Ahomentan

KLIMA KRISIA, POLOETAKO IZOTZ ARTETIK

Artikoan eta Antartikan bildutako laginak ikertzen dituzte Naima El bani Altunak eta Sergio Henrique Fariak. Klimak azken ehunka mila urteetan izan duen garapena argitu nahi dute, egungo aldaketak ulertzeko. Ohartarazi dute planetaren ipar eta hego muturrak espero baino azkarrago ari direla berotzen.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Izotz artean ibiltzera ohituta daude, planetaren eremu hotzenetan. Beti iraganari begira, etorkizuneko gertaera posibleak iragarri ahal izateko. Zientziaren patua. Naima El bani Altuna Artikoko uretan ibili da azken urteetan, itsas hondoko sedimentuak ikertzen. Sergio Henrique Faria, berriz, izotz polar ahalik eta zaharrenaren bila aritu da Antartikan eta Groenlandian. Biek dute helburu Lurraren klimak iraganean izan dituen aldaketak nolakoak izan ziren argitzea, eta egun bizi dugun klima larrialdiaz hitz egiteko elkartu ditu BERRIAk Leioan, EHUren Bizkaiko campusean dagoen BC3 Klima Aldaketarako Zentroan.

Ez zuten elkar ezagutzen, baina segituan konturatu dira pasio bat konpartitzen dutela, FariakEl bani Altunari BC3ko IzotzaLab laborategiaren ateak ireki dizkionean. IzotzaLabeko zuzendaria da Faria. «Ez du parekorik munduan. Zero azpitik 30 gradurainoko tenperaturekin egiten dugu lan», azaldu du, ordenagailuko pantailan Pirinioetako Monte Perdido menditik (Aragoi, Espainia) hartutako izotz lagin baten irudi mikroskopikoa erakusten dion bitartean.

Zuen eguneroko jardunean oso presente dago izotza. Zein ikerketetan ari zareten lanean?

NAIMA EL BANI ALTUNA: Nik ez dut zehazki izotzarekin lan egiten, izotzaren azpian dauden laginekin baizik. Artikoko Ozeanoaren hondoko laginekin eta sedimentuekin: lokatzarekin, hondarrarekin... Lagin horietatik sortzen ditugu artxibo geologiko deitzen ditugunak, eta horien bidez irudika dezakegu iraganeko ozeanoa nolakoa zen, eta informazio hori lotu dezakegu iraganeko klimarekin. Tromsoko Unibertsitatean egiten dut lan hori, Norvegian. Iazko irailean bukatu nuen han doktoretza.

Zu, Sergio, Antartikan hainbat egonaldi egindakoa zara, ezta?

SERGIO HENRIQUE FARIA: Bai, beti joaten gara udan. Neguan ere joan daiteke hara, baina eromena da. Antartikara eta Groenlandiara joaten gara. Bi eremuetan egiten dugu lan. Guk izotza zulatzen dugu, zenbait kilometrotako luzeran, arrokarekin topo egin arte. Bost, zazpi edo hamar urteko proiektuak dira. Toki batean zundaketak egin eta beste batera mugitzen gara. Beti Antartikan eta Groenlandian. Antartikan hamar urteko proiektu bat egin genuen, eta orain Groenlandian ari gara lanean.

Antartikan izan ginenean, 2003 eta 2006 urteen artean, hiru kilometroko sakoneran zulatu genuen izotza, arroka oinarrira iritsi arte. Antartikaren erdian hartu genuen lagina, izotza lodien den tokian, ahalik eta sakonerarik handieneko izotza lortzeko, ahalik eta izotzik zaharrena. Orain Groenlandian ari gara, eta izotz geruzaren erdia baino pixka bat gehiago zulatu dugu orain arte. Beste bi urte beharko ditugu izotz azpiko arrokaraino iristeko.

Zergatik dira horren baliotsuak biltzen dituzuen lagin horiek? Zein informazio biltzen duzue zehazki?

