Parisen klimari buruzko goi bileran bildutako agintariek azkenean iragarri dute akordioa badagoela: "Akordio historikoa", esan dute. Eta izatez hala izango da klima aldaketaren kontrako lehen akordio globala baita (Kyotokoa ez zuten AEBek eta Txinak sinatu). Ezarritako helburuak lortzen diren, horrek neurtuko du Parisko goi bilera horren arrakasta. Helburua da mende amaiera baino lehen planetaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea. Frantziako Atzerri ministro eta goi bilkurako presidente Laurent Fabiusek eguerdian eman du azken bi asteotan Parisen adosten jardun duten proposamenaren zirriborroa, eta 19:30ean jakinarazi dute akordioa egon badagoela.
Konpromisoak legez bete beharrekoak izatea proposatu dutela argitu du Fabiusek, baina derrigortasuna ez da neurri guztietara zabalduko. Esaterako, CO2 isuriak murrizteko herrialde bakoitzak hartu beharreko konpromisoak ez dira bete beharrekoak izanen. Hala ere, herrialdeek hartzen dituzten neurriak berrikusi egingo dira bost urteren buruan.
Zirriborroak zekarren puntuetako bat da mendea amaitu baino lehen bi graduko berotze orokorra ez gainditzeko konpromisoa hartzea. Dena dela, benetako helburua gradu eta erdi ez igotzea izan behar duela zehaztu du Fabiusek. Zientzialariek ezarritako bi graduko berotze orokorraren marra gorria ez gainditzeko proposamena sartu dute, beraz, zirroborroan.
Akordio proposamena "anbizio handikoa eta bidezkoa" dela aldarrikatu du Fabiusek zirriborroa aurkeztu duenean. Besteak beste, Hego Amerikako basoak babesten, itsasoaren egungo mailari eusten edota Afrikako garapen teknlogikoa sustatzen lagunduko duela uste du. Kyotokoa ordezkatu behar duen itun hau onartuko zela ziur agertu da eguerdian Fabius. “Aurrerapauso itzela izango da gizadiarentzat”. Ituna egitekotan, klimaren aldaketaren aurkako lehen akordio globala litzateke.
Manifestazio jendetsua
Fabius proposamenaren zirriborroa iragartzen ari zela manifestazio jendetsuak egin dira Parisen. Horietako batean marra gorri handi bat irudikatu dute manifestariek, eta benetako neurriak eskatu dituzte klima aldaketaren kontra. Istilurik gabe amaitu da larrialdi egoera ezarri zenez geroztik Parisen egin den lehen manifestazio handia.