Lau egun daramatzate etxetik atera ezinik. Ez dute ez urik, ez argirik, eta jakiak bukatzear dituzte. Israelgo kolonoek haien etxebizitzak inguratu dituzte, ura eta argindarra eten, eta ez diote inori uzten bertatik ateratzen edo bertara sartzen. Hala, beldurra eta ziurgabetasuna nagusitu dira Zisjordaniako lurralde okupatuetan bizi diren hiru familia palestinarren artean.Â
Igande gaualdean iritsi ziren kolonoak Qusra herriko hiru etxe horietara. Harriz josi zuten bertako errepidea lehenik, etxeetako sarbidea trabatzeko. Ondoren, karpak, kanpadendak, koltxoiak eta mahaiak ipini zituzten horien inguruan, eta palestinarrei adierazi zieten bertan geldituko zirela haiek etxetik atera arte.
Ordutik, Zisjordaniako hiru familia horienganako presioa areagotu egin dute kolonoek; haien etxeetako patioetan sartu dira, besteak beste. Familiek sare sozialetan salatu dute elikagairik eta sendagairik gabe geratzear daudela, eta Israelgo armada ez dela «zinez saiatu» kolonoak bertatik kanporatzen.Â
Izan ere, atzo arte, soldaduek ez zuten esku hartu. Aitzitik, azken egunotan tokiko Poliziek israeldar erradikalekin otoitz egin dute, haien karpetan eseri dira, eta kolonoei argazkiak atera dizkiete. Hala erakutsi dute etxebizitzetako jabe diren palestinarren segurtasun kamerek. Gainera, Israelgo soldaduek etxe horietara gerturatzea debekatu diete kazetariei eta familiei laguntza eskaintzera zihoazenei, «eremu militarra» dela argudiatuta.
Atzo, ordea, Israelgo armadak ohar batean adierazi zuen tokiko poliziek «lehen saiakera» egin zutela kolonoak Quandratik kanporatzeko. Kolonoek igandean ipinitako karpak eta kanpadendak kendu zituzten atzo, baina aulkiak eta koltxoiak bere hartan geratu dira. «Oraindik hor daude, gu inguratzen. Koltxoiak, maindireak eta aulkiak jarri zituzten gure etxe aurrean, eta han geratu dira. Setiatuta jarraitzen dugu», azaldu dio EFE berri agentziari Qusay abu Ridik, kolono israeldarrek inguratu duten etxe baten jabeak. «Bi edo hiru egunerako jana baino ez dugu. Eta inork ezin badigu janaria eman, ez dakit zer besterik egin dezakedan», gehitu du Ridik.
Egoera geroz eta larriagoa den arren, setiatutako familia palestinarrek nabarmendu dute ez dutela amore emango, eta, datorrena datorrela, ez dizkietela kolonoei beren etxeak utziko. «Kolonoz inguratuta gaude, baina tinko eutsiko diogu», adierazi dio etxean harrapatuta dagoen emakume batek Al-Jazeera hedabideari. «Etengabe eraso egiten diguten arren, etxean geratuko gara, lurperatzen bagaituzte ere», gaineratu du.
«Pauso bat garbiketa etnikoan»Â
B’Tselem Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideen Informazio Zentroa setio horren gainean mintzatu da, eta ohar batean adierazi du kolonoak Qusra herrian egiten ari direna «beste pauso bat» dela «garbiketa etnikoan». Gainera, Israelgo GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek azpimarratu du ez dela gertakari bakan bat.Â
«Kolonoen miliziak, Israelgo armadaren laguntzarekin, erasoak areagotzen ari dira Palestinako herrietan, lurrak hartuz, etxeetan eraso eginez eta familiak indarrez kanporatuz», adierazi du GKEko zuzendari Yuli Novak oharrean. Zisjordaniako garbiketa etnikoa «azkartzen eta hedatzen» ari direla «begi bistakoa» dela ere gehitu du.
GKEak ohartarazi duenez, 2023ko urriaz geroztik, Israelek 64 komunitate palestinar osorik lekualdatu ditu Zisjordanian, baita beste hamabost «partzialki» kanporatu ere. Azken hiru urteetan, hortaz, 4.800 palestinarri baino gehiagori eragin die kolonoen okupazioak —2.300 adingabeak dira—.
Hamas Palestinako hauteskundeEtara aurkeztuko da
Hamas talde islamistak Palestinako hauteskundeetan parte hartzeko asmoa du. Hala adierazi zion atzo Hussam Badran Hamaseko bulego politikoko kideak Al-Aqsa telebista kateari. Badranek azaldu zuen «koalizio nazional zabal» baten barruan aurkeztuko zela talde islamista, eta azpimarratu zuen hauteskundeak «Palestinako egoera aldatzeko eta bi hamarkada iraun duen aldebakarreko boterea amaitzeko aukera historikoa» direla.Â
Â
Hauteskundeak azaroaren 28an egingo ditu Palestinako Kontseilu Legegileak. Kontuan hartu beharra dago hogei urtean lehen aldiz egingo direla hauteskundeak Palestinan. Izan ere, 2006ko urtarrilean Hamas nagusitu zenean egin ziren azkenak; talde islamistak 74 eserleku lortu zituen, eta Fatah alderdiak, PAE Palestina Askatzeko Erakundea kontrolatzen duenak, berriz, 45.
Â
Badranek adierazi zuenez, Palestinako fakzio gehienak, Hamas barne, hauteskunde horietara aurkezteko ezarri dizkieten baldintzen aurkakoak dira. Izan ere, bozetara aurkezten diren alderdiek formalki aitortu behar dute PAE dela Palestinako herriaren ordezkari legitimo bakarra —urte luzez Hamasekin gatazkak izan ditu erakunde horrek—.