EL BANI: Guk gure lana Sergiorena bezalako ikerketetan oinarritzen dugu. Klima horrenbeste aldatu dela dakigu Sergio eta bere kideek izotzean aurkitzen duten gasari esker.

FARIA: Gure lanak osagarriak dira. Naimak egiten duena denbora eskala izugarri batean kokatu behar da, eta klimaren historia deskribatzen du denbora tarte oso luzean. Izotzean gure eskala askoz ere laburragoa da. Tira, milioi bat urtekoa [bi elkarrizketatuen barreak]. Oso laburra da berarentzat, ezer ere ez. Guretzat, hori izan da lortu dugun erregistro tarterik zabalena.

Baina izotzak zehaztasun handiz deskribatzen du milioi bat urteko tarte hori. Handik atzerako zerbait jakin nahi dugunean, Naimak ikertzen dituen sedimentuetara jotzen dugu. Batean eta bestean lortzen dugun informazioa alderatu egiten dugu. Zuek ere hala egingo duzue, noski.

EL BANI: Bai. Gainera, nik sedimentu berrienak ikertzen ditut, azken glaziaziokoak eta azken glaziazioartekoak [duela 100.000-140.000 urte ingurukoak]. Beraz, etengabe begiratzen ditut Groelandiako emaitzak.

Nola bizi izan duzue Artikoan eta Antartikan lan egitea, gizakiak gutxien esku hartu duen inguru horietan?

EL BANI: Estereotipo bat da Artikoa gizakiak esku hartu gabeko toki bat denaren irudia. Ni bizi naizen tokian, behintzat. Beste kontu bat da Svalbard uhartedia, Norvegia iparraldean. Baina Artikoan jende asko bizi da. Novegiarrak baino lehen Samiak bizi ziren, adibidez, eta milaka urtetan egon dira han. Beraz, ez da bidezkoa esatea han ez dela inor bizi. Nik banuen estereotipo hori. Artikoa zuria eta hutsa irudikatzen nuen, eta ez nuen pentsatuko autobusak eta aireportuak badirela.

Egia da Svalbard beste kontu bat dela. Han kokaguneak daude. Lehen, meatzarienak; orain, unibertsitateenak. Han egotea ikaragarria da. Badakizu hartz polarrak bizi direla bertan, hori dela haien etxea, eta zu gonbidatu bat zarela. Egoera oso berezia da.

Nik itsasoan egiten dut nire lanaren zati handiena. Orduan, izotzez erabat inguratuta zaudenean, ikaragarria da. Gainera, itsasoko izotza da, eta ontzian zaudenean, inguruan duzun izotz guztia lurra bezalakoa da. Haren gainean ibil zaitezke oinez, baina zure azpian 4.000 metro sakoneko urak dituzu. Sekulakoa da.

FARIA: Poloak normalean irudikatzen dira izotzez estalitako eremu homogeneo bat bezala, baina aniztasun handia aurki daiteke. Bereziki, Antartikan. Gaur egun, garraio guztia egiten da hegazkinez. Gertuko aireportu batetik egiten dugu irteera, Lurmutur Hiritik [Hegoafrika], Australiatik edo Patagoniatik [Argentina eta Txile], Antartikako kostalderaino. Han kokaguneetako aireportuak daude, izotzaren gainean eraikiak, pixkanaka turismorako ere prestatzen hasiak direnak. Esaterako, SESB [Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna] desegin ondotik, militar errusiar batzuk negozio bihurtu zuten Antartikan eraiki zuen aireportu erraldoia. Hala ere, azpiegitura oso oinarrizkoa da oraindikAntartikan.

Kostatik, lan egin behar duzun guneraino garraiatzen zaituzte, barnealdera, hegazkinez. Inguru hori irudikatu daitekeen eremurik muturrenekoa da. Dena da laua, dena izotza, zuria, ez dago inolako informaziorik. Haizeak beti jotzen du norabide berean, beti gogor, baina ez dago inolako erreferentziarik, ezta biziaren inolako arrastorik ere. Beraz, sentsazioa oso arraroa da hasieran. Gero ohitu egiten zara, eta zure egoera psikologikoa egonkorragoa bihurtzen da, zure ohiko izatetik beste.

Zer ikusi duzue bildu dituzuen lagin horietan? Klimak izan ditu gorabehera nabarmenak iraganean, ezta?

EL BANI: Nire tesian azken 60.000 urteak ikertu ditut. Azken glaziazioari eta interglaziazioari dagokio tarteak. Azken interglaziazioa da orain bizi duguna, Holozeno izenekoa. Epe horretan tenperatura aldaketa bortitzak izan dira, Groelandiako izotzari esker dakigunez. Glaziazio garaian tarte oso hotzak izan dira, eta bat-batean, denbora geologikoari dagokion bat-batekotasunean, dozenaka edo ehunka urtetan, klima nabarmen berotu izan da, 16 graduko aldea izateraino, eta gero pixkanaka hoztu da berriz.

Tesian saiatu naiz argitzen zer gertatzen zen ozeanoan tarte horietan; zehazki, iparraldeko itsasoetan. Ahalegina izan da itsas hondoko tenperaturak zehaztea, informazio horrekin itsas korronteak nolakoak ziren ondorioztatzeko. Ozeanoetako zirkulazioa zuzenean baitago lotuta klimarekin.

Beraz, gaur egun, klima aldaketaregatik jakin behar dugun gauza garrantzitsuetako bat da zer gertatuko den ozeanoetan Lurraren berotzearekin. Badakigu tenperatura igotzen ari dela, baina nola eragingo dio horrek sistema klimatikoaren elementu bakoitzari? Horregatik da garrantzitsua iraganera begiratzea eta eredu alderagarriak aurkitzea.

Zu Sergio IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txosteneko egileetako bat zara. Txostenak frogatutzat jotzen du klima aldaketa gizakiak eragin duela. Zein alde dago klimak bizi izan dituen beste aldaketekiko?

FARIA: Ebidentzia nagusia da Lurraren berotzearen abiadura, eta atmosferan berotegi gasak erritmo bizian pilatzen ari garela; batez ere, karbono dioxidoa. Azken milioi urteari erreparatuz gero, sekula ez dugu gas karbonikoen halako kontzentrazio handi bat izan. Gaur egun, erabateko ziurtasuna dugu, ez dago zalantza izpirik bizi dugun prozesu klimatikoa gizakiok azken 150 urteetan eragina dela.

Beste ondorioetako bat da izotza espero zena baino azkarrago ari dela urtzen.

FARIA: Berak [El banik], Artikoan lan egiten duenez, nik baino hobe nabarituko du. Baina egia da. Adibidez, duela zenbait aste ikusi dugu bero kolpeak izan direla Artikoan eta Antartikan aldi berean. Ezustekoak izan dira guztiz. Espero zen halako zerbait gertatzea, baina ez horren garaiz, eta gertatu den intentsitatearekin. Gainera, bi poloetan izan da aldi berean. Oso kezkatuta gaude halako fenomenoek eta Artikoko izotzaren urtze azkarrago batek eragin dezaketen ezegonkortasunarengatik. Artikorako eta Antartikarako iragarrita zeuden agertokirik grisenak errealitate bihurtzen ari dira, eta bereziki berotze bortitza izaten ari da Artikokoa. Lurraren batez besteko berotzea baino bi edo hiru bider gehiago ari da berotzen, eremuaren arabera, eta planeta jada oso azkar ari da berotzen!

Berotze horrek eta izotz kopuru handi bat urtzeak zer eragin izan dezake ozeanoetan? Ba al da ozeanoetako zirkulazioa kolapsatzeko arriskurik?

