Kolono israeldarren erasoek atakan jarri dituzte palestinarrak Zisjordanian

Israelgo armadak dozenaka palestinar atxilotu ditu azken egunotan Nablus inguruan, joan den asteburuko istiluen ondotik.

Israelgo armadak okupatutako etxebizitza bat, atzo, Tell herrian. MAGDA GIBELLI / EFE
Israelgo armadak okupatutako etxebizitza bat, atzo, Tell herrian. MAGDA GIBELLI / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko uztailaren 29a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ez da baretu joan zen asteburuko liskar giroa, eta kolonoek palestinarrei eginiko erasoek ez dute etenik Zisjordanian. Israelgo armadak beste hamabi lagun atxilotu ditu bart iparraldeko Nablus eskualdeko zenbait herritan; dagoeneko dozenaka eraman dituzte atxilo ostiralaz geroztik, Tell herriko istiluen harira, hain zuzen. Egun horretan, kolono israeldarrek eraso bat egin zuten, eta ondoren piztutako istiluetan lau palestinar, kolono israeldar bat eta Israelgo armadako soldadu bat hil ziren.

Are, asteburuan, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak jakinarazi zuen Zisjordaniako operazio militarra areagotzeko agindu zuela, «ekintza terroristak» identifikatzeko xedez. PAN Palestinako Aginte Nazionalak egunotan ohartarazi du «inoiz ez bezala» ari direla areagotzen Israelgo armadaren sarekadak.

Gaur bertan, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak, Ravina Shamdasanik, ohar bidez salatu du are gehiago ari dela larriagotzen kolonoen indarkeria eta Palestinako lur gehiago anexionatzen ari direla: «Asaldatu egiten gaituzte kokaleku gehiago ezarriko dituztela-eta Israelgo Gobernuak egindako iragarpenak eta agintariek komunitate palestinarrez mendekatzeko eta haiek zigortzeko egin dituzten deiek». Zisjordania «beste Gaza bat» bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du. Gogoratzekoa da Nazioarteko Justizia Auzitegiak duela bi urte ebatzi zuela Israelen okupazio politikek nazioarteko legedia urratzen zutela —auzitegi horren ebazpenak ez dira lotesleak—.

Nablus inguruko atxiloketez gain, zenbait kolonok su eman diote bart zortzi senideko familia baten etxebizitzari, Betleemdik gertu den Abu Njeim herrian, eta Ilargi Gorriak ebakuatu egin behar izan ditu. Handik gertu, Beit Sahour herriaren bueltan, kolonoek are kokaleku gehiago ezarri dituzte Israelgo armadaren laguntzaz. Eta hegoaldeko Hebron hiritik hurbil, kolono batzuek bi gazte bahitu zituzten atzo gauean. Horren guztiaren berri eman du azken orduetan Wafa Palestinako albiste agentziak.

Bestalde, Israelgo armadak Gazari erasotzen jarraitu zuen atzo, eta gutxienez palestinar bat hil zuen, eta dozenatik gora zauritu. Gaza hiriko Yarmuk auzoko Al-Muttaqin meskita txikitu zuten eraso horietan, baita inguruan ziren gordelekuak ere, zeinetan aterpe hartzen zuten desplazatutako hainbat gazatarrek. Al-Jazeera hedabideak kaleratu zuenez, aterperik gabe geratu dira ehunka lagun horren ondorioz.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA