INGURUMENAREN HONDAMENA

Klima krisia eta biodibertsitatea, erro bereko bi muin

Gizakiak eragindako bi hondamendi horiek «batera» aztertzeko eskatu du nazioarteko ikerlari talde batek; ikerketako egileetako bat izan da Unai Pascual, Ikerbasqueko kidea. Krisiari aurre egiteko, erakundeen arteko diziplinarteko lankidetza sustatzea galdegin dute, besteak beste. 

Chiba presako lur idorra, tenperatura igoeren eta prezipitazio ezaren ondorioz, Tunisian, artxiboko irudi batean. MOHAMED MESSARA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 20a
20:01
Entzun

Klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera loturarik gabeko bi hondamendi balira bezala aztertu ohi direla salatu du nazioarteko ikertzaile talde batek, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Haien arabera, erro bera dute bi krisiek: giza jarduerek sortutako gasen isuriak eragindako tenperatura globalaren igoera. Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaileak hartu du parte ikerketa horretan.

Krisi bikoitz horri aurre egiteko, zera eskatu dute: karbono dioxidoaren isuriak murrizteko eta ekosistemak babesteko. Hain justu, nazioarteko ikertzaile talde horrek aholkatu du 1,5 graduko berotzearen langa ez gainditzeko helburua betetzea, eta, era berean, lehorreko, itsasoko zein ur gezako eremu osoaren %30 babestu eta leheneratzea. Horretarako, ordea, erakundeen arteko diziplinarteko lankidetza sustatzea galdegin du, krisi bikoitz horren atzean dauden egungo sistema ekonomiko eta politikoak lehenbailehen eraldatzeko asmoz.

Ikusi gehiago: 2030erako nazioarteko uren %30 babestea adostu du nazioarteak

Ikerlari taldeak azaldu duenez, gizakiak «erro-errotik» aldarazi du Lurreko sistema. «Giza jarduerek sortutako berotegi efektuko gasen isurketen ondorioz, tenperatura globala 1,1 gradu baino gehiago igo da batez beste, industriaurreko aroarekin alderatuta. Ikertzaileek salatu dutenez, karbono dioxidoaren, metanoaren eta berotegi efektuko beste gas batzuen isurketek ez dute etenik, «55 gigatona karbono dioxidotik gorako kopuruetara heltzeraino».

Igoera horren eraginez, «inoiz ez bezalako» klima krisi horrek ondorio «latzak» jasaten ari da Lur planeta; besteak beste, prezipitazioa gero eta urriagoa izaten ari da klima idorra duten hainbat eremutan; itsas mailaren igoera globala igotzen ari da; muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ugariagoak dira; eta ozeanoak azidoagoak dira.

«Historiako erronkarik handiena»

«Homo sapiens-ak berak eragin duen klima krisia da, ziurrenik, gizakiak bere 300.000 urteko historian gainditu beharko duen erronkarik handiena», ohartarazi du Poloen eta Itsasoen Ikerketako Helmholtz Zentroko langile Hans-Otto Portnerek. Irakaslearen hitzetan, aldi berean, klima krisiaz gain, beste krisi bat sortzen ere ari da gizakia, «ia oharkabean», baina bestea bezain arriskutsua: «Lur planeta osoko landare eta animalia espezieen galera dramatikoa. Bi hondamendi horiek elkarren mendekoak dira, elkarren osagarri, eta, horregatik, ez genituzke behin ere bereizitako aztergaitzat jo behar».

Science aldizkarian kaleratutako ikerketa horrek zehatz argitu ditu klima krisiaren eta biodibertsitatearen krisiaren arteko loturak, bi hondamendiei aurre egiteko eta dagoeneko planetan utzi dituzten ondorio «izugarriak» arintzeko irtenbideak emanez.

Ikerketa horretan aritu da Pascual Ikerbasqueko kidea ere. Irakasleak biodibertsitatearen galerak izan duen okertze azkarra gertutik aztertu du. Haren arabera, giza jarduerek planetako lurrazalaren %75 eta itsasoko uren %66 inguru aldarazi dituzte, eta ondorioak argiak dira: «Ugaztunen biomasaren %80 eta landarearen %50 inguru galdu dira». Pascualek zorrotz esan du giza historiako beste edozein garaitan baino espezie gehiago galtzeko arriskua dagoela, eta erantsi du «habitat naturalen suntsipenak, biodibertsitatearen galeran eragin ez ezik, organismoek, lurzoruak eta sedimentuek karbonoa biltegiratzeko duten gaitasuna ere murriztuko du, klima krisia are gehiago larriagotuz».

Ikusi gehiago: Animalia ornodunen populazioa ia %70 txikitu da 1970etik, WWFren arabera

Ikerketaren egileek eskatu dute klima aldaketaren erronkari «berehala» heltzeko, baina lurzoruaren erabileraren kudeaketari buruzko ikuspegi «modernoa» hartuta; hain zuzen, eremu babestuak biodibertsitaterako babesleku bakartzat jo gabe. Haien iritziz, eremu horiek Lur planeta osoan hedatutako sare baten osagai izan behar dute, lurrean zein itsasoan. Horretarako, halaber, karbono dioxidoa murriztea bultzatu behar dela diote. Pascualek ziurtatu duenez, ingurumen krisi bikoitz horrek dagoeneko begi bistako eragina utzi du gizartean; besteak beste, giza talde zaurgarrien egoera erabat okertzea.

Ikusi gehiago: Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

Horrekin guztiarekin lotuta, ahalegin bateratuak «erakundetzeko» eskatu du Hans-Otto Portnerrek. Aho bizarrik gabe mintzatu da: «Segur aski, biodibertsitateari, klima aldaketari zein jasangarritasunari dagozkien helburuak ez ditugu 2030erako lortuko, eta agian ezta 2050erako ere». Irakaslearen ustez, Nazio Batuen Erakundeak biodibertsitatearen galeraren eta klima aldaketaren aurka abiarazitako hitzarmenak «adibidetzat» hartu behar dira; hau da, aniztasun biologikoari buruzko hitzarmena eta klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru hitzarmena. «Testuinguru honetan, ikuspegi globala izan behar dugu, baldin eta helburuak lortzeko itxaropena badugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.