EL BANI: Oraindik ez dago argi zirkulazioa kolapsatuko den ala ez. Zirkulazio ozeanikoa uraren gazitasunak eta tenperaturak eragiten duen korronte sistema bat da, horregatik ezagutzen da modu informalean zirkulazio termohalinoa izenarekin. Horrek esan nahi duena da bi elementu horietako bat aldatuz gero, uraren tenperatura ala gatz kontzentrazioa, sistema bera aldatzen dela. Orain galdera da: zer gertatuko da Artikoko izotza urtzen bada?

Ikertzen ari naizen inguruan, itsaso nordikoetan, Atlantikoko urak—erlatiboki beroagoa eta gaziagoa denak— iparraldera egiten du, eta Artikoko urak —erlatiboki hotzagoa eta gezagoa denak— hegoaldera, Groenlandiako kostaldetik. Bi korronte horiek elkartzen direnean, dentsitate handiko ura sortzen dute. Ondorioz, ur horrek hondora jotzen du, eta hegoaldera mugitzen da.

Korronte harreman hori gerriko baten modukoa da. Aireportuetan maletak garraiatzeko erabiltzen den zinta ekartzen dit gogora. Alde batetik tira eginez gero, beste aldetik azkarrago joango da zinta. Zer gertatuko litzateke zintari tira egiten ez bazaio, bi ur horiek ez direlako horren ondo nahasten? Bada zirkulazio hori, iparraldera beroa eta hegoaldera hotza garraiatzen duena, moteldu egin daitekeela. Hori da ulertzen saiatzen ari garena. Ez dut uste behin betiko erantzuna aurkituko dugunik, baina iraganean eredu alderagarriak topatzen baditugu hobeto ulertuko dugu zer gerta daitekeen.

Eta zenbateko garrantzia du zirkulazio horrek Lurraren klimaren egonkortasunerako?

FARIA: Hori da erantzun beharreko beste funtsezko galdera: Atlantikoko zirkulazio hori aldatzen bada, zer gertatuko zaio klimari? Gutako bakoitzak baditugu teorietan oinarritutako gure susmoak, baina sistema horren da konplexua, ezegonkortasun mota ugari egon daitezkeela, baita gaur kontuan hartu gabe izan ditzakegunak ere, oreka aldatzen duen elementuren bat agertzen denean beste elementu ezegonkor bat agertzen baita. Baina badirudi korronte termohalinoa aldatuz gero klima aldaketak oso handiak izango direla Atlantiko iparraldean, Europan eta Ipar Amerikan. Zer espero daitekeen aztertzerakoan, usteak askotarikoak dira.

Inoiz baino informazio gehiago daukagu gizakia kliman eragiten ari den aldaketari buruz, baina, hala ere, IPCCren azken txostenak ohartarazi duenez, geroz eta alde handiagoa dago Parisko Hitzarmenaren helburuak betetzeko hartu beharko liratekeen neurrien eta hartzen ari direnen artean. Ezagutza eta teknika ez dira nahikoa izaten ari. Pentsatzeko modua aldatu behar da?

FARIA: Larrialdi egoera batean gaude, eta denbora gehiegi utzi dugu pasatzen. Orain arazoa gurekin daukagu. Egoera honetara iritsita, ezinbestekoa da ahalik eta gehien murriztea dagoeneko gertatzen ari diren kalteak, egunero mundu osoan gertatzen ari diren muturreko gertaerak. Ikusten ari gara geroz eta gehiago direla klimarekin lotutako migrazio mugimenduak, eta horrek ondorio ekonomiko eta sozial erraldoiak eragiten ditu.

IPCCn nabarmendu nahi izan dugun mezuetako bat da aldaketa klimatikoa ez dela berdin gertatzen ari planeta osoan. Eskualde bakoitzean bere berezitasunak ditu. Baina, edozein modutara, ondorioak kaltegarriak dira beti, egokitzeko behar larri bat eragiten dutelako. Eremu jakin bakoitzean bizi diren jendeak eta tokiko ingurumena ez daude ohituta eta diseinatuta baldintza berri horietan bizitzeko. Horrez gain, argi utzi beharra dago aldaketak toki bakoitzean desberdinak izan arren, edozein eremutan gertatzen diren desorekek arazoak sortzen dizkigutela guri ere. Bizilagunari edo gugandik urrun bizi denari gertatzen zaionak eragin zuzena du gugan. Sentimendu hori da garatu behar duguna klima krisiari aurre egiteko.

