak hartu) mezua gogoratzen omen du, sarritan irakurri baitu prentsan; baina ez «hacemos lo que podemos» (ahal duguna egiten ari gara); mezu hori ez omen du gogoratzen.
Barcenasek epaiketan azaldu du Rajoyk berak suntsitu zituela PPren B kutxaren froga batzuk: «Gezurra da», esan du Espainiako presidente ohiak.
Barcenas diruzain ohiak epaiketan azaldu du PPren B kutxaren frogak suntsitzeko ekimena eduki zutela alderdian, eta Rajoyk berak suntsitu zituela legez kanpoko kutxa hori erakusten zuten froga batzuk: «Gezurra da», esan du Rajoyk. Eta erantsi du sinetsita dagoela Gurtel auziarekin lotutako polizia operazioa «legezkoa» izan zela. Operazio hori Barcenasek Suitzan ezkutuan zuen dirua aurkitzeko egin zuten, haren esanetan.

Barcenas indargabetu
Ustelkeriaren Aurkako Espainiako Fiskaltzaren eta epaiketan ari diren beste akusazioen tesia hauxe da: Kitchen auzia Barne Ministerioan antolatu zuten —Jorge Fernandez Diazek gidatzen zuen—, PPko goi agintariak Gurtel auziarekin lotzen zituzten frogak Barcenasi kentzeko, tartean dela Rajoyren eta Barcenasen arteko elkarrizketa baten grabazioa. Artean, Rajoyren alderdia harrapaturik zuen Gurtel auziak; alegia, enpresariek legez kontra emandako dirua PPko agintarien artean banatzeko sistemaren gaineko ikerketak.
Hori horrela, Espainiako Poliziaren Barne Gaietako buru Gonzalo Fragaren orduko txosten batean zera jaso zuten: Jose Manuel Villarejori atzemandako audio batzuek erakusten zutela El Asturiano esaten zioten pertsona batek bazuela Gurtel auziaren berri.
Eta hala gogorarazi dio gaur PSOEren abokatuak Rajoyri: «Ezizen horiek zuri egiten dizute erreferentzia?». Halaxe erantzun du: «Nire izena Mariano Rajoy da, denek dakiten bezala, eta gero bakoitzak nahi duen moduan deitzen dit».
Gaurkoa hirugarren aldia zuen Rajoyk lekuko gisa deklaratzen Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2017an Gurtel auziari lotuta aritu zen epailearen aurrean; 2021ean, berriz, Barcenasen paperak deitu zitzaion auzian aritu zen.
Villarejo-Cospedal
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohia ere gaur aritu da Kitchen auziko epaiketan testigantza ematen, hura ere lekuko gisa; izan ere, Garcia Castellon epailearen arabera, Villarejoren eta haren arteko grabazioa ez zen nahikoa izan De Cospedal ikertu bilakatzeko.
De Cospedalek uste omen zuen PPren aurkako espioitza egiten ari zela Barne Ministerioa, PPk kontrolatzen zuen ministerioa alegia, eta horregatik jo omen zuen Villarejorengana.
De Cospedalek uste omen zuen PPren aurkako espioitza egiten ari zela Barne Ministerioa, PPk kontrolatzen zuen ministerioa alegia, eta horregatik jo omen zuen Villarejorengana. Modu horretan azaldu nahi izan du espioitza zerbitzuak eskaintzen zituen polizia ohiarekin izandako harremana.
«Hobe izango litzateke libretatxoarena geldiaraztea», esaten dio PPko buru ohiak Villarejori, azken horrek grabatutako audio batean. Barcenasen paperei erreparatzen die De Cospedalek, PPren B kutxa egon bazela frogatzen duten horiei, baina Garcia Castellon epaileak «harreman informaltzat» jo zuen hori instrukzioan, eta, horri esker, gaur lekuko gisa ukatu ditu akusazio guztiak.