Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gatazkari amaiera emateko bide orri bat adostu dute herrialdeko gobernuak eta M23 Martxoak 23 gerrillak. Bi aldeetako ordezkariek Printzipioen Adierazpena deitu dioten dokumentu bat sinatu dute gaur, Dohan —Qatar ari da bien arteko bitartekari lanetan—. Nazioarteko zenbait hedabidek dokumentua irakurri ahal izan dute, eta han jasotakoak xehatu dituzte: elkarri eraso ez egitea adostu dute bi aldeek, baita «gorroto propaganda» albo batera uztea, eta lur gehiago hartzeari uko egitea ere.
Gaurko ituna urrats bat da behin betiko bake akordio bat egiteko bidean, eta hurrengo pausoen berri ere eman dute: gaur hartutako konpromisoak uztailaren 29a baino lehen abian jarriko dituztela zehaztu dute; ondoren, abuztuaren 8an hasiko dituzte behin betiko akordiorako negoziazioak. Hil horren amaierarako izenpetu nahiko lukete bake hitzarmena. Ekainaren 19an, Ruandako Gobernuak eta Kongoko Errepublika Demokratikokoak ere aurreakordio bat sinatu zuten, helburu berarekin.
Duela bi hamarkada piztu zen gatazka herrialdearen ekialdean, baina urte honen hasieran areagotu egin zen; hain justu, urtarrilaren 27an, M23k Goma hiria hartu zuenean. Otsailean, berriz, hego-ekialdeko Bukavu hiria okupatu zuten. Bi hilabete horietan, 8.500 lagundik goiti hil ziren Kongoko Errepublika Demokratikoan.
M23ko gerrillariak tutsiak dira nagusiki, eta Ruandari talde hori «laguntzea» leporatzen diote bai NBE Nazio Batuen Erakundeak, bai AEBek eta bai Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak. Ruandak ukatu egiten ditu akusazioak, baina NBEk salatu du matxinoek 4.000 soldaduren baino gehiagoren «babesa» dutela herrialde mugakidean. Ruandak eta M23 gerrillak, berriz, Kongo Errepublika Demokratikoko armadari egotzi diote FDLR Ruandaren Askapenerako Indar Demokratikoarekin elkarlanean aritzea —hutuak dira—.