EL BANI: Pastelaren zatirik txarrena nork jango duen argitzeko banaketa horretan betikoa gertatzen da: Berotegi gas gehien isuri dugunok izango ditugu kalterik onenak. Iruditzen zait sormen gehiago behar dugula egoerari aurre egiteko, ikusi delako orain daukagun sistema ez dela bateragarria ez planetarekin, ez klimarekin, ezta gizakion bizitzarekin ere, kasu askotan. Sormena behar dugu egokitzeko. Larrialdi honek ideia berriak behar ditu, eta ez dakit gaur egun ba ote dauzkagun. Pentsatu nahi dut egin dezakegula zerbait, pentsatu nahi dut urte asko gelditzen zaizkidala oraindik planeta honetan.

Bestalde, iruditzen zait mezu negatiboa bakarrik emateak ezgaitu egiten gaituela. «Kitto, ezin dugu ezer egin, denok hilko gara». Kezka eragiten dit mezu bakarra hori izateak. Argi dago gauzak aldatu behar direla, IPCCk oso argi uzten du. Eta ez da egia ezin dugunik ezer ere egin, gauza asko egin ditzakegu, baina lan horri heldu behar diogu lehenbailehen. Ez soilik norbanakoen ekintzekin, baita maila kolektiboan ere.

Zenbatekoa da urgentzia?

FARIA: Aldaketa gertatu egingo da bai ala bai. Ez dago beste aukerarik. Kontua da zain geldituko ote garen egoerak aldatzera behartzen gaituen arte, guztiz zentzugabea izango den kostu batekin, ala aldaketa gure borondatez hasiko dugun, kostu askoz ere baxuago batekin.

Ulertzeko zaila da zenbaitek duten ideia: aldaketa gerorako utziko dugu, aurretik nik baliabideak pilatu behar ditudalako, neure burua babesteko, eta ondoren, aldaketak kostu handiagoa izango badu ere, ni prestatuago egongo naiz lehia sozialerako. Hori ez da horrela izango. Zenbat eta denbora gehiago pasatzen utzi, kostua askoz ere gehiago haziko da tarte horretan pilatu daitekeen edozein aberastasun kopururen aldean. Inork ezin dio egoerari ihes egin.

Beraz, aldaketak nahitaez egin beharko ditugu. Baina askoz hobea izango da berehala egitea, lasaitasun handiagoarekin. Egin beharrekoa atzeratu ahala, larritasun handiagoa izango dugu, krisi gehiago izango ditugu, eta horrek handitu egiten du okerreko erabakiak hartzeko arriskua. Elur bola bat da. Tontakeria gehiago egingo ditugu.

EL BANI: Eta gauzak ondo egin behar baditugu, goazen era justu batean egitera ere. Krisiek beti eskaintzen dituzte aukerak. Iruditzen zait sekulako aukera daukagula justizia klimatikoa eta justizia soziala errealitate bihurtzen hasteko. Gauzak aldatu behar baditugu, ez dakit demagogia den, baina egin dezagun mundu justuago bat ere.

FARIA: Ez, ez zait iruditzen demagogia denik. Geroz eta gehiago, kontziente gara krisi klimatikoa krisi moral bat dela. Ez da krisi zientifiko bat, ez da soilik krisi natural bat: krisi moral bat da. Gu zibilizazio baten ondorengoak gara, eta zibilizazio horrek gauza asko lortu ditu bere biziraupen instintuari esker. Baina beti etekin handiena ateratzeko instintu hori jasangaitza bihurtu da maila batetik gora. Hori da ulertu behar duguna. Kontuan hartu behar dugu arazoaren ikuspegi morala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.