Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeak

Kolonbiako presidentetzarako hautagai nagusiak

Hiru dira presidente bilakatzeko aukera dutenak: Ivan Cepeda ezkerrekoa; Aberlardo de la Espriella ultra; eta Paloma Valencia eskuinekoa.

(ID_16114728) COLOMBIA ELECCIONES
Pertsona batzuk Ivan Cepedaren mitin batean La Boquillan, maiatzaren 23an. RICARDO MALDONADO POZO / EFE
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte gaur Kolonbian, eta hiru dira hautagai nagusiak: Ivan Cepeda ezkerrekoa, Abelardo de la Espriella ultra eta Paloma Valencia uribista. Inkesta gehienen arabera, gaur Cepedak lortuko du boto gehien: %35 eta %45 artean. Ezustekorik ezean, ordea, ez du %50en langa gaindituko, eta, orduan, bozen bigarren itzulia egin beharko dute. Zundaketek diotenez, De la Espriella izango du arerio.

Ivan Cepeda

Justizia soziala ipar

Batez ere giza eskubideen eta justizia sozialaren defentsan oinarritzen du bere diskurtsoa Ivan Cepeda (Bogota, 1962) Kolonbiako ezkerraren presidentegaiak. Hala zen duela zenbait urte, esparru horretan lanean hasi zenean, baita azken urteetan ere, politikaren lehen lerrora jauzi egin duenetik. «Oso koherentea da», esan zion martxoan berripaper honi Sinar Alvarado kazetari venezuelarrak, legebiltzarrerako bozak egin bezperan.

Ordezkarien Ganberako kide izan zen Cepeda 2010etik 2014ra, eta senataria da ordutik. Parlamentaririk onena aukeratzeko egindako inkestetan, lehen postuetan agertu izan ohi da. Bake prozesuei buruzko batzordeetan nabarmendu izan da batik bat.

Cepedak paramilitarren eta politikarien arteko loturak dokumentatu ditu; esaterako, Alvaro Uribe presidente ohiaren (2002-2010) adibidea jarri zuen. Uribek Cepedaren kontra egin zuen horregatik, baina auzitegiek Uribe bera zigortu zuten. Horregatik, adibidez, «ausardia» aitortzen dio.

Cepedak bere larruan nozitu du estatuaren jarduna. 1994an haren aita hil zuten, Manuel Cepeda Batasun Patriotikoa ezkerreko alderdiko senataria; Giza Eskubideen Batzorde Amerikarrak (CIDH) 2010ean ebatzi zuen estatuak agindu zuela hilketa hura.

(ID_16115147) COLOMBIA ELECCIONES
Ivan Cepeda La Boquillan (Kolonbia), aurreko astean. RICARDO MALDONADO ROZO / EFE

Hain zuzen, estatuko biktimen mugimenduaren bueltan zizelkatu du bere ideologia —Filosofian lizentziatua da, eta master bat du Nazioarteko Zuzenbidean—, eta esana dauka presidentetzara helduz gero biktimak «erdigunean» jarriko dituela. Dioenez, Kolonbiak arazo bat du: makroustelkeria. Pentsatuta dauka Makroustelkeriaren Aurkako Sistema Nazional bat martxan jartzea.

Iraultza hirukoitz bat proposatzen du, finean: etikoa, ekonomikoa, eta politikoa. Eta efektistatzat har daitekeen neurri sinboliko bat planteatzen du: gobernuko kideen diru sarrerak murriztea. «Nire gobernuko kideak kolonbiar gehienak bizi diren bezala biziko dira».

Abelardo De la Espriella

Eskuin mutur klasikoaren ordezkaria

Ultraeskuineko liderrek esan ohi dutena esaten du Abelardo de la Espriellak ere (Bogota, 1978): ez dela eskuin muturrekoa. Baina bai, bada, hautagai gisa proposatzen duen horrek gizarte planteamendu ultrakontserbadoreak eta planteamendu ekonomiko neoliberalak uztartzen baititu. 

Esaterako, familia du gizartearen zutarri nagusitzat, baita jainkoan sinestea ere. Horra bere aurkezpen txartela presidente izateko. Batez ere sare sozialez baliatzen da mezuak zabaltzeko. «Politika tradizionala» ez du gustuko. Horretan, hortaz, aurrerakoia da bi magistraturen semea, abokatu penalista, bere burua «herri mugimenduaren» lidertzat daukana.

Izan ere, dioenez, estatutik bizi izan ez direnen ordezkari izateko asmoa du. Estatu egiturak argaldu nahi dituela, alegia; zerga gutxiago, beraz. Hori bai, aurre egin nahi die herrialdearen egiturazko arazoei: osasun sistemaren narriadurari, goseari —6,6 milioi kolonbiarrek, herritarren %12k, behar adina jateko arazo larriak dituzte, apirilean Munduko Elikadura Programak kaleratutako txosten baten arabera—, pobreziari... Nola? Ez du zehaztu. Esan duena da armada indartuko duela. 

(ID_16077705) COLOMBIA ELECCIONES
De la Espriella mitin batean Calin, maiatzaren 25ean. ERNESTO GUZMAN / EFE

Meritokrazia defendatzen du. «Kexatzen ez direnak, lanera joaten direnak ordezkatzen ditut». Herritar arrunt moduan saldu nahi du bere burua; joan den urrian, ordea, zapata batzuk salgai jarri zituen Interneten, bost milioi peso kolonbiarrean; hau da, 1.100 euro inguruan. Gutxieneko soldata 1.1 milioi peso kolonbiarrekoa zen iaz; 275 euro inguru.

Agur militarra egin ohi du jendaurrean, eta mezu efektistak hedatzen ditu. Iaz esan zuen, adibidez, presidente bihurtuz gero uko egingo liokeela kargu hori edukitzeagatik dagokion soldatari. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Javier Milei Argentinakoak ere antzeko neurriak planteatu izan dituzte. Eskuin muturrekoak biak, Santiago Abascal Voxeko presidentea bezalaxe; hain justu, De la Espriella harekin bildu zen urtarrilean.

Erreforma «transzedentalak» egin nahi ditu, «oinarri gisa» akordio batzuk ezarriz. Baina horiek «printzipio batzuk» errespetatu behar dituzte, «joko politikoa» baztertuta.

Paloma Valencia

Uriberen hautagaia

Paloma Valencia (Popayan, Kolonbia, 1978) da uribismoaren hautagaia Kolonbiako presidentetzarako bozetan, eta horrekin dena esanda dago. Alvaro Uribe herrialdeko presidente izandakoak (2002-2010) Valenciaren hautagaitza hauspotu du, iruditzen baitzaio hura izan daitekeela eskuin tradizionala berriro agintera eraman dezakeena. Eta Valenciak kanpainan esan du presidente aukeratzen badute Uribe bera Defentsa ministro izatea proposatuko duela.

Egonkortzeko, sendotasuna du lelo Valenciaren kanpainak, eta, besteak beste, planteatzen du, hortaz, defentsan gastua handitzea. Osasun sistema ere indartu nahi du, baina hori finantzatzeko bidea ez lirateke zergak izango; izan ere, murriztu nahi du sozietateen gaineko zerga, eta kendu ondarearen gainekoa. Zor publikoari dagokionez —inoiz baino handiagoa da—, horri buruz nazioarteko erakundeekin negoziatzeko intentzioa dauka. Bestalde, dioenez, frackinga baliatuta aurre egin asmo dio energiaren krisiari, baina «ingurumenarekin arduraz» jokatuta.

(ID_15982965) COLOMBIA ELECCIONES
Paloma Valencia mitin batean apirilaren 13an, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE

Valencia ez da hasiberria politikan. Familia kontserbadore boteretsu batekoa da, eta zuzenbidean eta filosofian lizentziatu zen. Analista politiko jardun zen hedabideetan, eta 2014tik senataria da; azken legegintzaldian Gustavo Petro jarduneko presidentearen aurkako oposizioaren ahots nabarmenenetako bat izan da. Elkarrizketarako gaitasuna aitortzen dio bere buruari. «Santosen, Duqueren eta Petroren gobernuekin lege proiektuez negoziatzeko gai izan naiz», adierazi zion duela aste batzuk El País egunkariari, elkarrizketa batean.

Auzi batzuetan, berriz, gotortu egiten da. Esaterako, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillak eta Bogotak 2016n sinatutako bake akordioaren aurka agertu zen; abortuaren kontra ere badago. Bozak irabazten baditu, Kolonbiako lehen presidente emakumezkoa izango da, eta, hain zuzen, kanpainan ari da nabarmentzen badela garaia emakume bat herrialdeko presidente izateko. Ez du bere burua feministatzat. Ana Bejarano abokatuak Cambio aldizkarian idatzitako zutabe batean azpimarratu zuenez, Valenciarena «emakumezko ahotsa» duen kanpaina bat da, «baina ez emakumezkoentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA